Imajina daitekeena gainditzen du Kongoko Errepublika Demokratikoan gertatuak. Hain egun gutxitan hainbeste lagun bortxatu dituzte ezen NBE Nazio Batuen Erakundeak oso larritzat jo baititu azken erasoak. «Kongon bortxaketen arazoa aspaldikoa da, konpontzerik lortu ez duguna, masiboa. Haatik, oraingo honetan hain odol hotzez egin dituzte, eta hain sistematikoa izan da guztia, halakorik sekula ikusi gabe ginela», azaldu du Navi Pillay NBEko Giza Eskubideen goi mandatariak. NBEk jakinarazi duenez, iragan uztailaren 30etik abuztuaren 2ra gutxienez 302 emakume bortxatu zituzten Ipar Kivun. Biktimak askoz gehiago izan daitezke, ordea.
«Baieztatu ditugun biktimen artean daude 235 emakume, 52 neska, hamahiru gizon eta hiru mutiko», dio NBEk osatu duen behin-behineko txostenak. Walikale eskualdean (Ipar Kivu) hamahiru herritan egon dira NBEren adituak; alabaina, indarkeriagatik, hainbat herrixka ezin izan dituzte bisitatu. «Egon ginen herrietan ere biztanleetako asko oihanera ihes eginda zeuden. Eta haien artean, segur aski, bortxaketen biktimak egongo dira», nazioarteko erakundeak argitara emandako txostenaren arabera.
Ondo prestatutako erasoa
Gauean egin zituzten Ipar Kivuko erasoak. Berrehun bat kide armatuk hango herritarrak setiatu zituzten, lau egunez. Mai-mai miliziari, FDLR Ruanda Askatzeko Indar demokratikoak gerrillari eta Emmanuel Nsengiyumva Kongoko armadako koronel desertorearen jarraitzaileei egozten dizkiete erasoak.
NBEren txostenaren arabera, erasotzaileak Ak47 fusilekin, granadekin eta matxeteekin heldu ziren Walikalera; erasoei ekin aurretik, baina, bizilagunei haiek babestera joanak zirela jakinarazi zieten. Gero, errepideak itxi zituzten, eta irteera denak blokeatu, herritarrek ihes egiterik lortu ez zezaten. Halaber, inork laguntzarik eskatu ez zezan, telefono bidezko komunikazioak eten zituzten.
«Talde batek lehendabizi herrixka bat hartzen zuen, hango dena arpilatu eta bizilagunak bortxatzen zituen. Bitartean oihanean ihesi hasten zirenei segada egiten zien beste talde batek; haiek ere harrapatzen zituzten, eta guztiak bortxatu».
Gertakariak ikertu ondoren, NBEk ondorioztatu du halako krisien aurka erantzuteko gaitasun urria dutela Kongoko armadak eta, oro har, segurtasun indarrek. Halaber, nazioarteko erakundeak lehenagotik onartua zuen berak ere huts egin zuela, zibilen aurkako eraso haiek saihestea lortu ez zuelako.
Kongon 300 zibil bortxatu dituztela baieztatu du NBEk
Nazioarteak onartu du ez duela sekula halakorik ikusi; izan ere, erasoak oso sistematikoak izan dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu