MUNDUA

Konstituzioa berresteko erreferendumaren bigarren eguna dute gaur Egipton

260.000 soldadu inguru lanean jarri dituzte, atzoko istiluetan hamar lagun hil eta gero.

2014ko urtarrilaren 15a
17:59
Entzun

Berriro zabaldu dituzte bozkalekuak Egipto osoan. Konstituzioa berresteko erreferendumaren bigarren eguna dute gaur, eta, inkesten arabera, baiezko botoak irabaziko du. Izan ere, boikota egitera deitu dute Anaia Musulmanek.

Konstituzio berria onartzeko erreferendumaren lehen eguna gatazkatsua izan da Egipton. Gutxienez, hamar pertsona hil eta 28 zauritu ziren atzo bozkalekuak zabaldu zirenetik itxi ziren arte, Osasun Ministerioak zabaldutako datuen arabera. Halaber, bozkalekuak zabaldu baino une batzuk lehenago, lehergailu batek eztanda egin zuen Kairoko Imbaba auzoan, baina eraso horretan ez zen inor zauritu.

Istilu larrienak Sohag, Giza eta Beni Suefen gertatu ziren, manifestari islamisten kontra oldartu baitzen Polizia militarra. Izan ere, Anaia Musulmanek ez dute militarrek diseinatutako bide orriaren zilegitasuna onartzen, eta konstituzio prozesuari boikota egiteko deia zabaldu dute euren jarraitzaileen artean. Behin-behineko gobernuak, berriz, baietzaren aldeko kanpaina sutsua abiarazi du, konstituzio berria onartzeak iragan uztailaren 3ko estatu kolpea eta egungo erregimena legitimatuko dituela uste baitu. Horregatik ere, segurtasun neurri zorrotzak paratu ditu, inork ez ditzan bozak oztopatu.

Adli Mansurren gobernuak Anaia Musulmanen "frankotiratzaileak" jo ditu atzoko borrokaldi eta hilketen erantzule, baina islamistek ukatu egin dute inoren kontra tiro egin izana, eta militarrei egotzi diete gertatutakoaren erantzukizuna. Anaidiak zabaldu zirenez, hamalau izan daitezke atzoko protestetan hildakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.