«Kondenatuak zeuden epaitu aurretik ere»

AEBek duela hamabi urte sartu zituzten preso 'Miamiko bostak' espioitzaz akusatuta; haietako biren emazteak, Olga Salanueva eta Adriana Perez, Bilbon izan dira, haien egoera salatzeko.

Jone Zuazo
Bilbo
2010eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Urteak daramatzate Olga Salanuevak eta Adriana Perezek AEB Ameriketako Estatu Batuetan preso dauden senarrak, Rene Gonzalez eta Gerardo Hernandez, ikusi barik. Egunotan Euskal Herrian dira, Euskadi-Cuba, Sierra Maestra-Euskadi eta Komite Internazionalistek gonbidatuta, haien egoera Legebiltzarrean salatzeko.

Hamabi urte igaro dira jada, Miamin atxilotu eta espetxeratu zituztenetik beste hiru kubatarrekin batera. Ondoren, inolako frogarik gabe epaitu, eta hamabost urtetik bizi osoko espetxealdirainoko zigorrak betetzera kondenatu zituzten. «Kondenatuak zeuden epaitu aurretik ere», gaitzetsi du Perezek. Ordutik, ez diete eman haiek bisitatzera joateko beharrezko duten bisa. Luzea izaten ari da, beste senitartekoekin batera, Miamiko bostak askatzeko daramaten borroka; eta orain, nazioarteko laguntza da jada gelditzen zaien aukera bakarra. «Ezin da beste helegiterik aurkeztu, Obamaren indultua da Miamiko bostak itzultzeko era bakarra, eta, horretarako, nazioartea da irtenbide bakarra», nabarmendu du Salanuevak.

Eskubide urraketak

1998an atxilotu zituzten Miamin, Hernandez, Antonio Guerrero, Ramon Labañino, Fernando eta Rene Gonzalez; AEBen aurkako espioitza sarea osatzearen akusaziopean. «Atxilotze momentutik hasi ziren haien eskubideak urratzen; zigor ziegetara eraman zituzten segituan. Legediak, ziega hauetako egonaldia 60 egunez soilik luza daitekeela dio, baina hamazazpi hilabetez izan zituzten bertan», salatu du Perezek. Abokatuek ere arazoak izan dituzte froga eta dokumentazioa eskuratzeko. «Epaiketa burutu zenean informazio honen %20 soilik eskuratu ahal izan zuen defentsak».

Defentsak epaiketa lekuz aldatzeko eskatu zion epaileari. «Floridan ageria eta jakina da herritarren artean Kubako Iraultzaren eta erregimenaren aurkako jarrera dela nagusi», azaldu du Perezek. Epaimahaia zozketaz aukeratutako herritarrek osatu zuten. «Gainera, garai hartan, komunikabideek bosten aurkako kanpaina indartsua zuten martxan».

2000. urtean burutu zen epaiketa. Defentsak jakinarazi zuen Kubako erregimenaren aurka ari ziren eskuin muturreko taldeak espiatzen ari zirela. Hala ere, «irregulartasunez beteriko prozesuaren ostean», kondenatuak izan ziren.

Salanuevak adierazi duenez, berehala hasi ziren abokatuak helegiteak aurkezten. «2005era arte zain egon ondoren, Atlantako Gorteetako hiru epaileek beste nonbait beste epaiketa bat egiteko beharra ikusi zuten. Baina Fiskaltzak helegitea aurkeztu, eta sententziak berraztertzea besterik ez zen lortu». Fiskaltzak berak onartu zuen Miamiko bosten inguruan sortutako mugimendua AEBen irudia zikintzen ari zela. «Zigorretan aldaketa txikiak izan ziren, hilabete gutxi batzuetakoak kasu gehienetan».

Gaur egun aurkez daitezkeen helegite bakarrak auziaren inguruko beste atal batzuetakoak dira. «Adibidez, defentsak froga nahikoak ditu epaiketa burutu zen garaian bosten aurka idatzi zuten kazetari batzuen kontra; AEBetako Gobernuak diru sariak eman zizkien, auzia ahal bezainbeste manipula zezaten».

Laguntza sarea

Nazioartean kasua salatu eta babesa bilatzeko ahalegina senitartekoen eta lagunen eskutik hasi zela dio Salanuevak: «Lehenengo, pertsonak konbentzitzera joan behar izan genuen, eta ondoren, erakundeak; egindako ahaleginak atzerrira bidaiatzeko modua eman zigun arte».

Babes ugari bildu dute jada. «Erakundeen parte-hartzea ere areagotuz joan da. AI Amnesty International, adibidez, gu bion bisak lortzeko ahaleginean ibili zen. Baina geroago kasuaren lege azterketa burutu zuen, AEBetako Gobernuari arazoari irtenbidea aurkitzeko eskatuz». NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak ere eskakizun bera egitea lortu zuen AIk. Horretarako, hainbat aldiz bildu behar izan ziren haiekin. «Horrela sortu zen guk Bosten Aldeko Mugimendua deritzoguna».

Esker ona adierazi dute bidean bildu zaien jende guztiarentzat. «Berriki, artista estatubatuarrak izan dira, Barack Obama presidenteari bidalitako gutun baten bidez, auziaren inguruko kezka azaldu dutenak; egunen batean, gure senitartekoen askatasuna lortuz gero, ez da familia eta lagunen meritua soilik izango».

Azken bultzada emango duen kanpaina jarri dute abian orain,Obamaren erabakia behartzekoasmoz. «Horren aldeko apustua egin dugu, bostak berehala etxera itzul daitezen, eta ez urte askoren buruan eta tantaka».

Kubaren asmo onak ustel

2008an Raul Castrok jendaurrean esan zuen Washingtonenganako keinuak egiteko prest zegoela, bi nazioen arteko gatazka konpontzeko. «Preso disidenteetako batzuk kaleratzen hasiko zela adierazi zuen, trukean AEBek bostak askatuz gero». Salanuevak eta Perezek argi dute Kubako Gobernuarentzat lehentasuna dela Miamiko bosten askatasuna lortzea. «Azkenean, gure gobernuaren aldebakarreko erabakia izan da Kuban diren presoak askatzen hastea; eta, hala ere, AEBek ez dute gauza bera egiteko inolako borondaterik erakutsi».

Txoko askotara iritsi dira auzia salatzeko. Kuban bertan, heroi gisa hartzen dituzte jada. Bosten aurpegiak uharte osotik barreiatuta dauden kartel eta hormairudietan ikus daitezke. «Haiek, berriz, ez dira hala sentitzen; haien eginbeharra bete besterik ez zutela egin uste dute». 3.000 pertsona baino gehiago hil dira Kuban, Floridako eskuin muturreko taldeen erasoetan; eta biktimekiko sentsibilitate handia dago. «Jaio zirenetik sufritu zituzten eraso hauek. Gobernuak emandako zeregina gogo osoz eta duintasunez hartu zuten. Zoritxarrez, atxilotu eta halako oihartzuna izatera heldu dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.