Kontraerranei eusten

Siriako oposizioko SNC taldeko buruzagi berriak erran du soilik NBEren babespean onartuko dutela atzerriko esku hartzeaAbdelbaset Sayda SNCko presidente berria kurdua da, eta Suedian bizi da 1994tik

mikel rodriguez
2012ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Abdelbaset Sayda SNC Siriako Kontseilu Nazionaleko presidente hautatu berriak jarraipena eman dio oposizioko plataforma horrek atzerriko esku hartzearen inguruan duen jarrera zehaztugabe eta kontraerranezkoari. Herenegun Istanbulen (Turkia) egindako agerraldian, nazioarteko potentziei eskatu zien NBE Nazio Batuen Erakundean Baxar al-Assaden aurka indarrez ezartzeko ekimenen bat onartzeko. Gainera, Segurtasun Kontseiluak horren inguruan adostasunik lortu ezean, nahi luketen herrialdeek NBEren babesetik kanpo erabakiak hartu ahalko lituzketela erran zuen. Atzo, ordea, bertzelako adierazpenak egin zizkion BBC kateari. Esku hartzea soilik NBEk onartzen badu babestuko dutela adierazi zion, eta, gainera, Al-Assadi berari egotzi zion balizko eraso horren erantzukizuna. «Gu ez gara ari eskatzen kanpotik egindako gerra edo esku hartze bat. Alderantziz, erregimena da herrialdea norabide horretara bulkatzen ari dena, geure nazioaren eta herriaren aurkako bidegabeko gerra honekin».

Nazioarteko hedabideetan oihartzun handiena duen Siriako oposizioko plataforma da SNC. Iragan asteburuan hautatu zuten Sayda buruzagitzat, Burhan Ghaliun Parisen bizi den akademikoaren ordez. Ghaliunek berak eta plataformako bertze hainbat kide garrantzitsuk — Anaia Musulmanen ordezkariek, adibidez— behin baino gehiagotan eskatu dute publikoki atzerriko indarren esku hartzea. Hala ere, adierazpen horien ondotik behin baino gehiagotan agertu izan da plataformako bertze kideren batSNCren jarrera ez dela hori azaltzera.

SNCk kurduekin duen jarrera

Izan ere, Turkian sortutako plataforma horretako kideek aldi anitzetan erakutsi dute batasun eta koordinaziorik eza. Atzerriko diplomazian presentzia nabarmena lortu du SNCk, eta herrialde anitzek Siriako gatazkan solaskidetzat lehenetsi dute, gobernua baztertuz, baina baita oposizioko bertze hainbat talde eta plataforma ere. SNCk Siria barnean Al-Assaden aurkako mobilizazioetan zenbaterako eragina duen, ordea, ez dago argi.

Saydak 56 urte ditu, eta Suedian bizi da 1994az geroztik. Kurdua da, eta haren aukeraketa SNCk herri horri eginiko keinutzat interpretatu dute hainbat hedabidetan. Saydak, ordea, ez du Kurdistango alderdi nazionalistetan militatu, eta kargua hartu ondoren egindako adierazpenetan, Siriako banaketa etniko eta erlijiosoaz mintzatu den arren, ez ditu kurduak bereziki aipatu. «Sekta eta talde guztiak lasaitu nahi ditugu, bereziki alauitak eta kristauak, Siriako etorkizuna guztiona izanen baita». Alauiten —xiiten adar bat— eta kristauen artean Baath alderdiaren erregimenak sostengu zabala du —al-assadtarrak alauitak dira—, eta horien sektore anitz beldur dira erregimena eroriz gero boterea gehiengo sunitak monopolizatuko ote duen —%70 inguru dira sunitak—. Saydak erran du SNCk boterea hartuz gero ez duela etnien edo erlijioen arteko diskriminaziorik eginen.

Kurdistango alderdi nagusiek eta SNCk orain arte izan duten harremana, ordea, ez da batere ona izan. Gehienek uko egin diote plataforman sartzeari, eta sartu zirenetako batek, Yekiti Kurduen Batasunaren Alderdiak, plataforma utzi zuen. Horren arrazoia argia da: SNCk ez du bermatu bere proiektu politikoan kurduen izaera berezia onartuko duenik, eta, are gehiago, zenbait ordezkarik horren aurkako adierazpenak ere egin dituzte. Ghaliun presidente ohiak berak «Siriako Kurdistan izeneko zerbait» bazela ere ukatu zuen. Turkiak SNCn duen eraginaz mesfidati dira Kurdistango alderdiak.

Al-Haffeheko borrokak

Siria barneko egoerari dagokionez, berriz, Annanek eskatu du NBEko behatzaileei berehala utz diezaietela Al-Haffeheko eremura sartzen. Azken astean borrokak izan dira han. Oposizioaren arabera, armadak zibilen eremuak bonbardatu ditu. Siriako telebista publikoak, ordea, Al-Haffehen zibilen sarraski bat prestatzen ari diren ustezko bi matxinoren arteko telefono elkarrizketa argitaratu du.

Annanek erran du «hagitz kezkatuta» dagoela indarkeriarekin, eta bai gobernuari, bai oposizioko taldeei armatuei egotzi die borrokak areagotzea. «Bereziki kezkatuta» dagoela adierazi du Al-Haffehen «tankeak, helikopteroak eta morteroak» erabili dituztelako, eta Homs bonbardatu dutelako.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.