Urriaren 1a jaiegun nazionala da Txinan. Munduko biztanleria ugariena duen herriak arnasa hartu eta lagun eta familiarekin egoteko duen une bakanetakoa ere bada. Baina Tang Huik beti gogoratuko du amaigabeko tristeziarekin 2006ko urriaren 1a, infernura jaitsi zen eguna ere badelako. Le Le, 11 urteko haren alaba, Yongzhou herrixkan (Hunan probintzian) geratua zen lagun batzuekin zinemara joateko, baina arratsalde hartan neskatoak ez zuen filmik ikusi: lau gizonezkok bortxatu eta bahitu zuten.
Erasoaren ostean, masaje etxe itxurapean ezkutatutako burdel batean sartu zuten preso Le Le. Han, jipoiekin mehatxatuz, ehun bezero baino gehiago zerbitzatu behar izan zituen. Zenbaitetan, injektatzen zizkioten drogen eraginpean, lau edo bost gizonekin izaten zituen harremanak. Bakoitzak 100 yuan ordaintzen zituen (12 euro) zerbitzuko, edo 200 yuan (24 euro) harekin gau guztia igaro nahi bazuen. Bitartean, Tangek, alabaren berririk gabe, haren bila jarraitzen zuen, atsedenik hartu gabe.
Desagertu zenetik hiru hilabetera, amak mezu anonimo bat jaso zuen neska bahituta zuten tokiaren berri emanez. Botilak birziklatzen zituen itxurak eginez, Tangek bere begiez ikusi zuen alaba, baina ez zuen ezer egin. Txinako prostituzioa kudeatzen zuen mafiarekin aurrez aurre aurkitzea saihesteko, aurrera jarraitu zuen ezer gertatu izan ez balitz bezala, eta lagun bati eskatu zion burdelera joan, Le Leren zerbitzuak erosi, eta handik ezkutuan ateratzeko. Ondo irten zen.
Justiziaren erabakia 2008ko ekainaren 6an heldu zen. Epaileak hiltzera zigortu zituen burdelaren jabea eta bahiketaren erantzule nagusia; izan ere, neskatoak prostituzio etxean egin zuen denboran, hainbat gaitz harrapatu zituen, eta oso ahulduta geratu zen. Beste akusatuei isunak eta kartzela zigorrak ezarri zizkieten, baina Tangek injekzio hilgarria nahi zuen guztientzat, eta ez zuen bere ahaleginean etsi. Gobernuarentzat berarentzat ere gogaikarri bilakatu zen arte. Horrenbeste, non duela urtebete beste auzitegi batek herrialdeko "lanaren bidezko berreziketa eremuetan" 18 hilabete igarotzera zigortu baitzuen. Eremu horiek kartzela sistema paralelo bat dira, gulagen antzekoa, Mao Tsetungen Kultur Iraultza (1963-1973) zentzugabea hasi baino lehenago sortua. Laojiao-etan sartzen dituzte erregimenaren mendeko tematienak: ekintzaile politikoetatik hasi eta eskatzaileetaraino.
Tangentzat, zorionez, haren auziak piztu duen haserreak bere alde egin du. Harenganako kidetasun eta sistemarekiko kritika gogor ugariren ostean, emakumea aske utzi zuten, eremuan sartu eta egun gutxira. Azkenik, hainbat epaiketa eta helegite eta gero, uztailaren 15ean, auzitegiek 2.941 yuaneko (367 euro) kalte-ordaina onartu zion, "haren askatasuna urratu eta kalte moral ugari eragiteagatik". Kopurua irrigarria da, baina Tangen benetako istorioa ezin da diruz neurtu: zigor sistema horren inguruko eztabaida berriz piztea lortu du, eta badirudi orain gobernua prest dagoela hura berrikusteko.
Inork ez daki berreziketarako zenbat eremu dauden gaur egun Txina osoan, nahiz eta uste den 310 eta 350 inguru direla. Horietan, preso daudenen inguruko datuak ere ez dira ofizialak: 2008an, gobernuak 160.000 inguru zirela esan zuen, eta, bi urte geroago, CCTV telebista publikoak 310.000ra igo zuen kopurua. Orain, Pekinek dio 50.000 soilik geratzen direla, baina giza eskubideen aldeko gobernuz kanpoko erakundeek, tartean Amnesty International eta Human Rights Watchek, salatu dute kartzela beltzetan —indar parapolizialek kudeatutako eta legez kanpo egon arren agintarien onespena duten lokalak— preso daudenak kontuan hartuz gero, ehunka mila direla oraindik.
Era batera edo bestera, Poliziak oraindik badu aginterik Tang preso eduki zuenaren antzeko eremuetara bidaltzeko askotariko delituez, hasi agintearen aurkako erasotik eta prostituzioraino, akusatutako edonor. Zalantzarik gabe, ez du axola zer leporatzen dieten, aitzakia bat besterik ez delako epaiketarik egin beharrik gabe lau urte arte preso edukitzeko. Hori da mendebaldeko Jiangsu probintziako gazte baten kasua, zeinak bi hilabete igaro zituen gune horietako batean. Igandea-rekin hitz egitea onartu du bere anonimotasuna errespetatzearen eta bere auzia ezagutzera eman duten xehetasunak ez ematearen truke.
"Liu Xiaobori Bakearen Nobel saria eman ostean Interneten egin nituen adierazpen batzuengatik atxilotu ninduten, eta 'Estatuaren aurkako indarkeria sustatzeaz' akusatu ninduten. Hala ere, probarik ez zegoenez, epaitu beharrean berreziketa eremu batean atxilotu ninduten". Han, presoek lan egin behar dute jateko ematen dizkieten "arroza eta barazkiak" ordaindu ahal izateko. Nekazaritza lanetan edo jantziak egiten ari ez zirenean, Txinako Gobernuaren aldeko propaganda pelikulak ikustera eta buruzagi txinatarren esanak errepikatzera derrigortzen zituzten. "Hasi Maoren Liburu Gorritik eta Deng Xiaopingen aipuetaraino", gogoratzen du.
Berreziketa eremuen egitura beste edozein espetxeren antzekoa da. "Errutina ia militarra da. Goizeko seietan altxarazten gaituzte, eta tratu txar fisikoak ohikoak dira zaindarien aldetik —azaldu du—.Okerrena da inoiz ez dakigula noiz arte egongo garen preso. Ez dago zigorrik; beraz, dakigun bakarra da gehienez ere lau urte izango direla. Baina, kasu batzuetan, aske utzi, eta, gutxira, berriz sartu dituzte. Oro har, haien krimen bakarra izan da herrialdeko sistema politikoaren inguruan iritzi bat ematea, baina badira ohiko kriminalak ere, gehienetan, narkotrafikoarekin lotuak. Uste dut gu izutzeko eta ohartarazteko toki hori gobernuari traba egiten diotenentzat prestatua dagoela, ohartarazteko sartzen dituztela han".
Baina egia zera da: eskatzaile askok, hau da, Pekinera gai jakin batzuen inguruko salaketak egitera joaten direnek ere—hasi legez kanpoko desjabetzeetatik eta ingurumen arazoetaraino— gune horietan amaitzen dute. Hori bera gertatu zitzaion bere alabaren desagertzean Poliziak agertutako interesik eza salatu zuen ama bati. "Nire alaba eskolako atean desagertu zen, eta agenteek ez zuten galdetu ere egin inguruko zaintza kameretako grabazioengatik. Gure kabuz irudiak eskatu genituenerako, ezabatuta zeuden".
Horregatik, iparraldeko Shandong probintziako emakume honek gurutzada bat abiatu zuen, bost urteren ostean, bere alaba desagertuta jarraitzearen erantzuletzat jotzen dituenen aurka. "Lehenik, herriko agintariengana jo genuen, eta, gero, probintziako buruzagiengana. Azkenean, legeak dioenaz baliatuz, Pekinera joatea erabaki genuen". Hiriburuan ez zekiten nora jo, eta ez zuten galdetzeko ere denborarik izan. "Talde txiki bat ginen, eta Poliziak atxilotu egin gintuen". Hiriburuaren kanpoaldean dauden guneetako batera bidali zituzten, eta han ohartarazi zieten garesti ordaintzen dela gobernuaren aurka joatea.
"Zalantzarik gabe, sistema hau aldatu egin behar da", iritzi dio Xu Anqik, Fudango Unibertsitateko (Shanghai) Soziologia irakasleak. "Txinako Konstituzioaren aurkakoa da, eta legez kontrakotzat ere jo genezake, han daudenek ez dutelako euren burua defendatu auzitegietan. Eskubide oinarrizkoenak urratzen ari dira", azaldu du irakasleak. Ez da horrela pentsatzen duen bakarra. Gobernuaren goi agintarien artean ere badira aitortzen dutenak Sobietar Batasun ohiko gulagen eredua jarraitzen duen sistema zaharkituta dagoela.
Sistema indargabetuko dutela behin eta berriz iragarri ostean, badirudi Xi Jinping presidenteak zuzendutako buruzagitza berria prest dagoela aurten pauso hori emateko, martxoan karguaren zina egin zuenetik lehen erreforma litzatekeenean. Haatik, asko beldur dira berreziketa eremuak behin-behineko atxilotze zentroekin ordezkatuko dituzten. "Demokrazia eta Zuzenbide Estatua banaezinak dira. Txinak bigarrena lortu nahi badu, lehena ere erdietsi beharko du", ziurtatu du Xu Zhiyong abokatu eta giza eskubideen aldeko ekintzaileak. "Baina ez dut uste hori epe motzean gertatuko denik".
Human Rights Watch erakundean ere iritzi berekoak dira: "Erreforma bat ez da aski, onartu litekeen bakarra da laojiao-a bertan behera uztea, horren bitartez eta legea eskuetan, inolako deliturik egin ez duen jendea preso sartzeko balio duelako", nabarmendu du Nicholas Bequelinek, gobernuz kanpoko erakundeak Hong Kongen duen ordezkariak. Baina itxaropena da galtzen ez den bakarra, eta badira hura bultzatzen duten arrazoi txikiak. Horietako bat, iaz, Herriaren Egunkaria-k berak, zeina Alderdi Komunistaren bozeramailea den, jarraitzaileak eta arerioak harritu zituen sistema "zenbait buruzagirentzat mendekurako tresna bilakatu" dela salatuz iritzi artikulu batean.
Hala ere, ez dira falta defendatzen dutenak berreziketa eremuak beharrezkoak direla. Horiek gehien erabiltzen dituzten arrazoien artean dago krimen indizearen beherakada —zeina inoiz ez den frogatu datuetan—, eta ustezko kriminal horiek gizarteari egiten dioten ekarpena estatuari doan ateratzen zaio gatibu lanen bidez. Ez alferrik, enpresa publiko asko, autogintzaren eta industria astunaren alorrekoak tartean, eremu horietaz balitzen dira piezak ekoizteko. "Gizonek auto enpresa batentzat lan egiten dute, eta guk arrainak ontziratzeko eraikin txiki bat genuen", dio Shandongo emakumeak, zeinak gela partekatzen zuen beste hamabi emakumerekin. "Guztiontzako bainugela txiki bat besterik ez zegoen, eta ur gutxi. Beraz askotan komunetik edaten genuen. Ez diot halakorik desio han sartu gintuztenei ere".