Kaledonia Berrian, kostaldean bizi diren herritarrak "berehala ateratzeko" agindu du gobernuak, tsunami arriskua dela eta. Izan ere, goizaldean 7,5 graduraino heldu den lurrikara izan dute uhartean. Pazifikoko Tsunamietarako Alerta Zerbitzuak ohartarazi du itsasoa metro bete eta hiru metro artean igo daitekeela.
Lurrikarak Mare irlan izan du erdigunea, hamar kilometro inguruko sakoneran. Seismo nagusi horren aurretik eta ondoren ere izan dira mugimenduak. Tsunamiak inguruko uharteei ere eragin diezaieke; besteak beste, Fijiri, 0,3 eta metro bateko itsasgorarekin.
Agintariek aterpeak prestatu dituzte herritarrentzat, eta eskatu diete haietara bil daitezela ahalik eta azkarrena. Horietara joan ezin dutenei, berriz, itsas bazterretik 300 metrora urrun daitezela eta hamabi metroko altuerara igo daitezela aholkatu diete.
Pazifikoko Suzko Eraztunetik eta Lau Sakonguneko urpeko sumendietatik gertu dago Kaledonia Berria, eta, horren ondorioz, ohikoak dira han halako lurrikarak.