MUNDUA

Kosovorekin lankidetza hastea onartu du EBk

Pristinarekin elkarlanerako hitzarmen bat negoziatzea onartu du Europako Batasunak, baina Espainiak eta beste lau estatuk ez dute Kosovo onartzen, eta negoziatzen hasteak ez duela haren independentzia onartzea adierazi nahi zehaztu du EBk.

2013ko ekainaren 25a
20:15
Entzun

Serbia EBn sartzeko negoziazioei eta Kosovorekin elkartze akordio bat bilatzeko elkarrizketei oniritzia eman diete Batasuneko 27 herrialdeek. Serbiak eta Kosovok elkarren arteko harremanak normaltzeko egin dituzten urratsak babestu zituen horrela EBk. Atzerri ministroen erabakia ostiralean berretsi beharko dute EBko estatu eta gobernu buruek.

Serbiarekin 2014ko urtarrilean hasi beharko dituzte negoziazioak, beranduenez; Alemaniak ez du aurten hastea onartu. Kosovoren kasuan, berriz, EBk elkartze eta egonkortze akordioa bilatu arren, horrek ez duela haren burujabetza aitortzea esan nahi zehaztu dute. Bost estatu kidek -Espainia, Zipre, Grezia, Errumania eta Eslovakia-, izan ere, ez dute onartu Kosovoren independentzia. 

2008ko otsailean aldarrikatu zuen Kosovok independentzia, aldebakarrekotasunez. Hainbat estatuk aitortu zioten estatu izaera, baina ez zuten hala egin beste batzuek. Zatiketa horrek badirau bost urte geroago, eta azaleratu egin da Europako Batasunarekin elkarlanean aritzeko negoziazioak abiatzea erabaki dutenean.

Atzo eztabaidatu zuten 27 herrialde kideetako Atzerri Ministerioetako ordezkariek Kosovorekin lankidetza hitzarmen bat abiatzeko aukeraz, baina ez ziren ados jarri. Espainiak eta Ziprek oztopatu zuten agiri bat adostea, ez baitute Kosovo estatu gisa aitortzen; ezta Grezia, Errumania eta Eslovakiak ere. Gaur, lankidetza hastea onartu dute, horrek Kosovoren independentzia aitortzerik ez duela esan nahi zehaztuta.

"Ez dugu jarrera aldaketarik Kosovoren inguruan. Serbiarekin akordio bat dago, ezarri eta ebaluatu egin behar dena, baina ez du ezerk aldarazi izan dugun jarrera", esan zuen atzo Espainiako Atzerri Gaietarako Estatu idazkari Gonzalo de Benitok. Ohartarazi zuenez, "90 herrialde daude nazioartean Kosovoko independentziaren kontra, eta gu talde horretan gaude".

Saria akordioarengatik

Kosovorekin lankidetza hitzarmen bat abiatzearekin batera, Serbia EBko kide izateko negoziazioei data bat jarriko liekete 27ek. Horrela, Pristinak eta Belgradok euren harremanak normalizatzeko erdietsitako akordioa saritu nahi du Europako Batasunak.

Efe berri agentziak eman du 27ak lantzen ari diren testuaren zirriborroaren berri. Agiriak dioenez, "estatu kideek estatusaren inguruan duten jarrera alde batera utzita" egingo litzateke Kosovorekin lankidetza hitzarmena. Akordioa EBk eta Pristinak negoziatuko lukete, eta ez EBko estatu kideek. Horrela, saihestu egingo litzateke Kosovo aitortzen ez duten herrialdeek hitzarmena berretsi behar izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.