Kolonoek Israelgo base militar bati egindako erasoa gaitzetsi du Tel Avivek

Hamasek dio PAN adiskidetze nazionala oztopatzen ari dela; Unescon Palestinako bandera jarri dute

2011ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Eskuin muturreko hainbat ekintzailek eta kolono juduek Israelek Zisjordanian duen base militar bati eraso egin zioten atzo. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak erasoa «onartezina» dela adierazi zuen, eta gertakaria ikertzeko presako bilerara deitu zuen. Netanyahuren atzetik, Simon Peres herrialdeko presidenteak eta Ehud Barak Defentsa ministroak ere agerpen publikoak egin zituzten gertakaria gaitzesteko. Atzo bertan Nabulusetik gertu kolono juduek palestinarren aurka Asira al Kiblija hirian egin duten erasoari buruz, ordea, ez dute ezertxo ere esan.

50 lagun inguruk harriak jaurti zituzten Zisjordaniako lurretan Israelek duen base militar baten aurka. Horrez gain, pneumatikoei su eman zieten, eta ibilgailu militarrak kaltetu zituzten. Israelgo Auzitegi Gorenaren aginduz armada kolonia bat eraistekotan delako egin dute erasoa. Beste hainbat ekintza ere egin dituzte, besteak beste, Zisjordaniako errepide nagusi batean trafikoa oztopatu zuten. Sututa mintzatu zen Netanyahu eta militarrek arreta guztia herritarrak babestean jarri behar dutela esan zuen. Erasotzaileek legea «bortizki» urratu dutela salatu du. Ez dute oraingoz gertakariekin harremana duen inor atxilotu.

Nabulusetik hegoaldera dagoen Asira al Kiblija hirian aldiz, palestinarren hainbat etxebizitzei harriak jaurti zizkieten. Horrez gain etxe bati su ematen saiatu ziren, eta hainbat ibilgailu ere kaltetu zituzten. Lekukoek erasoa 200 lagun inguruk egin dutela salatu dute. «Antolatutako milizia bat ziruditen», adierazi du bizilagun batek.

Laukoteari eskakizuna

Bestalde, nazioarteko hogei gobernuz kanpoko erakundek —AIAmnesty International, HWR Human Rights Watch eta Oxfam International, tartean— Israeli presio egiteko eskatu diote Ekialde Hurbilerako Laukoteari —AEBak, Errusia, EB Europako Batasuna eta NATOk osatutako erakundea—. Israelek kolonia politika bertan behera utz dezan exijitzea nahi dute.

Laukotea bitartekari palestinarrekin eta israeldarrekin bildu da atzo eta gaur, 2010eko irailetik etenda dauden bake negoziazioak berriz ere martxan jartzeko eskatzeko. GKEek, baina, palestinarrek bizi duten egoera ez ezagutzea leporatu diote Laukoteari. Aurten kolonia politika bereziki gogora egiten ari da Tel Aviv. Azken hamabi hilabetetan okupatutako lurretan 4.000 etxebizitza eraikitzea onartu du, besteak beste.

Adiskidetze nazionala

Bestalde, PAN Palestinako Aginte Nazionala palestinarren batasun nazionala bideratzeko akordioa oztopatzen ari dela salatu du Hamasek.

Adiskidetze bidean urrats gutxi eman dituztela kritikatu du alderdi islamistak. Atxiloketa politikoek ere egoera baretzen laguntzen ez dutela dio, eta Al Fatari Zisjordanian preso dituzten 104 kideren izenak eman dizkio. Akordioa adostu zutenean, maiatzean, Hamaseko 35 kide besterik ez zeuden preso Zisjordanian. Iragan azaroaren 24an Egipton bildu ziren Mahmud Abbas PANeko burua eta Jaled Meshal Hamas alderdiko burua, akordioa bideratzeko eta epeak zehazteko. Bileraren ondotik, «ezadostasun guztiak» konpondu zituztela adierazi zuten bi aldeek, baina ordutik ez dute aurrerapauso nabarmenik eman.

Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak Parisen duen egoitzan, berriz, Palestinako bandera ezarri zuten, atzo. Urriaren 31n onartu zuten erakundeko kide oso bilakatzeko eskaera. Abbas ekitaldian izan zen eta Estatu Palestinarraren lehen onarpena izan dela adierazi zuen. «Israelgo Estatuaren aldamenean bakean biziko den estatu independentea lortzeko lehen urratsa» izatea espero du PANeko buruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.