Claude Erignac Korsikako prefeta 1998. urteko otsailaren 6an hiltzeaz akusatuta dauden Jean Castela eta Vincent Andriuzzi abertzale korsikarren defentsak agerian ezarri zuen atzo Frantziako Poliziak pieza faltsu bat baliatu zuela bi akusatuen sumarioan. 1998. urteko agorrilaren 20ko data duen galdeketako txosten batek Charles Pieri FLNCko ustezko buruzagiaren auzipetzea aipatzen du, hau aldiz 1998. urteko urriaren 4an izan zen.
Datu faltsu honek kolokan jarri ditu herenegun Parisko Zigor Auzitegi Berezian abiatu zen Castela eta Andriuzziren helegite epaiketako akusazioaren argudioak.Castela eta Andriuzzi hogeita hamar urteko espetxe zigorrera kondenatu zituzten 2003.urteko uztailean. Claude Erignac prefetaren hilketaren antolaketan parte hartzea leporatu zieten, baita 1994. eta 1997. urteen artean izan ziren atentatu batzuekin zerikusia izatea.
Poliziaren argudioak
Castela eta Andriuzziren abokatuek datu faltsu honen berri eman ondoren, Jean-Pierre Getti epaile nagusiak azalpenak eskatu zizkion atzo Philippe Frizon poliziaburuari. Honek «aldrebes jokatzea» leporatu zien abokatuei gezurrezko datuen auzia argitzeko argudio gisa. Epaileburuak baina, horrela galdetu zion: «Ez ote da izan zuen ikerketa nahi zenuten norabidera eramateko baliatu duzuen datu bat?».
Poliziaburuak ukatu bazuen ere arauez kanpo jokatzeko asmorik izatea, Eric Dupont-Moretti, Viencent Stagnara eta Patrick Maisonneuve defentsako abokatuek, «auzibidearen makurtze bat» egotea salatu zuten atzoko saioan.Herenegungo saioan, Jean Castella aitortu zuen FLNC historikoa «lagundu» zuela, baina erakunde klandestino horretako kide ez dela sekula izan ziurtatu zuen. Andriuzzik, berriz, lehen epaiketan bezala, ukatu zuen erakunde kide izatea, baita Erignac prefetaren hilketarekin eta atentatuekin zerikusia izana ere.
KORSIKA . 'Erignac auzian', Poliziak frogak faltsutu izana salatu du defentsak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu