UKRAINA

Krimeara soldaduak bidaltzea onartu du Errusiako Parlamentuak

Errepublika autonomoan Errusiako soldaduak sartzea adostu du Krimeak. "Ondorioez" ohartarazi dute AEBek. Bestalde, Krimeako Gobernua legez kanporatu du Ukrainako Gobernuak.

Identifikatu gabeko soldaduak Simferopolen. MAXIM SHIPENKOV, EFE
jon olano
2014ko martxoaren 1a
15:31
Entzun

Ukrainako egoeraren mataza, askatu beharrean, gehiago korapilatzen ari da egunetik egunera. Ukrainako Gobernuaren eta haren aldeko herrialdeen, eta Errusiaren arteko tirabirek Krimeako errepublika autonomoa dute epizentro. Vladimir Putin Errusiako presidenteak baimena eskatu dio parlamentuari Krimeara tropak bidaltzeko, eta eskari horri baiezkoa eman dio parlamentuak.

Lehenago, ordea, Errusiak Itsaso Beltzean duen flotak baieztatu du akordio batera heldu dela Krimearekin, Ukrainaren menpeko errepublika autonomoan Errusiako soldaduak hedatzeko. Ukrainako Barne Ministerioak, ordea, ohartarazi du soldadu ukrainarrak prest daudela herrialdea defendatzeko.

Igor Teniuj Ukrainako Defentsa ministroak salatu du 6.000 soldadu bidali dituela Errusiak Krimeara eta hori bi aldeen arteko akordioak urratzea dela. "Uneotan, Errusiako Federazioak 6.000 soldadutan ugaritu ditu bere tropak [Krimean]", esan du.

Errusiak, ordea, Ukrainari leporatu dio talde armatu bat Krimeako Barne Ministerioaren egoitzan sartzen ahalegindu dela bart goizaldean, eta biktimak eragin dituztela. Ohar batean, Errusiako Atzerri Ministerioak azaldu du "oso kezkatuta" dagoela gertatutakoarekin, eta "arduragabe" jokatzea egotzi dio Ukrainako Gobernuari. Halaber, Errusiak adierazi du aintzat hartuko duela Sergei Axionov Krimeako lehen ministroak Errusiari eginiko laguntza eskaera.

Gobernua, legez kanpo

Ukrainako behin-behineko presidente Oleksander Turtxinovek legez kanporatu du Krimeako Gobernu berria, dekretu bidez. Gainera, Ukrainako Konstituzioa urratu izana egotzi dio Axionovi.

Egoera horretan, Krimean autonomia handitzeko maiatzaren 25ean egitekoak ziren erreferenduma martxoaren 30era aurreratzea erabaki du Axionovek. "Egoera zaila dela-eta, eta kontuan izanda egungo gatazka zentzuzko neurrietatik atera dela, erabaki dugu erreferenduma aurreratzea", azaldu du.

Krimeatik at ere oposizioa du Ukrainako egungo gobernuak. 10.000 lagun inguru elkartu dira Donetsken, Ukraina ekialdean, gobernu berriaren kontra protesta egiteko. Bertakoa da Viktor Janukovitx presidente ohia.

G-8aren bilera, kolokan

Errusia Krimean sartuz gero "ondorioak" izango direla ohartarazi du bart goizaldean Barack Obama Amerikako Estatu Batuetako presidenteak. Haren ustez, "Ukrainako burujabetzaren kontrako edozein erasok ezegonkortasun handia" eragingo luke.

Urgentziazko agerraldia egin du Obamak Ukrainaz mintzatzeko. "Zalantzarik gabe, AEBak nazioateko komunitatearen ondoan pausatuko da", esan du. AEBek eta haren aliatuek mahai gainean dute lehen neurria; Errusia Krimean sartu dela baieztatuz gero, G8a ekainean Sotxin egitekoa den goibilerara ez joatea aztertzen ari dira.

Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak ere Errusiari eskatu dio errespeta dezala Ukrainaren burujabetza eta lurraldetasuna: "XXI. menderako pentsaezinak irudituko litzaizkigukeen gertakariak dira".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.