«Harreman guztiak oinarritzen dira konfiantzan. Eta Teherango Ikerketa Erreaktoreak argi-argi erakusten du zein den Iranen eta AEBen arteko arazo nagusia: konfiantza falta», azaldu du Ali Akbar Salehi Irango Atzerri ministroak The Washington Post egunkarian argitaratutako artikulu batean. Horregatik, gaur Istanbulen 5+1 Taldearekin izango duen bileran «konfiantza sortzea» du helburu Iranek.
Alemaniak eta NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrek—AEBek, Erresuma Batuak, Frantziak, Errusiak eta Txinak— osatzen dute taldea. Seikoteak Teheranekin egin zuen azken bilera 2011ko urtarrilean izan zen. Istanbulen izan zen orduan ere, eta bi aldeek ez zuten adostasunik lortu. Harrezkero bere programa nuklearra garatzen jarraitu du Iranek, eta Mendebaldeko potentzien mesfidantza handitu egin da azken hilabeteetan. Energia nuklearra helburu militarretarako erabiltzea leporatzen diote Teherani, baina hark behin eta berriz ukatu du salaketa hori, xede bakarra zibila dela nabarmenduta.
Aurrebaldintza barik
Mendebaldeko potentziek zigor ekonomikoak ezarri dizkiote Irani, eta gerra mehatxuak ere ugaritu egin dira, batez ere Israelgo Gobernuaren aldetik. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak bi aldiz bidali ditu behatzaileak Iranera iazko udazkenaz geroztik, baina ez dute erabilera militarraren zantzurik aurkitu. Halere, uranioa aberasteko prozesua azkartu duela baieztatu du, eta salatu du Teheranek ez diola utzi Partxingo base militarrera sartzen.
Irango Atzerri ministroak ohartarazi du ez direla egun batean konponduko arazo guztiak, baina nabarmendu du elkarrizketarako elkarri aurrebaldintzarik jarri ez izanak errespetua adierazten duela. Gaurko bileran aurrerapausoak ematen baldin badituzte, Bagdaden egingo dute bigarren bilera saioa, aurrerago. Istanbulen bertan erabakiko dute bigarren bilerarako eguna.
«Konfiantza sortzea» nahi du Iranek gaur 5+1 Taldearen bileran
Istanbulen hitz egingo dute programa nuklearraz; hurrengo bilera Irakeko hiriburuan egingo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu