«Konspirazio» ekonomikoa salatu du Iranek, bere dirua balioa galtzen ari dela eta

Nazioarteak jarritako zigorren aurka protesta egin dute Teherango diru trukatzaile eta merkatariek asteon

Samara Velte.
2012ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Ali Jamenei Irango buruaren aholkulari batek estatuko ekonomiaren aurkako «konspirazioa» salatu du, eta haren aurka egingo duela hitzeman du. Riala, Irango moneta, arrapalan doa gain behera; egunez egun, balioa galtzen ari da dolarrarekiko. Astebetean, bere balioaren herena galdu du; astelehenean soilik, %15. Horrek protestak eragin ditu: herenegun, kalera ere irten ziren Teherango diru trukatzaileak eta merkatariak, dibisen beherakadak sortutako ziurgabetasunaren aurka protesta egitera. Berri agentzien arabera, Poliziak gomazko pilotekin eta negar gasekin sakabanatu zuen manifestazioa. Adierazpen horiekin, Jameneik bere egin ditu Mahmud Ahmadinejad presidentearen azalpenak; Irango bi agintarien arabera, rialaren debaluazioa ez da gaizki kudeatutako ekonomiaren errua, Mendebaldearen presioen eta espekulatzaileen ondorio baizik.

Abenduan, dolar batengatik 12.000 rial ematen zituzten Teherango kaleetan dauden diru truke postuetan; kanbio tasa ofiziala ere kopuru horren inguruan zebilen. Iragan den asteartean, berriz, 36.000 eta 40.000 rial artean behar ziren dolar bat erosteko. Astebetean, dolarra Irango diru merkatutik desagertu da; herritarrak erreskadan joan dira dirua aldatzera, eta itxi egin dituzte truke etxe asko eta Teherango bazar nagusia, bat-bateko gorabeherekin beldurtuta.

Asteazkeneko manifestazioan, batez ere Ahmadinejaden aurka egin zuten protesta: herrialdeko ekonomia gaizki kudeatzea egotzi zioten, eta nazioarteak jarritako zigorren errudun jo zuten.

Diruaren balio galera nazioarteko enbargo ekonomikoarekin lotzen zuten manifestazioko hainbat lelok. Iranen ustezko programa nuklearraren aitzakiatan, NBE Nazio Batuen Erakundeak 2006tik debekatua du herrialde horretara armamentu pisutsua eta teknologia inportatzea. Orain gutxi arte, Iranek petrolio esportazioetatik lortzen zituen bere diru sarreren %80; joan den uztailera arte, EB Europako Batasunari saltzen zion bere esportazioen ia laurdena. Uda hasieran, ordea, AEBek debekatu egin zieten munduko bankuei Irango bankuekin petrolio transakzioak egitea, eta uztailean Europak ere bat egin zuen enbargoarekin: Irango petrolioaren inportazioa, erosketa eta garraioa debekatu zuen. Hori gutxi balitz, antzeko asmo baten berri eman zuen EBk herenegun: Irango gasaren inportazioak zigortzeko plan bat ere ari da prestatzen.

Riala, bestela ere, balioa galtzen zihoan urtez urte: ofizialki, %25eko inflazio tasa zeukan, baina prezioek gehiago egiten zuten gora. Ahmadinejadek garrantzia kendu izan dio rialaren debaluazioari, argudiatuz nazioarteko merkataritzak pisu txikia duela Iranen eta dolarra ez zela hainbeste erabiltzen. «Gerra psikologikoa» gehiago dela esan izan du, merkatuetan eragin handiagoa izateko.

Herritarrak, berriz, zain daude, diruarekin zer gertatuko. «Dena garestitu da», azaldu du Teheranen bizi den Farnux Tamjidik: «Iazko udan, 10.000 rial ordaindu nituen dolar baten truke, eta, orain, 45.000 rial dira. Horrela, ezin naiz inora joan». Arazoa handiagoa da kanpoan ikasten ari direnentzat. Tamjidiren bikotekidea, esaterako, Bartzelonan dago: «Gurasoek ezin diote dirurik bidali». Biharko beste protesta bat antolatu dute hiriburuko bazarrean.

Programa nuklearra, auzitan

The New York Times kazetak zabaldu duenez, Irango gobernuak bere programa nuklearreko atal polemikoena —%20ra bitarte aberastutako uranioari dagokiona— etetea eskaini dio estraofizialki AEBetako gobernuari, hark petrolio esportazioei jarritako zigorrak bertan behera uzten baditu. AEBek garaipen gisa interpretatu izan dituzte Iranen malgutasun erakustaldiak, eurek egindako presioen ondoriotzat hartuta. Oraingoan, ordea, ez du onartu haren proposamena, «nahikoa» ez dela iritzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.