Kolonoak armatzen eta entrenatzen ari da Israel, «iraileko istiluetarako»

Besteak beste, negar egiteko bonbak eta zorabiarazteko granadak eman dizkie armadak Zisjordaniako kolonoei

Jon Fernandez.
2011ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Datorren irailaren 23an Palestina estatu independente gisa aitortzeko eskaria egingo du Mahmud Abbas PANeko presidenteak NBEn, eta Israel prestatzen ari da etor daitekeen aro berrirako.Israelgo armada Zisjordaniako kolonoak armatzen eta entrenatzen hasi da, «Palestinaren independentzia aldarrikapenaren ostean sor daitezkeen istiluetan beren burua defendatu ahal izateko». Udako Haziak izena jarri diote kolonoak militarizatzeko operazioari.

Irailean, independentzia aldarrikapenaren ostean, palestinarrek «herri matxinada» egin dezaketela uste du Israelgo armadak, Haaretz egunkariaren arabera. Erasoak espero dituzte «komunitate israeldarren, hezkuntza zentroen zein estatuko sinbolo juduen kontra». Hori horrela, zorabiarazteko granadak eta negar egiteko bonbak ari dira ematen Zisjordaniako kolonietan bizi diren juduei.

Marra gorriak

«Israelgo Indar Armatuok elkarrizketa profesionalak izan ditugu kokalekuetako liderrekin eta segurtasuneko langileekin. Baliabide ugari inbertitu ditugu agenteak defentsa lanerako entrenatzeko eta edozein gertakaritarako prest egoteko», adierazi du Israelgo armadako bozeramaile batek. Zisjordaniako Shiloh eta Lachis gune militarretan ari dira kolonoak entrenatzen azken asteotan.

Kolonoak armatzeaz gain, agindu zehatzak zabaldu dizkie armadak. Alegiazko marra gorri bi ezarri dituzte kolonia bakoitzean. Manifestari palestinarrek lehen marra —koloniatik urrunen dagoena— zeharkatuz gero, negar egiteko bonbak jaurti ahal izango dituzte kolonoek, eta manifestariak sakabanatzeko bestelako teknikak ere erabili ahal izango dituzte. Bigarren marra gorria —kolonengandik gertuen dagoena— igaroz gero, berriz, palestinarren kontra tiro egin ahal izango dute; baina hanketara baino ez dute tiro egingo, Israelgo armadaren arabera. Avi Mizrahi Lurreko Komandoko komandanteak «palestinarrek mehatxatzen dituzten kasuetan» izan beharreko jokabidearen gaineko argibide zehatzak helarazi dizkie kolonoei.

Bestalde, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa Palestinako estatuaren balizko mugak aztertzen ari da, Haaretz egunkariaren arabera. Danny Terza koronelak eta Netanyahuk mugen inguruko hainbat bilera egin dituzte azken hilabeteetan.

Israelgo koloniak Zisjordaniatik ateratzeko mapa marrazten aritu zen Terza Ehud Olmert Israelgo ministro ohiarentzat 2006 eta 2009 bitartean.Tel Aviveko gobernuak baieztatu egin ditu Terza eta Netanyahuren arteko bilerak, eta hortaz, lehen ministroa ofizialki mugen gainean lanean ari den lehen aldia da. Simon Peres Israelgo presidentearekin ere bildu da Netanyahu mugei buruz hitz egiteko; halere, orain arteko bileretan ez dute mapa bakar baten inguruko adostasunik lortu.

Mugen gainean zalantzarik ez duen bakarra Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentea da. NBE Nazio Batuen Erakundean 1967ko mugak errespetatuko dituen Palestinako estatu gisa sartzea eskatuko du irailean; Gaza, Zisjordaniako lurralde okupatuak eta Jerusalem Ekialdea barne hartuko lituzke. «Bake negoziazioei atea itxi dietelako eskatuko dugu NBEn Palestinako estatuaren aitortza», esan zuen iragan asteburuan Abbasek. NBEko Batzar Nagusiko bozketagatik lasai dago Abbas, palestinarren garaipena bermatuta baitago; NBEko 193 herrialde kideetatik 122k jada estatu gisa onartzen dute Palestina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.