EKIALDE HURBILEKO GATAZKA. GAZAKO ERRETIRATZEA

Kolonoek soldaduen sarrera trabatu eta uko egin diote etxeak uzteari

Gazako erretiratzea ez dela nahikoa dio Abbasek; Sharonek ezinbestekotzat jo du

KRISTINA BERASAIN - NETZER HAZANI
Berria
2005eko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
«Geldi. Gazara sartzea eta bertan egotea legez debekatuta dago. 2005. urteko abuztuaren 15a». Gauerdia da Kissufimen. Israelgo Armadak ekitaldi sinbolikoa egin du bertan. Gazako mugako langa jaitsi dute jeneralek. Gazara sartzea debekatzen duen kartela paratu dute ondoren. Hebraieraz eta ingelesez irakur daitezke letra zuriak fondo gorrian. Helikopteroen argiak zeru ilunean. Hogeita hemezortzi urteko okupazioari amaiera jartzeko aurreneko ekitaldi mediatikoa izan zen. Mundu zabaleko ehunka kazetari autobusetan eraman dituzte Kissufimera. Argazkia atera zezaten zen helburua. Gau eta egun luze bat izango zuten gerora.

Gazako kokaguneetan kolonoak eta hauei sostengua ematera joandako milaka juduak baino ez daude. Atera bai, baina sartu kazetariak dira soilik asteazkena bitartean barrura sar daitezkeen bakarrak. Aurretik, baina, tramite nekagarriak eta ilara luzeak egin eta, segurtasunaren aitzakian, mugimendu askatasuna urratzen dituzten baldintzak onartu behar izan dituzte. Autobusak goizaldeko hiruretan dira abiatzekoak. Eskholen gutxienez hogeita bat autobus daude zain. Autobus bat kokagune bakoitzeko. Denetara ezin dutela abiatu jakinarazi du Armadak, ordea. Kolonoek ez dietela sartzen utziko iragarri dute goizeko ordu txikietan. Aurreneko asmoa aldatu beharra dago. Kaosa nagusi. 04:30ean abiatu dira azkenean autobusak.Netzer Hazani kokagunera joatea egokitu zaio berriari. Netzarim edo Neve Dekalimera joateko aukerarik ez du. Netzarimgo kolonoek soldaduen sarrera oztopatuko dutela iragarri dute. Neve Dekalimera joateko autobusa, berriz, beteta dago jada. Poliziaren patruila bat aurretik doa. Kissufimgo muga pasa ondoren, hala ere, Poliziaren kontrol bat pasa behar izan dute. Gazaren barrena poliki doa autobusa gauaren erdian. Kokagunera iristeko kilometro bi gelditzen direnean, berriro gelditu da. Kolonoek barrikada bat jarri dute errepidean. Bi farola gurutzatu dituzte. Soldaduek minutu luze batzuk behar izan dute bidea zabaltzeko. Errepidean gurpilak zulatuko dituzten iltzeak aurkitzearen beldurrez, aurretik oinez joatea erabaki dute soldaduek. Netzer Hazaniko sarreran kolonoak daude zain. Gazan argitzen hasi du. Goizeko 6:00ak dira. Gush Katif kokagune multzoaren iparraldean dago Netzer Hazani. Orotara 79 familia bizi dira eta horien artean bakarrak utzi du kokagunea. Anita Tucker (59) kolonoak harrera egin dei kazetariei. «Ni ez naiz hemendik mugituko. Hau nire etxea da». Izan dira bere aurreneko hitzak.Alemanian, Polonian, Austrian eta Hungarian bizi izan zen, naziengandik ihesi. Ameriketako Estatu Batuetara joan zen gero eta 1969an, Israelera. Beer Shevan bizi ondoren, hogei urte daramatza kokagunean. «Bost seme-alaba eta hi iloba ditut eta eurekin egongo naiz etxean soldaduen zain. Gure esku dauden baliabide guztiak erabiliko ditugu hemen gelditzeko, indarkeria izan ezik; gure izateko moduarekin bat ez datorren jarrera da. Gaur bertan milaka apio aldaxka landatu ditut nire negutegietan eta hemendik aste batzuetara bilduko ditut».Kokagunearen sarreran pilatu dira kolonoak goiz-goizetik. Liburu sakratuak dituzte eskuetan eta Tora legeengatik otoitz egiten ari dira etengabe. Zirkulu bat osatu eta bueltaka hasi dira denak batera. Gizonezkoek kippa daramate buruan eta emakumezkoek gona luzeak eta zapi bat buruan. Soldaduen zain daude. Etxeak uzteko 48 orduko epea dutela dioen agiria banatzeko zeregina zuten atzo soldaduek. Kolonoek, baina, soldaduen sarrera oztopatu zuten kokagune gehienetan. Netzer Hazanira goizeko 11:00etan iritsi dira soldaduak, hiru autobusetan. Sarreratik 100 metrora gelditu dira. Kolonoak are ozenago hasi dira otoi egiten. Orain arte palestinarren erasoetatik babesteko erabili dituzten txarrantxak eta hesiak soldadu israeldarren sarrera eragozteko baliatzen ari dira. Kolonoen ordezkariekin hitz batzuk partekatu ondoren, soldaduek alde egitea erabaki dute. Segur aski, gaur berriro bertaratuko dira.Avi Abelow (31) kolonoei sostengua ematera joan da kokagunera. «Lana, emaztea eta seme-alabak utzi ditut lagun hauei laguntzeko». Jerusalemetik iritsi zen, duela bi aste. «Sharonen egitasmoa bertan behera utziko dugula ziur gaude. Erresistentzia egiteko plan bat dugu eta hemen gauden minutu bakoitza garaipen bat da». Ariel Sharon Israelgo lehen ministroaren planari moralik gabea, antidemokratikoa eta etikaren aurkakoa iritzi dio. Sinagogara otoi egitera joango da. «Jainkoari plan hau gelditzeko eskatzen ari gara, berarengan sinesten dugu eta badakigu gurekin dagoela». Hetzer Hazani kokagune ultraortodoxoa da eta komunitate nortasun handia dagoela sumatzen da. Kolonoek maiz elkar besarkatzen dute. Sinagogaren aurrean dagoen eraikinean pintada bat egin dute: Gush Katif forever (Gush Katif betiko). Herritarrek euren ondasunak paketatu dituzte, baina euren etxeetan jarraitzen dute.

Sharon eta Abbas

Ariel Sharonek agerraldia egin zuen iluntzean telebistaz. «Errealitate berrien gaineko erantzuna da hau. Gazatik erretiratzea ezinbestekoa da Israelentzat, samina eragiten badu ere. Gaza ezin dugu betiko gure esku eduki, milioi bat palestinar bizi dira bertan». Netzer Hazaniko kolono batzuek telebista piztuta dute. «Ez zaigu interesatzen zer dioen. Mar, mar, marÉ». Kolonoen agonia aintzat hartzen duela dio Sharonek.

PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek, berriz, historikotzat jo zuen erretiratzea, dena den, nahikoa ez dela nabarmendu zuen: «Jerusalem Ekialdetik eta Zisjordaniatik erretiratzea da hurrengo pausoa». Palestinako Legebiltzarrerako bozak urtarrilaren 21ean izango zirela iragarri zuen. Palestinarrek erretiratzea ospatu zuten atzo hainbat hiritan erretiratzea ospatzeko ekitaldi ofizialak urrian egingo dituzte.Netzer Hazanin ilundu du. Soldaduak ez, umeak dira etxez etxe ibili direnak. Gure zoriontasunak bideko edozein gauzari aurre egiten laguntzen gaitu. Lelo hori dituzten afixak banatzen ari dira kolonoen artean. Hurrengo urtean elkar ikusiko dugu Netzer Hazanin, dio berriz, kazetariei banatutako oharrak.

-

Desegingo dituzten kokaguneak



 

Gaza





Rafia Yam (1984): Bikote gazteek eratu zuten. Erlijiosoa eta sekularra da. Kolonoek kokagunean jarraitzen badute ere, gauzak paketatu dituzte. Hogeita bost familia bizi dira, hau da, ehun pertsona inguru.

Slav (1980): Hiru familia bizi dira. Israelgo Armadaren basea dago.


Peat Sade (1989): Erabat hustuta dago. Hiru familia baino ez dira gelditzen. Orotara 20 familia eta 110 pertsona bizi dira. Horietako 70 haurrak dira.

Gan Or (1983): 50 familia bizi dira.

Gadid (1982): Orotara 60 familia. Frantziatik joandako beste 15 familia bizi dira.

Bedolah (1986): Soldaduen eta kolonoen artean negoziazioak izan dira. Armadak ezin izan du barrura sartu. Orotara 33 familia eta 220 pertsona bizi dira.


Bnei Atzmon (1978): 70 familia eta 592 pertsona daude.

Kerem Atzmona (2001): Bnei Atzmonen eta Moragen bizi ziren bost familiak sortu zuten eta egun hamabost familia bizi dute, orotara 60 pertsona. Kolonoek soldaduak ez bertaratzeko eskaera egin dute.


Morag (1972): Soldaduak bertaratu diren arren, kolonoek eskaera jasotzea baztertu dute eta haien aurkako irainak bota dituzte. 29 familia bizi dira.


Neve Dekalim (1983): Gush Katifeko kokagune handiena da eta, hartara, hiriburu administratiboa. 500 familia eta 2.600 pertsona inguru bizi dira bertan.


Kfar Yam (1983): Tel Avivekiko aginte independentea aldarrikatu dute. Bi familiak sortu zuten; egun lau bizi dira.

Shirat Hayam (2000): Hamasei familia bizi dira, hogeita sei ume daude tartean.

Ganei Talb (1979): 60 familia bizi dira. Ekitaldi kultural ugari egiten dituzte.

Katif: Kolonoek herenegun gauean soldaduak ez bertaratzeko eskaera egin zuten.

Tel Katifa (1992): Hamabost familia bizi dira.

Netzer Hazani (1973): Orotara 79 familia eta 500 pertsona inguru bizi dira.

Kfar Darom (1967): Kolonoek herenegun gauean soldaduak ez bertaratzeko eskaera egin zuten. Kokagune zaharrena da. 65 familia eta 400 pertsona bizi dira.

Netzarim (1972): Kolonoek herenegun gauean soldaduak ez bertaratzeko eskaera egin zuten. Hirurogei familia eta 400 pertsona.

Nisanit (1980): Soldaduek alde egiteko eskaera egiten duen papera banatu zuten kokagunean gelditzen diren kolono gutxien artean. Iparraldeko kokagune handiena da. Askhelonen egiten dute lan.


Dugit (1990): Erabat hustuta dago. Kolonoak beren kabuz joan ziren. Hogei familia eta 70 pertsona bizi dira. Arrantzatik eta turismotik bizi ziren.

Elei Sinai (1983): Kolono guztiak beren kabuz joan ziren. Sinai penintsulatik joandako juduak ezarri ziren bertan. Orotara 85 familia eta 350 pertsona bizi ziren. Askhelon hirian egiten zuten lan gehienek.

Zisjordania:





Ganin (1983): Kokagune sekularra da. Orotara hogeita hamar familia bizi dira.

Kadim (1983): Hogeita bost familia.

Homesh (1978): Erlijiosoa eta sekularra da. Hogeita hamar pertsona bizi dira. Segurtasuna bermatzeko, muino baten gainean dago.

Sa-Nur (1977): Istilu txikiak izan dira. Hamabost familia daude, tartean artisauak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.