Finlandiako presidentetzarako bozen bigarren itzulira Sauli Niisto alderdi kontserbadoreko burua eta Pekka Haavisto berdeen burua igaro dira. Lehia estua izango dela aurreikusi dute analista politikoek, Niistok lehen itzulian Haavistori atera dion aldeak ez baitio garaipena bermatzen. Izan ere, lehiatik kanporatu dituzten hautagaien alde egin dutenek bi horietako bat hautatu beharko dute, eta hautesleen %50 dira.
Espero bezala, Niisto atera da garaile lehen itzulian, bozen %37rekin. Haavistok, berriz, %18,8ko babesa eskuratu du. Azken hori da Finlandian Europako Batasunaren alde dagoen bakarrenetakoa. Duela hilabete gutxi Niistok lehen itzulian gehiengoa lor zezakeela zioten inkestek, baina haren aldeko babesa txikituz joan da azkenaldian, berdeen mesedetan.
Bigarren itzulira igaro ez diren alderdiek ez dute egin hautagai baten edo bestearen alde. «Ez dugu agindurik emango; gure hautesleek aukeratu egin behar dute, baina uste dut ezkertiarrek Haavistoren alde egingo dutela», adierazi du Ezker Aliantzako hautagai Paavo Arhinmakik.
Zentroko Alderdiaren hautesleen esku dago hein handi batean presidentetza. Izan ere, Paavo Vayrynen alderdiko hautagaia bigarren itzulian sartzeko 1,3 puntura geratu da. Adituek uste dute gehienak Niistoren alde egingo dutela, sentimendu nazionalista eta balio tradizionalak izan baitiraVayryneren kanpainaren ardatzak. 30 urtez herrialdearen gidaritzan izan diren sozialdemokratek ere presidentetza eskuratzeko aukera galdu dute. Alderdi sozialdemokratako Paavo Liponen izan da galtzaile nagusia, bozen %6,7rekin.
Eskuin muturra, behera
Horrez gain, eskuin muturreko Benetako Finlandiarrek uste baino babes txikiagoa jaso dute. Hautesleen %9,4k bakarrik egin dute Timo Soini alderdiko hautagaiaren alde. Duela hamar hilabete legebiltzarrerako bozetan babes bikoitza jaso zuen, eta Soinik porrota onartu du.
Kontserbadore eta berdeak igaro dira bozen bigarren itzulira Finlandian
Alderdi kontserbadorea izan da garaile lehen itzulian; eskuin muturrak uste baino babes gutxiago jaso du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu