Horri esker, estatus anomaloa dauka Kosovok munduaren aurrean. 54 herrialdek aitortu diote burujabetza; mendebaldeko potentzia nagusiak tartean. AEB Ameriketako Estatu Batuak izan ziren independente gisa onartu zuten lehenak, aldarrikapenaren biharamunean bertan. Berdin jokatu zuten haren aliatu nagusiek, berehala: Japoniak, Hego Koreak, Afganistanek eta Malaysiak.EB Europako Batasuneko 27 kideetatik 22k ere nazio-estatutzat jotzen dute. Baita Kolonbiak, Panamak eta Costa Ricak ere. Beste zortzi herrialdek horretarako asmoa iragarri dute. Baina 37k, ordea, ez. Errusia da azken horien buru. Serbiaren aliatu sendoa izan da beti NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan, izan ere. Eta horretan beto eskubidea duen Txinak ere, goganbehartsu, Serbiaren menpekotzat dauka oraindik, eta legez kanpokotzat jotzen du Kosovoko Legebiltzarraren erabakia. Artean, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearentzat Kosovo ez da nazio bat, enklabe bat baizik.
Hori ikusita, oniritzia eman dioten herrialdeen «kalitatea» nabarmendu duHashin Thaci Kosovoko gobernuburuak. Herrialdea independentetzat jotzen dutenak munduko ekonomiaren %71 osatzen dutela gogorarazi du gerrillari ohiak. Era berean, gerra diplomatikoa deklaratu dio Serbiari: urtebetean hemezortzi enbaxada zabalduko dituela iragarri du, nazioartearekin zuzeneko harremanei ekiteko.
«Erantzuna emanez herriaren eskaerari [...]; jakinik Kosovo kasu berezia dela, Jugoslavia desegiteko prozesu adostasunik gabearen ondorioz sortua eta beste inolako egoeratarako aurrekari ez dena; gogoan izanik Kosovon urteetan izaniko borrokak eta indarkeria [...]; herriak modu demokratikoan aukeraturiko buruzagiok aldarrikatzen dugu Kosovo estatu independente eta burujabea dela». Hala dio, besteren artean, asteartean urtea beteko duen testuak. 109 legebiltzarkideek bozkatu zuten haren alde. Jakup Krasniki parlamentuko presidenteak «Kosovo estatu demokratiko aske eta independentea da» adierazi zuen berehala. Eta albaniar jatorriko kosovoarrak kalera atera ziren, Albaniako bandera eskutan, ospatzera. Serbiar jatorrikoek, berriz, manifestazioak egin zituzten, erabakia gaitzesteko.
Estatua izateko lanak
Orduz geroztik, hainbat urrats egin ditu Kosovok nazio gisa. Independentzia aldarrikatu eta bi hilabetera, iazko apirilaren 9an, Pristinako Legebiltzarrak Konstituzio berria onartu zuen. Eta ekainaren 5ean jarri zen indarrean. Horri erantzunez, Serbiak ere hainbat pauso eman ditu. Ekainaren 28an, esaterako, Kosovoko serbiarrek legebiltzar propioa osatu zuten iparraldeko Mitrovica hirian -Serbiarekin mugan dago hiri hori-. Izaera ordezkatzailea eta politikoa bakarrik du Parlamentu horrek, funtzio legegilerik eta betearazlerik gabe. Probokaziotzat eta ezegonkortzeko saiotzat jo zuten gertakaria Kosovoko agintariek.
Eta halakoak saihestea da gobernu gaztearen lehen helburua. «Bost urtez egonkortasunari eusten badiogu, bakea gotortuko da». Hori izan da urteurrenean Thaci lehen ministroak egin duen asmo onen deklarazioa. Izan ere, gatazka armatua amaitu eta 200.000 serbiar-kosovoar inguru Kosovotik atera ziren. Baina serbiar jatorriko 100.000 lagun daude egun Kosovon, haietatik 40.000 iparraldean.Eta etnia horren eta albaniar-kosovoarren arteko ezinikusiak bere horretan dirau. Horretatik liskarrik sor ez dadin, Kosovoko Segurtasun Indarra sortu dute aurten; 2.500 soldadukoa -NATOk ere baditu soldaduak Kosovon, 16.000 inguru-. Era berean, Thacik aurreratu du Segurtasun Nazionaleko Batzordea osatzekoak direla.
Bestalde, sistema judiziala ere eraberritu nahi du. Horretarako, aholkua eskatuko die EB Europako Batasunaren misio zibila osatzen duten 2.000 adituri. Herrialdeko erronka nagusiari buruzko asmorik ez du agertu; ekonomiari dagokionez, alegia. Egoera larrian daude, izan ere, kosovoarrak. Herrialdeko batez besteko langabezia tasa %45ekoa da; %80rainokoa zenbait eremutan. Eta urteko 1.500 dolarrekoa da, berriz, per capita errenta. Ustelkeria ohikoa dela salatu izan dute.
Bere burua independente aldarrikatu aurretik, Serbiako probintziatako bat zen Kosovo. Hala zen, behinik behin,NBEren 1244 ebazpenaren arabera. 1999. urtean sartu zen hori indarrean, Serbiako armadak Kosovoko gerra galdu zuenean. Dena den, Serbiako Gobernuak ez zuen haren kudeaketan askorik esku hartzen. NBEk administratzen zuen barrutik, eta NATOren KFOR misioak zaindu.
2.000
Desagertutako albaniarrak. Kosovon urtebeteko gerran desagertu ziren 2.500 albaniarretatik 2.000k hala jarraitzen dutela salatu du Gurutze Gorriak. Lekukoen arabera, indar serbiarrek bahitu eta hil zituzten, 1998 eta 1999 artean. Gorpuak hobi komunetan daudela diote.Basamortuko ibilbidea independentziarantz
1974. Kosovoko Probintzia Autonomo Sozialistak, Serbiaren menpe egon arren, nolabaiteko autonomia zuen.1989. Slovodan Milosevicek agintea eskuratzean, autonomia galdu zuen .
1991-1992. Jugoslavia zaharra osatzen zuten sei probintzietatik lau banatu egin ziren; Montenegro eta Serbia ez.
1991. Gobernu paraleloa osatu zuen Kosovok. Nazioarteak ez zuen onartu.
1999. Gerra hasi zen. Rambouilleteko (Frantzia) negoziazioek huts egitean, Belgrad bonbardatu zuen NATOk.
2007. Nazioarteak zaindutako independentzia proposatzen zuen Ahtisaari planak. Serbiak ez zuen onartu.
2008. Independentzia aldarrikatu zuen Kosovoko Legebiltzarrak.
Kosovokoa eredu bihurtzea oztopa dezake Hagak
Kosovoren alde bakarreko independentzia aldarrikapenak nazioarteko zuzenbidea urratzen duen argitzeko eskatu zion iaz NBE Nazio Batuen Erakundeak Hagari. Batzar Nagusian, Serbiaren eskaria sostengatu zuen gehiengo batek 192 herrialdetatik 77k- joan den urriaren 8an. Hala, Nazioarteko Justizia Auzitegiari pasatu zion lekukoa, Kosovoren estatusaren gainean iritzia eman dezan. Erabakitzen duena erabakita ere, ez du indar loteslerik izango epaileen ebazpenak. Hala ere, aldarrikapena legez kanpokotzat joz gero, ateak itxi liezazkieke horrek Kosovoren bidea jarraitu nahi luketen gainerako herrialdeei. Bi urte inguru beharko ditu Nazioarteko Justizia Auzitegiak iritzia osatzeko.Zapore gazi-gozoarekin ospatuko dute kosovoarrek independentziaren lehen urteurrena. Dagoeneko ez daude Serbiaren uztarripean, baina estatu berriak ez die ekarri ekonomia oparotasunik.
Bazkaltzeko, ogi xerra bat gaztarekin
Pau Bori PristinaKonjuh izeneko herri txiki batekoa da Haliti familia albaniarra, eta beren bizitzako egunik zoriontsuentzat oroitzen dute 2008ko otsailaren 17a. «Hamarkadaz hamarkada ez ezik, mendez mende itxaron izan dugu egun hau, eta, azkenean, bete egin zaigu ametsa», azaldu du Hazem Halitik, familiako aitak. «Praktikan, ordea, atzipetuta gaude, ekonomia ez baita ezertan ere aldatu». Haliti senar-emazteek eta haien lau seme-alabek egunean euro batekin baino gutxiagorekin irauten dute bizirik, Kosovoko hiru familiatatik batek bezalaxe. «Askotan ez dugu ezertxo ere jaten eguerdira arte, eta ogi xerra batekin eta gazta puska batekin bakarrik etsi behar izaten dugu». Serbiarren talde paramilitar batek torturatu egin zuen Hazem, 1999an, gerra garaian. Ordudanik, ikusmena galduz joan da, pixkanaka, lanerako ezinean gertatzeraino. Azeminak, berriz, bihotzeko arazoak ditu; apenas irteten den etxetik.
Kalkuluen arabera, bi milioi kosovoarretatik erdiek ez dute lanik, alegia, independentzia lortu aurretik bezain bestek.«Ez dira gure itxaropenak bete» dio Adriati Kelmendi-k, Kosovo TV telebista kateko zuzendariak. «Finantza krisi globalaren eraginez, estatu berria sortzeak ez digu ekarri espero bezalako inbertsiorik», argudiatu du Kelmendik. «Nazioarteko komunitateak askatasuna ekarri digu, baina zegoen-zegoenean utzi digu ekonomia», ekarri du hizpidera Ramadan Ilazik, Pristinan politika zientziak ikasten diharduen ikasle batek.
«Ez da samurra halako ekonomia egoera bat gainditzea, gerra garaian dena suntsituta geratu zen, eta hutsetik hasi behar izan genuen», azaldu du Ajri Begu ekonomialariak, Pristina erdialdean kafe bat hartzen ari delarik. «Hain zuzen ere, azken hilabeteetan, gauza garrantzitsu batzuk egin dituzte: eskola berriak eraiki eta errepideetan zoladura jarri».
Arazo politikoa sustrai
«Askatasunaren zain hainbeste itxaron eta gero, normala da, orain, eskuratu dugularik, ez begitantzea irudikatu genuen bezain polita» dio gogoetatsu Eqrem Bashak, Kosovoko idazlerik ezagunenetako batek. Hala ere, baikor agertu da: «Gure esku dago etorkizuna, gure bizimodurako berebizikoa den kontu bat konpondu dugu, eta hemendik aurrera eguneroko arazoez arduratu beharko genuke». Ajri Begu ekonomia analistaren ustez, aldiz, «politikoa da oraindik ere arazo guztien sustraia: ez gara eskubide osoko estatu bat». Izan ere, munduko zati handi batek ez du oraindik Kosovo onartu. «Egin dugu lehenbiziko urratsa, baina oraindik asko dugu egiteko, behar besteko onespena lortzearren», azaldu du Beguk.
Kosovoko gehiengo albaniarrak eta gutxiengo serbiarrak ekonomia larrialdi bera partekatzen dute -200 euro da, haien batez besteko soldata-, Europako Batasunean sartzea dute amets, eta sukaldaritza ohitura asko partekatzen dituzte, baina elkarri aspaldidanik dioten gorrotoak bananduta bizi dira. Talde batekoek beste taldekoak salatzen dituzte, lehenbiziko harria bota izanaz. Historiak ageri duenez, albaniarrak eta serbiarrak ez dira harmonia erabatekoan bizi izan elkarrekin Kosovon, Erdi Aroaz geroztik.
Kosovoko mendebaldeko herri txiki bat da Vidanje, eta serbiarrak dira han gehiengoa. Vidanjeko irakaslea da Milanka Sarkovic; herriko serbiar guztien etxeak erre zituen albaniarren talde paramilitar batek, 1999an, eta Milanka ezin izan zen etxera itzuli 2005era arte.
Biztanle albaniarrez inguraturik daudenez, Vidanjeko serbiarrak aldian-aldian baino ez dira irteten herritik, hurbilen duten herri batera erosketak egitera, Klina izenekora. «Kartzela batean bageunde bezala sentitzen gara», dio atsekabeturik Milankak. Astean behin, doako autobus bat ibili ohi da, joan-etorrian, hainbat gune serbiarren eta Mitrovicaren artean; Kosovoko iparraldeko hiri nagusia da Mitrovica, eta serbiarrak dira han gehiengoa.
Vidanjeko ehunen bat bizilagunak harro-harro daude beren eskolaz -hamasei ikasle ditu-. Ikastetxea, Belgradek finantzaturikoa izaki, Serbiako hezkuntza planari darraio. «Ez dugu inolako harremanik Pristinarekin, bakarrik Belgraden mendean gaude, lehen bezala», azaldu du Milankak. Neska-mutiko serbiarrek ez dute albanieraz ikasten, eta albaniarrek ere ez dute serbiera ikasten. Etorkizunean gero eta zailagoa izango da komunikatzeko hizkuntza bat aurkitzea.