KOSOVO. Kosumi lehen ministroak dimisioa eman du, alderdiaren babesa galduta

ERREDAKZIOA
2006ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Kosovoko lehen ministro Bajram Kosumik dimisioa eman zuen atzo, «koalizioaren hobebeharrez». Kosovoren Etorkizunerako Aliantzako kideak koalizioaren konfiantza galdu zuen. Alderdikideek koipekeriaz jokatzea eta herrialdea zuzentzeko gaitasunik eza leporatu zioten. NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Kofi Annanek berak ere kritikatu egin zuen Kosumi, NBEk eskatutako eredu demokratikoa lortzeko nahikoa ez saiatzeagatik.

Kosovok aurten erabaki behar du independentzia nahi duen. Han bizi diren gehienak albaniarrak dira eta independentziaren aldekoak dira. Serbiarrek, ordea, Kosovo autonomo izaten jarraitzea nahi dute. Kosovoren auziaz arduratzen den Nazio Batuen Erakundeko ordezkari Martti Ahtisaariren esanetan, Kosumiren dimisioak ez du prozesua kaltetuko.

Lehen ministro berria

Gerrillari ohi bat, Agim Ceku, aukeratu dute Kosumiren hurrengo izateko. «Cekuk arduraz zuzenduko du herrialdea, eta independentzia lortzeko egingo du lan», esan zuen alderdiak. Kosumik atzo eguerdian eman zion dimisioa Kosovoko presidente Fatmir Sejdiuri eta zenbait iturriren arabera, hark onartu egingo du Aliantzaren proposamena.

Ceku lehen ministro izateak Serbiaren haserrea eragin dezake. 2002an gerra krimenez akusatu zuen Belgradek gerrillari ohia. Gerra garaian, Kroaziako gutxiengo serbiarraren aurka egitea leporatu zion. Ez dirudi, ordea, zigortuko dutenik, bere aurkako agindua Belgraden soilik dagoelako indarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.