KORSIKA . Castela eta Andriuzzirentzat 30 urteko zigor eskaera

Fiskalak 2003an jaso zuten zigorra berrestea galdegin du; defentsak Polizia antiterroristak izandako jokaera salatu du

Agentziak
PARIS
2006ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Christophe Teissier fiskalak Jean Castela eta Vincent Andriuzziren aurkako zigorra berresteko eskatu dio Parisko Helegite Auzitegiari, Korsikako prefet izandako Claude Erignacen hilketaren antolatzailetzat jota. 30 urteko espetxe zigorra jarri zieten biei 2003ko uztailean, akusazio horregatik. Defentsak, aldiz, Frantziako DNAT Polizia Antiterroristak bi akusatuen aurkako frogak manipulatu izana salatu du eta errugabe izendatzeko eskatu du. Epaileak gaur hartuko du erabakia.

Defentsak erakutsi duenez, bi korsikarren aurka erabilitako frogetako batek 1998ko abuztuko data zuen arren, urriko gertaera bat aipatzen zuen. Horrek frogatuko luke gerora idatzitako agiria izan zela eta, beraz, faltsutua izan zela. Bestalde, Frantzian argitaratu berri den Place Beauvau liburua ere frogatzat jo du. Frantziako Barne Ministerioaren barneko hainbat informazio zabaldu ditu liburuak, besteak beste, Erignac auziko akusatuetako baten etxean aurkitu- tako lehergailuak ezkutatu izana. Castelak eta Andriuzzik prefetaren hilketan parte hartu izana ukatu egin dute beti. Hilketa burutu zuen komandoko kideek ere hasieratik adierazi zuten haiek ez zutela zerikusirik. Erignacen hilketaz gainera, 1994an Frantzian izandako hainbat atentatutan parte hartu izana leporatzen diete Castela eta Andriuzziri. Castelaren etxean FLNC Korsikako Nazio Askapenerako Armadari lotutako zenbait agiri aurkitu zituen Poliziak. Batetik, 1994an Parisko errektoretzaren aurkako atentatu bat prestatzeko erabili zuen krokisa; eta, bestetik, FLNCren barne agiri bat. Castelak aitortu du FLNCri lagundu ziola, baina Erignacen hilketarekin loturarik ez zuela berretsi du. Castela (46 urte) geografia irakaslea da; Andriuzzi (50 urte) matematika irakaslea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.