Korsikaren independentziaren 'aita' oroituko dute egunotan abertzaleek

Pasquale Paoli buruzagia hil zela 200 urte beteko dira egunotan; gaur oroitze ekitaldiak hasiko dituzte

2007ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Korsikaren independentzia lortzeko borrokan Babbu di a patria (aberriaren aita) deitzen diote abertzaleek Pasquale Paoliri; eta etzi hil zenetik 200 urte beteko direla-eta, ekitaldi bereziak egingo dituzte gaurtik hasita, hura eta Korsika independentea izan zeneko garaia (1755-1769) gogoratzeko. Gaurko ekitaldia Ghisunaccia herrian egingo dute, hainbat talde abertzalek eta kultura alorrekoek antolatuta. Paolik uharteko nazioa egituratzean eginiko ekarpenak gogoratzeaz gain, Korsika burujabea lortzeko nazio batasuna beharrezkoa dela nabarmenduko dute abertzaleek, tartean Corsica Nazione-Indipendente koalizioak.

Egunotan hitzaldiak, eztabaidak, erakusketak eta kontzertuak egingo dituzte, Paoli eta aro independentea ardatz harturik.

Filippo Antonio Pasquale de Paoli 1725eko apirilaren 6an jaio zen, Morosaglia herrian. Garai hartan, Genoak agintzen zuen Korsikan; eta okupazio indarren kontrako borroka gidatu zuen Giacinto Paolik. Haren semerik gazteena izan zen Pasquale. 1739an aitarekin erbestera joan zen, Napolira. Orduan, hala Genoa nola Napoli errepublika independenteak ziren Italiako penintsulan.

Paoli gazteak Napolin egin zituen ikasketak, Eskola Militarrean. Armadan jarduten hasi zen, baina sorterriko gertaerei begirik kendu gabe. XVIII. mendearen erdialdean, Genoaren kontra matxinatu ziren hainbat nekazari korsikar, pertsona ahaltsuen laguntzarekin. Hala, buruzagi matxinatuen deiari kasu egin, eta independentziaren aldeko borrokaren buruan jarri zen Paoli. «Korsikako nazioaren jeneral» izendatu zuten.



14 URTEZ INDEPENDENTE. 1755eko azaroan Korsikaren independentzia aldarrikatu zuten, eta Konstituzioa atondu zuten gero. Ilustrazioaren printzipioetan oinarritutako lehen errepublika demokratikoa izan zen. Ofizialki erresuma zen-Ama Birjina izendatu zuten ohorezko erregina-, baina praktikan errepublika gisa funtzionatu zuen.

Paoliren garaian bihurtu zen Testa Maura (Mairu Burua) Korsikako bandera ofizial. Korsika arabiarren menpe egon zen garaiei (850-1034) egiten die erreferentzia ikurrak. Halere, 1760an ikurrean aldaketa egiteko agindu zuen Paolik. Mairuari begiak estaltzen zizkion oihal zuria kopetara igotzea erabaki zuen, begiak agerian uzteko. «Korsikarrek argi ikusi nahi dute. Askatasunak filosofiaren zuziarekin batera joan behar du. Ez dezala inork esan argiaren beldur garela».

Konstituzioak botereen bereizketa izan zuen oinarri; eta gizon orori boto eskubidea eman zion, baita emakume alargun eta ezkongabeei ere. Paolik unibertsitatea sortu zuen Cortin, uhartearen erdigunean. Egun, hiri hori dute abertzaleek hiriburu historikotzat. Nolanahi ere, Paoliren kargua bizitza osorako zela finkatu zuten Konstituzioan, eta ez zuten argi zehaztu Asanbleak hura kargutik kentzeko eskumena.

Ekonomian, bertako dirua kaleratu zuen Paolik; eta patataren laborantza sartu zuen. Halaber, inprimategi nazionala ezarri zuen Campolorn; eta Isula Rossa herria sortu zuen, genoatarrek oraindik Calvin eta Algajolan zuten presentziari aurre egiteko.

1768an, uhartearen kontrola berriz hartzeko modurik ez zuela ikusirik, Korsika Frantziari saldu zion Genoak, Versaillesko Itunaren klausuletako batean oinarrituta. Urtebete geroago, 1769ko maiatzean, Frantziako armadak Paolik gidatutako armada menderatu zuen. Korsikaren independentziaren bukaera izan zen.

Paoli eta 600 bat jarraitzaile Ingalaterrara joan ziren, erbestera. Harako bidean, Europan barrena, askoren miresmen eta gorespena jaso zuten. Izan ere, haien borroka ospetsu bilakatua zuen James Boswell idazle britainiarrak.

Frantziako Iraultzaren ondoren, askatasunaren eta demokraziaren ikur bilakatu zen Paoli. Asanblea Nazional Konstituziogileak Parisera gonbidatu eta heroitzat hartu zuen. Gainera, teniente jeneral kargua eman eta Korsikara bidali zuten.

Halere, Paoliren eta Frantziako Konbentzioaren arteko harremanak gaiztotuz joan ziren. Paolik 1793an Asanbleara deitu zuen Cortin, bera presidente gisa arituta, eta formalki Frantziatik bereizi zuen Korsika. Parisekin fio ez zenez, frantsesak Korsikatik kanporatzen laguntzearen truke erresuma ingeles-korsikarra eratzea eskaini zion Londresi. Konbentzioak «traidoretzat» jo zuen korsikarra.

Horri erantzunez, Paoliri Babbu di a Patria titulua eman, eta Ingalaterrako erregeari fideltasunaren zina egin zioten Cortin asanblea nagusia egin zuten herritar eta diputatuek. Halere, Ingalaterrak korsikarrei nahi bezalako babes eta sostengua ematen ez ziela ikusirik, erbestera jo zuen Paolik.

Londresen egokitu zen berriz, eta 81 urterekin hil zen, 1807ko otsailaren 5ean. Gerora, oroitarri bat eraikiko zioten Westminsterko abadian; errautsak jaioterrira eraman zituzten, Morosagliara. Cortiko unibertsitateak haren izena du 1981ean berriro zabaldu zutenetik. Frantziarrek 1769an itxi baitzuten.



ITZAL HANDIA. Paolik eta haren borroka ibilbideak izan zuten garrantziaren eta itzalaren lekuko dira Jean-Jacques Rousseau, Voltaire eta beste pentsalari batzuek erakutsitako miresmena. Horren haritik, 1768an New York Journal-eko zuzendariak «munduko gizonik handiena» iritzi zion Paoliri. Horrez gain, AEBetan zazpi hiri edo herrik dute Paoli izena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.