KRIMEA

Krimeatik erretiratzeko agindu dio Ukrainako presidenteak armadari

Gaurtik Errusiako errubloa da txanpon ofiziala penintsulan.

Ukrainako soldaduak, Krimean. JAKUB KAMINSKI, EFE
2014ko martxoaren 24a
07:40
Entzun

Ukrainako armada Krimeatik erretiratuko da. Alexandr Turtxinov presidenteak Ukrainako Parlamentua osatzen duten alderdiei eman die aginduaren berri. "Segurtasun eta Defentsarako Kontseilu Nazionalak Defentsa Ministerioari agindu dio Krimeako Errepublika Autonomoan dauden unitate militar guztiak erretiratzeko", azaldu du Turtxinovek.

Halaber, agindu du "presiopean etxea uztera behartuta dauden militarren senideei ostatu ematea bermatzeko". Krimeak independentzia aldarrikatu eta Errusiak bere barnean Krimea onartu ostean, pixkanaka ari da gauzatzen aldaketa.

Krimean diren Errusiako tropek, gainera, Itsaso Beltzean geratzen diren Ukrainaren aldeko bi itsasontzietako bat beren egitea lortu dute. EFE agentziak Ukrainskaya Pravda egunkaria iturritzat hartuz zabaldutakoaren arabera, 200 soldadu errusiarrek egin diete aurre itsasontziko 21 marinelei. Geratzen den itsasontzi bakarra ere saiatu dira hartzen errusiarrak, baina eskifaikideek lortu dute izkin egitea.

Errubloa, ofiziala gaurtik

Gaurtik aurrera errubloa da Krimean txanpon ofiziala. 2015eko urtarrilaren 1a arte hori eta Ukrainako txanpona izango dira ofizialak Krimean, baina bihartik pentsioak eta beste zenbait ordainketa errubloetan egingo ditu Krimeak, Sergei Axionov presidenteak jakinarazi duenez.

Errusiako Banku Zentralak 1.200 milioi euro eman dizkio gordailuen bermerako funtsari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.