ikingoak Eskozia inbaditzen (793. urtetik aurrera) hasi zirenetako batean gudari eskoziar talde bat aurkitu zuten zelai batean gaueko loaldirako prestatzen. Haiengana hurbiltzerakoan zaratarik ez ateratzeko oinetakoak erantzi zituzten gudari bikingoek. Emeki-emeki eta isilik gerturatzen ari zirela, ordea, erasotzaileetako zenbaitek oharkabean kardu batzuk zapaldu zituzten... eta oinazeak eragin zizkien garraisiek eskoziarrak iratzarri zituzten. Hauek ziztu bizian jaiki, inbaditzaileei aurre egin eta menderatu egin zituzten. Hala dio kondairak eta horretan oinarrituta bilakatu zuten eskoziarrek kardua beren ikur nazional. Historian inbaditzaile eta okupatzaile askori egin behar izan diete aurre eta XVIII. mendearen hasieran independentzia galdu zuten arren Ingalaterrako monarkiaren menpean, eskoziarrek beren izaera independentea eta burujabetza berreskuratzeko nahia atxikitzen dute.
Londresek ia hiru mendez zuzenean agindu ondoren 1999an berriz martxan jarri zuen Eskoziak bere legebiltzarra, Edinburgon (Dun Eideann, gaelikoz). Erresuma Batuko Alderdi Laborista da nagusi bertan eta honek, SLD Eskoziako Liberal Demokratekin batera, gidatzen du Europako Konstituzioari baietza emateko jarrera. Ezezkoak alderdi gehiagoren sostengua du, baina diputatuen kopuruari erreparatuta, nagusi da baiezkoa. Eskoziako gizartean, halere,eztabaida gutxi dago Konstituzioaz. Herrialdeak ez du aukera izango Europako lege nagusia Erresuma Batutik bereizita berretsi edota errefusatzeko. Londresen asmoa erreferenduma antolatzea den arren, itxura batean ez du heldu den urtera arte egingo. Aurtengo maiatzeko hauteskunde orokorren ondoren jarriko du galdeketaren data.Londresen nagusi, Edinburgon ere. Hala dabil Alderdi Laborista, Eskoziako Legebiltzarreko 129 diputatuetatik 50 dituela. Bigarren alderdia SNP Eskoziako Alderdi Nazionala (26) da; SCUP Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadore eta Unionistak Eskozian duen adarrak 18 ordezkari ditu eta SLD Eskoziako Liberal Demokratek 17. Alderdi txikiagoen ordezkaritza hau da: SGP Eskoziako Alderdi Berdea (7), SSP Eskoziako Alderdi Sozialista (6), SSCUP Eskoziako Adineko Jendearen Batasunaren Alderdia (1) eta independenteak (4).Alderdi Laboristak adierazi duenez, Erresuma Batuko Gobernuak eta laboristek «estatu-nazioentzat eta eskualdeentzat ahots indartsu bat lortzeko argudioak» eman zituzten Europako Konbentzioan; halaber, estatu kideek eta Europako Batasunak, bakoitzak zer egin behar zuen argi zehazteko eskatu zuten. «Uste dugu egungo itunak oreka egokia lortu duela, guri, nahi dugunean, Europaren zati eragingarri izaten ahalbidetuko digulako, aukera nazionala errespetatzen duen bitartean». SNPk zentroko abertzaleak argi utzi du ituna ez duela gustuko. «Konstituzioa, oraingo edukiarekin ez da onargarria. Estatu batek edo gehiagok Konstituzioa berresten ez badute, hura berregiteko beste konbentzio bat antolatzeko eskatuko du SNPk», ezagutarazi du alderdiaren Ildo Politikorako Bulegoko arduradun Mhairi Hunterrek.Alderdi Kontserbadorea euroeszeptikoa da eta ezezkoa emango dio itunari. «Konstituzioak estatu europar bakarra gauzatuko du eta gu horren aurka gaude erabat; subiranotasuna Europako Batasunetik Britainia Handira itzultzea nahi dugu», adierazi dio Berriari alderdiak Edinburgon duen eledunak. Tory-ek ez dute hartu beharreko jarreraz eztabaida askorik egin, denek «aho batez ezetza» erabakia dutelako. Kanpaina egiten ari diren arren, ez dute lelorik hautatu. Europako lege nagusiak Eskoziari eragingo dizkion ondorioez galdetuta, labur baina mezu zuzenarekin erantzun du kontserbadoreen bozeramaileak: «Botere gehiago kenduko die hala Eskoziari nola Britainia Handiari».
Liberal demokratak alde, sozialistak kontra
Laboristek bezala, SDL Eskoziako Liberal Demokratek baiezkoaren alde bozkatzeko eskatuko diete hala alderdikide eta jarraitzaileei nola gainerako herritarrei. SLDko eurodiputatu Elspeth Attwoollek azaldu du liberal demokratak berez europeistak direla: «Jakina, ez ditugu EBtik datorren politika edo ideia guzti-guztiak sostengatzen, baina Batasunaren ekinbidean murgilduta egotearen alde garen aldetik, Konstituzioan sostengatzeko gauza asko daude».
Altabada, oso gustuko ez dituzten zenbait arlo daudela zehaztu du: «Esaterako, estatu kideetan dauden legebiltzar ezberdinen Eskoziakoa kasu ezagutza ofizial gutxi dago. Dena den, EBko erakundeak are demokratikoago egingo eta Batasunaren eskumenak esplizituki zehaztuko dituen zeinahi ekinbideren aldekoak gara».Liberal demokratek erabakiak tokian-tokian hartzea lehenesten duten arren, «delibero batzuk EB mailan hartzeko beharraz jakitun» dira. «EBk herritarren eskubideak positiboki sendotzeko ekarpena egin dezakeela sinesten dugu. Elkarlanean arituta, EBko kideek herritarrak babesten lagun dezakete Eskozian zein munduan barrena, mugaz gaindiko krimen nagusien aurka, hala nola droga zein pertsone trafikoa eta terrorismoa».Horrez gain, Attwoollek uste du asilo eskaerak eta immigrazioa kudeatzeko «sistema justuago eta eragingarriagoa» lor dezakeela Europako Batasunak. «Ingurumen legerian, kontsumitzaileen eskubideetan, oztopo baztertzaileak haustean eta bestelako hainbat auzitan Batasunak rol garrantzitsua jokatu behar duela ere uste dugu».
Kontuz karduaren arantzekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu