Kolpe gogorra

Ehunka mila pakistandarrek bat egin dute Benazir Bhuttoren jarraitzaileekin, haren hilketa salatzeko; erasoak kezka eta beldurra zabaldu du etorkizunari buruz.

SALE PRAGNJEVIC ISLAMABAD
2007ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Rawalpindin nengoen hilketa gertatu zenean. Leherketa hotsa entzun nuen, baina eraso suizidak egunerokoak dira herrialde honetan, beraz, ez nion arreta handirik jarri. Albisteak ikusi nituenean nire bizitzako ikara hartu nuen», dio Nabeel Arshed ikasle pakistandarrak.

Telebista guztiek etengabe emititzen dituzte Benazir Bhutto bizi zeneko irudiak, azken 24 orduetako irudi tragikoekin batera: hilketa; gorpua Rawalpindiko erietxerako bidean; jendea Karachitik hegazkinez eramandako zurezko hilkutxaren zain; gaueko erasoak; eta Garhi Khuda Bakhsk herrian egindako hileta azkarra. Benazirren senarrarekin eta hiru seme-alabekin batera, zein Arabiar Emirerri Batuetako beren etxetik jaioterrira itzuli ziren, ehunka mila lagunek hartu zuten parte haren hiletan. Aitaren ondoan lurperatu zuten, familiaren mausoleoan.

Era batera edo bestera, denengan izan du eragina oposizioko buruzagi nagusiaren hilketak. Gehienak beldur dira horrek etorkizunean izan ditzakeen ondorioez. «Badirudi Pakistan gertuago dagoela ezegonkortasunetik, banaketatik. Ez dakit zer gertatuko den orain», dio Asifa Hasan ikertzaileak.

Azken asteetako arazoen ondoren, bazirudien Pakistanen dena bideratua zegoela urtarrilaren 8ko hauteskundeetarako. Jakina zen kanpainako azken egunak tentsioz beteak izango zirela, eta agian eraso edo atentaturen bat egingo zutela. Hala ere, inork ez zuen espero gertatu dena. Bhutto, bitan lehen ministro izandakoa, Rawalpindin, Islamabaden hiri bikian, hil dute kanpainako mitin baten amaieran. PPP Pakistango Herriaren Alderdiko burua zen Bhutto, eta bozak irabazteko faboritoetako bat. Haren aitak, Zulfikar Ali Bhuttok, sortu zuen alderdia. Hura ere hil egin zuten 1979an.



ZORIGAIZTOKO ERABAKIA. Arratsaldeko 18:15ean, mitina egin zuen tokitik irten zenean, Bhutto auto blindatura igo zen, baina jarraitzaileekin harremanetan jarraitu nahi izan zuen, eta autoaren kanpoaldean geratu zen. Erasotzaile batek segurtasun lerroa igarotzea lortu zuen, eta bere burua zartarazi zuen bildutako jendearen erdian, eta 20 hildako eragin zituen. Lehen ikerketen arabera, lepoan egin zioten tiro, baina, antza, Bhuttoren gorpuan ez zuten balarik aurkitu, eta leherketaren indarrak jaurtitako auto zatiek aurpegian jo zioten lehen ministro izandakoari, eta soinekoaren azpian zeraman balentzako atorra alferrik gertatu zen.

Jarduneko Barne ministroak adierazi du badaudela frogak erasoan Al Kaedak parte hartu duela esateko. Hala ere, Bhuttok etsai asko zituen, islamistetatik hasi eta Pervez Musharraf presidenteraino. Pakistanera itzuli zen egun berean, urrian, bizirik atera zen beste eraso batetik, bi ekintzaile suizidak 150 lagun hil zituztenean.

Herrialdea krisian erori da. Bizi zen artean askok zalantzan jarri zuten arren, azken orduetan pakistandarren gehiengoak bat egin du atsekabean, haien jatorri etnikoa edo politikoa kontuan hartu gabe. «Eskuineko jarrera duen familia batetik nator, baina gure ama hil balute bezala sentitzen gara guztiok», esan du Arshedek.



SEGURTASUN FALTA. Indarkeria uholdea hasi da herrialdean. Militarrak daude herrialdeko gune garrantzitsuenetan. Hala ere, badira segurtasunak zorrotzagoa izan beharko lukeela uste dutenak; Faisal Mamsa psikiatra, kasu. «Gerra zibila lehertu izan balitz bezala sentitu nintzen. Hiria sutan zegoen, eta herrialdea, geldirik. Lehen seguru sentitzen nintzen hemen. Aurreko gauaren ostean herrialdea milizien esku geratu dela uste dut. Gorroto dut esatea, agian kondenatu edo hil egingo naute, baina muturreko segurtasun neurriak hartu behar ditugu milizianoak gelditzeko».

Oraindik ere zalantza asko daude urtarrilaren 8rako aurreikusitako bozen inguruan. Jarduneko Barne ministroak adierazi duenez, hauteskundeak espero bezala egingo dituzte. Baina hori zaila izango dute. PPPk, Benazirren alderdiak, 40 eguneko dolualdira deitu zuen herenegun, eta horrekagian esan nahi du ez dutela bozetan parte hartuko. Astelehenean gauzak argituko diren itxaropena dute. Hala ere, Pakistanen etorkizun politikoak duela bi egun baino askoz ere ilunagoa dirudi.



«Eskuineko jarrera duen familia batetik nator, baina gure ama hil balute bezala sentitzen gara guztiok»

Nabeel ArsHed
Ikaslea
«Gerra zibila lehertuizan balitz bezala sentitu nintzen. Hiria sutan zegoen, eta herrialdea, geldirik»

Faisal Mamsa
psikiatra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.