Errusia

Krimeako atentatua tiroz egin dutela erran dute agintariek

Kertx hiriko ikastetxe batean hemeretzi pertsona hil dituzte. Penintsulako buruzagiak ikasle bati egotzi dio erasoa.

Kertxeko ikastetxearen ataria,erasoaren ondoren. KERCH F.M./EFE
mikel rodriguez
2018ko urriaren 17a
07:46
Entzun

Kertxeko eskola politeknikoan hil dituzten gehienak ikasleak dira, Itar-Tass agentziaren arabera. Hasiera batean agintariek adierazi dute lehergailu batekin egin dutela erasoa, baina ondoren Svetlana Petrenko Errusiako Ikerketa Batzordeko bozeramaileak Itar-Tass agentziari erran dio tiroz hil dituztela. Aitzinetik Sergei Aksionov Krimeako Errepublikako buruzagiak adierazi bezala, Petrenkok erran du erasotzailea ikastetxeko ikasle bat izan dela, eta bere buruaz bertze egin duela. Aksionovek erran du ikasle hori Kertx bertakoa zela, eta liburutegian aurkitu dutela haren gorpua. Agintariaren arabera, 47 lagun zauritu dituzte.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak adierazi du "sakonki" ikertuko dituztela atentatuaren "motiboak eta teoriak". Itar-Tassen arabera, "ekintza terrorista" gisa hasi dira ikertzen erasoa.

Krimeako penintsulak egoera politiko gatazkatsua bizi izan du azken urteotan, baina agintariek ez dute adierazi horrek zerikusirik izan ote duen erasoarekin.

Krimeako Errepublika 2014tik da Errusiaren parte. Urte horretara arte Ukrainaren zati izan zen, baina biztanleen %60 inguru errusiar etniakoak ziren. Ukrainako nazionalistek Viktor Janukovitx presidentea indarrez boteretik kendu ondoren, ezegonkortasun politikoa nagusitu zen herrialdean. Kieveko gobernu berriaren beldur, Krimeako agintariek penintsularen kontrola hartu zuten, eta martxoan prozesu bizkor batean erreferenduma egin, independentzia aldarrikatu, eta Errusiari batu zioten lurraldea, Kremlinen laguntzarekin. Gaur egun nazioartean hagitz herrialde gutxik onartzen dute bategite hori, eta AEBek eta EB Europako Batasunak indarrean dituzte Errusiaren aurkako zigor ekonomikoak eta diplomatikoak. Hala ere, de facto, Krimea Errusiaren parte da gaur egun, eta zubi baten bidez penintsula lotzeko lanak ere hasi dituzte aurten; hain zuzen, leherketa gertatu den Kertx hirian izanen du muturretako bat zubi horrek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.