Askotan nabarmendu dute azken asteotan konfinamenduak hirietako airea garbitu duela. Bilbo, Iruñe eta Donostiako airearen neurketen berri eman dute Ingurumen agentziek. Baina izurriak eta horren aurka harturiko neurriek planetan eduki duten eraginari buruzko erretratu globala falta zen. Nazioarteko talde batek egin du azkenean, eta emaitza ikusgarria da: konfinamenduaren eraginez, %17 gutxitu da gizakiek atmosferara botatako karbono dioxidoa, hau da, klima larrialdia eragiten ari den berotegi gas nagusia.
Ingalaterrako East Anglia Unibertsitateko Corinne Le Quere zientzialariak koordinatu du ikerketa, eta Nature Climate Change aldizkariak argitaratu berri du.
Munduko gobernu askok hartu dute herritarrak konfinatzeko erabakia azken hilabeteotan. Horrek lan jarduera eta garraioa aldatu ditu. Horrez gain, nazioarteko aire trafikoa asko murriztu da, mugak itxi eta pertsonen mugimendua galarazi delako. Agintariek harturiko neurriak eta giza jardueren inguruko datuak parekatu dituzte ikertzaileek, eta ikusi dute eguneroko isuri kopuruak %17 egin duela behera apirilaren hasieran, iazko batez besteko datuekin parekatuta.
Jaitsieraren ia erdia errepidez eta trenbidez eginiko mugimenduak murrizteak eragin du, ikertzaileen arabera. Konfinamendurik zorrotzenean, herrialde bakoitzaren isuriek %26 egin dute behera, batez beste.
Konfinamendu asteek 2020. urtean denera isuriko den CO2an zer eragin izango duten kalkulatu dute. Ekainaren erdialdean normaltasunera itzuliz gero, urteko isurketa %4 murriztuko da. Baina izurriak zabaltzen jarraitzen badu, eta neurri batzuk urtearen amaiera arte hartu behar badira, litekeena da %7 gutxiago isurtzea denera.
Halere, ikertzaileek gogoratu dute 2008-2009ko krisialdiak ere isurketak %1,4 jaistea eragin zuela, baina hurrengo urterako berriz hazi ziren %5,1. “Isurketak berriz itzuli ziren euren bidera, ia krisia gertatu izan ez balitz bezala”.