Kosovori 1.200 milioi euro agindu dizkio nazioarteak, Europako Batzordeak antolatuta, Bruselan egindako nazioarteko diru emaileen konferentzian. Europako Batzordeaz gain, NDF Nazioarteko Diru Funtsak, MB Munduko Bankuak eta NBE Nazio Batuen Erakundeko hainbat agentziak hartu dute parte.
Europako Batzordeak, Kosovori 500 milioi euroko diru laguntza emateko konpromisoa hartu du. Batzordeko kideek Kosovo berreraikitzeko emandako lehen pausoa da hori. Helburua, garapen ekonomikorako baldintza egokiak sortzea da, batez ere lanpostuak eratzeko eta atzerri inbertsioak sustatzeko.
Dena dela,Europako Batzordeak Kosovori emandako dirua «behar bezala» erabiltzeko neurri politikoak hartzeko eskatu dio, ustelkeria kasuak sor ez daitezen.
Batzordeko bozeramaile batek jakinarazi duenez, datozen urteetarako mila milioi euro bildu nahi dituzte kideen artean. Dena dela, herrialde bakoitzak, Kosovori nahi duen diru kopurua emateko aukera izango du.
AEB Ameriketako Estatu Batuak ere laguntza ekonomikoa emateko prest dira. Bruselan egindako diru emaileen konferentzian jakinarazi zuenez,255 milioi euro emango dizkio datozen hilabeteetan. Horietatik 95 milioi herrialdeak dauzkan zorrak kitatzeko erabili beharko ditu. Hein berean, Bulgariak ere emango dio laguntza ekonomikoa; bere aurrekontu orokorretatik 500.000 euro, hain zuzen ere.
Diru laguntzen garrantzia
Kosovok laguntza ekonomikoak ezinbestekoak ditu, besteak beste, energia azpiegiturak hobetzeko. Izan ere, 1999an NBEk Kosovoko zuzendaritza onartu zuenetik gaur arte, argindar mozketak arrunt bilakatu dira, nahiz eta herrialdeak ikatz erreserba garrantzitsua duen. Gainera, Europako herrialderik txiroena da; biztanleen %40 lanik gabe daude, gehienak gazteak.Beraz, datozen hiru urteetan langabezia tasak behera egitea ezinbestekoa da garapenaren bideari heltzeko. Horren harira, Hashim Thaçiren gobernuaekonomia egitasmoak zehazteko plana egiten ari da, etorkizuneko erronka nagusiak zeintzuk diren jakiteko. Horietako bat pobreziari aurre egitea izango da. Izan ere, Kosovoko biztanleen %15 miseria gorrian bizi baitira, eta %45, berriz, txiroak dira.
Kosovok otsailaren 17an aldarrikatu zuen Serbiarekiko independentzia. Aldarrikapena Europako Batasuneko 27 kideetatik hogeik onartu zuten. Txinak eta Errusiak, berriz, ez dute independentzia sostengatu.
Hashim Thaçi Kosovoko presidenteak independentzia onartu eta lau hilabetera jarri zuen indarrean Konstituzioa. Bertan, Kosovo herrialde independente, burujabe eta demokratikoa dela zehazten da.
Orain NATOko 16.000 soldadu daude Kosovon albaniarren eta serbiarren tentsioa arintzeko. Bestalde,EBk bi mila aditu bidaliko ditu , berreraikitze lanetan laguntza eman dezaten.
Kosovo berreraikitzeko, 1.200 milioi euro agindu ditu nazioarteak Bruselan
AEBek 255 milioiko laguntza emango dio Kosovori, eta 95 milioi, zorrak kitatzeko erabili beharko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu