Nazioarteko Zigor Auzitegiaren aurrean inoiz jarri den Kongoko Errepublika Demokratikoko politikaririk garrantzitsuena da Jan Pierre Bemba presidenteorde izandakoa. Gizateriaren kontrako krimenak eta gerra krimenak egitea leporatzen diote. Afrika Erdiko Errepublikan egin zituen ustezko krimenak, MLC Kongo Askatzeko Mugimendua gerrillako buru zela, 2002 eta 2003ko bitartean. Hilketak, bortxaketak eta lapurretak egin zituen gerrillak, eta atzo Hagako auzitegiko fiskal nagusi Luis Moreno Ocampok krimen horien erantzule egin zuen. Haren ustez, Bembaren tropek «herri pobreenetako jende pobreenei lapurretak egin zizkieten, eta haiek bortxatu eta hil zituzten». Fiskalaren arabera, berak ez zituen zuzenean egin krimenak, baina berea da erantzukizuna, eta, alde horretatik, delitu hori leporatzea garrantzitsua iruditzen zaio beste kasu batzuetan aplikatu ahal izateko. Bost kargu daude zabalik Bembaren kontra; tartean, bortxaketak herritarrak izutzeko tresna gisa baliatu izana. Presidenteorde ohia 2008an atxilotu zuten, Belgikan.
Bembak akusazio guztiak ukatu ditu, kanibalismoarena tartean, eta, froga falta argudiatu dute haren abokatuek. Gainera, Bembak esan duenez, kargu horiek dagoeneko ikertu dituzte.
Afrika Erdiko Errepublikan Ange-Felix Patasse orduko presidentearen kontra estatu kolpea ematen saiatu ziren 2002an. Eta matxinoek hari babesa emateko zeharkatu zuten muga. Orotara, 1.500 gerrillari bidali zituzten. Bembak argudiatu izan du gerrillariek muga zeharkatu zuten unetik hango presidentearen aginduetara zeudela.
Estatu kolpeak arrakasta izan zuen; François Bozizek boterea hartu zuenean, gerrillak egindako krimenak ikertzeko eskatu zion nazioarteari. Fiskaltzaren arabera, herrialdean ez dago azpiegiturarik ez bermerik epaiketa egin dadin.
Presidenteorde izatera iritsi zen Bemba 2003an. Handik hiru urtera presidentetzarako bozetan lehiatu zen. Joseph Kabilak irabazi zituen bozak, eta erbestera alde egin zuen Bembak; Portugalen babestu zen. Hagara eraman zutenean, Ocampo fiskal nagusiak atxiloketa horrek zentzagarria behar zuela esan zuen: «Atxiloketa krimen sexualak egiten, bultzatzen edo babesten duten guztientzat ohartarazpena da».
Kongoko presidenteorde ohia epaitzen hasi da Haga, gerra krimenak leporatuta
Afrika Erdiko Errepublikan 2002an gizateriaren kontrako krimenak egin izana egozten diote Bembari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu