TURKIA

Kolpe saioak bide eman dio Erdoganen 'razzia'-ri

6.000 dira jada atxilotuak; horietako ugari, fiskalak eta epaileak. Fethullah Gulen predikatzaile islamistaren inguruko jarrerak hoztu egin ditu Turkiako eta AEBetako gobernuen arteko harremanak.

Jendetza Istanbulgo Taksim plazan. MARIUS BECKER / EFE
2016ko uztailaren 18a
08:00
Entzun

Ostiral gaueko estatu-kolpe saioaz geroztik, indartu egin du bere irudia Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak. Horrek bide eman dio 48 orduko epean milaka lagun atxilotzeari, kolpearekin zerikusia dutelakoan. Turkiako Atzerri Ministerioaren datuaren arabera, 6.000tik gora dira atxilotuak; militarrak dira gehienak (2.389), baina 200 inguru fiskalak eta epaileak dira. Gainera, 2.745 epaile edo fiskal kargugabetu dituzte.

Ankararen arabera, 290 bat dira kolpean hildakoak: 190etik gora herritarrak, eta beste ehun altxamenduan parte hartu zuten militarrak. Igandean egin zituzten herritar horietako batzuen hiletak, eta gogor mintzatu zen Erdogan: "Estatuko erakunde guztietatik birusa garbitzen jarraituko dugu". Erdoganen jarraitzaileek heriotza zigorra berrezartzeko eskatu diote azken orduetan, eta gaia parlamentura eramango duela hitzeman du presidenteak.

Erdoganek Fethullah Gullen predikatzaile islamista jo du kolpearen arduradun, nahiz eta hark ukatu egin duen loturarik izatea. Are, Erdogan bera jo du erantzule. Gullen Ameriketako Estatu Batuetan bizi da, eta bi herrialdeetako gobernuen artean ezohiko tentsioa piztu da horren harira. Ankarak iradoki du Washington dagoela kolpearen atzean, eta hori "erabat" gezurtatu du John Kerry AEBetako estatu idazkariak. Gainera, halako iradokizunak bien arteko harremanentzat "kaltegarriak" direla ohartarazi du. Gullenen estradizioa eskatzeko, adierazpenak egin ditu Ankarak, baina Kerryk erantzun du "frogak" aurkeztu beharko dituela AEBek onartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.