Sunitek, ildo horretan, botoen zenbaketan iruzurra egin izana salatu zuten. Sale al Mutalkek komunitate sunitaren buruzagi nagusienetako bat testuak «hondamendia» ekarriko duela ohartarazi zuen: «Ninive eta Diali eskualdetan egin da iruzurra bereziki. Mosul hiriko datuak ere manipulatu egin direla uste dugu eta baita hegoaldeko eskualde xiita batzuetan ere». Eskualde horietan erreferenduma nazioarteko begiraleen aurrean berriz egitea eskatuko dutela gaineratu zuen. Konstituzioaren kontra zeuden sunita askok taldeen arteko zatiketa eragingo zuela argudiatuz. Petrolio erreserbak eskualde xiita eta kurduetan daudenez mozkinen banaketa euren kalterako izango dela uste dute sunitek.Irakeko Hauteskunde Batzordeko bozeramaile Abdul Hussein Hindauik, alta, iruzurra egon izana ukatu zuen: «Erreferenduma nazioarteko legediaren arabera egin dela baieztatu dezaket. Azken emaitza zehatza, finkoa eta zuzena da ehuneko ehunean». Batzordeko beste kide batek galdeketa «arrakastatsua» izan zela baina «akats logistikoak» egon zirela esan zuen.Datu orokorren arabera, beraz, erreferendumean parte hartu zuten irakiarren %78k bozkatu zuten baietzaren alde eta %21 kontra. Parte hartzea, berriz, %63koa izan zen iragan urtarrilean egin ziren hauteskundeetan baina bost puntu handiagoa. Konstituzioa behin onartuta hurrengo urratsa heldu den abenduan egingo diren legebiltzarrerako hauteskundeak dira. Legebiltzarrak gobernu berri bat aukeratuko du ondoren, ustez urtea amaitu baino lehen.
Kurdistanen erasoa
Iraken, bien bitartean, gutxienez hamabost pertsona hil ziren atzo hainbat erasotan. Kurdistango Suleimania hirian izan zen eraso handiena. PUK Kurdistango Batasun Patriotikoko presidentearen alderdia egoitza baten aurrean bonba-auto bat leherrarazi eta hamaika pertsona hil ziren. Alderdikokide bat hiltzen ere saiatu ziren hirian eta bere bi bizkartzainak hil zituzten. Bagdaden, berriz, lau soldadu irakiar hil ziren errepidean bonba bat leherraraztean. Al Gazalia auzoan beste bi polizia irakiar hil ziren presoak eramaten zituen autoa tirokatu zutenean. Auzo horretan bertan erresistentziako ustezko bi kide hil zituzten.
Ameriketako Estatu Batuetako Armadako hiru soldadu hil ziren azken orduetan eta jada bi mila dira okupazio abiatu zutenetik herrialdean hil diren soldaduak. Al Kaedak, bestetik, herenegun hirian izandako hiru erasoak bere gain hartu zituen atzo 17 pertsona hil ziren.
KURDUAK
PKKri amnistia emateko eskatu du Talabanik
PKK Kurdistango Langileen Alderdiko matxinoei amnistia orokorra ematea proposatu zuen atzo Irakeko presidente Jalal Talabanik. Turkiari egindako proposamen hori aintzat hartuz gero, matxinoek euren borroka bertan behera utziko dutela eta bakerako lagungarria izango dela adierazi zuen kurdua den presidenteak: «Gatazka hau indarra baliatuta konpontzea ezinezkoa da. Irakeko Armada jada ez da gai hori egiteko». Turkiako eta Irakeko gobernuen arteko kooperazioa sustatzearen alde agertu zen, ildo horretan, Talabani.
Iraken menpeko Kurdistanen matxinoak babesten direla eta erasoaldi bat egingo duela ohartarazi izan du Turkiak.