Halako kasuak aitzaki hartuta, Pax Christigobernuz kanpoko erakundeak txosten bat argitaratu zuen, bahiketen industriari buruzkoa. Horren arabera, Mexiko dago bahiketak gertatzen diren herrialdeen zerrendaren buruan; Iraken edo Kolonbiaren aurretik.Berezitasun bat dute, gainera, Mexikoko kasuek: drogen trafikoarekin lotura estua. Ikerketa horrek argitu du, halaber, 2007an 7.000 bahiketa gertatu zirela Mexikon, benetako kopuruaren hein bat baino ez. «Bahitzaileen jomuga nagusi dira, besteak beste, negozio tratulari arrakastatsuak eta klase ertaineko kide aski dirudunak. Turista iparramerikarrak ere izan ohi dira biktimak, sarritan».
Martiren kasuak, baina, antz izugarria du Man of fire-Gizon bat sugarretan- filmaren gidoiarekin. Tony Scott zuzendariak 2004an grabatu zuen film hura Mexiko hirian; hango pertsonaia nagusia -Denzel Washington aktoreak jokaturikoa- bizkartzain profesional bat da, zaintzen duen neskatoaren-Dakota Fanning- bahiketatik bizirik atera dena; eta, hura hilik dagoelakoan, mendekuzko oldarraldi odoltsu bati ekiten dio, eta familia aberatsen haurrak bahitzen espezialistak diren polizien elkarte sekretu bati aurpegi ematen. Harrigarriak dira Martiren kasuaren eta filmaren arteko antzekotasunak: benetako kasuan erebada bizirik atera den bizkartzain bat, Cristian Salomones izenekoa. Hura itoarazten saiatu eta krisantemo lore bat ahoan duela laga zuten. Marti familiak ere bahiketen aurka jardundako fiskal bat kontratatu zuten lehenengo egunetik beretik, Ernesto Mendieta. Hark negoziatu zuen bahitzaileekin. Egun Mexikoko Fiskaltza Nagusiak ikergai du Mendieta. Harrigarria bada ere, Mendieta bera izan zuen aholku-emaile Tony Scottek bere filma girotu ahal izateko. Man of Fire filmak hain ongi harilkatzen duen Polizia, abokatu eta enpresari ustelkeriak jotakoen arteko bilbea taxutzeko Mendietari egin zion kasu.
Filmean bezala, polizia judizialen talde bat da -La flor izenekoa- mutikoaren bahiketaren eta hilketaren erantzulea. Jose Luis Romero Angel hiriburuko fiskaltzako komandantea zen taldearen buru. Ogasuneko datu baseak eskuragarri zituen hark, etabeste hainbat polizia judizialekin konpontxo eginda zegoen.Benito Juarez aireportuan ziharduten azken horiek. Maila guztietako poliziak -tokian tokikoak etafederalak- ziharduten lanean bahiketa sare sosfistikatu horretan. Alejandro Martik, hildako mutilaren aitak, honako hau adierazi du oraindik orain egin dioten elkarrizketa batean: «Ez dakigu poliziak ziren ala poliziaz mozorrotuta zeuden, baina ahalmen handiko armak zeramatzaten eskuetan; patruilak, dorrexkak, konoak eta guzti zituzten, gelditu beharra zegoela adierazteko. Txoferrak, ziur askorik, amua irentsi eta autoa gelditu egingo zuen, eta atea zabalduko zien».
Gobernuari kontu eske
Enpresarien sektorea matxinatu egin da, orain artean babestu duten Felipe Calderon presidentearen aurka. Jose Antonio Ortegak, Segurtasun Publikorako eta Zigor Justiziarako Herri Kontseiluko presidenteak, gobernuaren aurka jo zuen zuzenean 2008ko abuztuaren 10ean izenpeturiko gutun ezinago gogor batean: «Badirudi gaindituta dagoela Gobernua». Mexikoko burgesiaren haserrea biziagotu baino ez da egin oraindik oraindik enpresari ospetsu bat bahitu eta hil dutelako: Marco Ivana del Rincon da hirurogei urte hauetan bahitu eta hil izan dituzten hirurogei lagunetatik azkena; haietako asko Mexikoko goi burgesiako familia itzaltsuetakoak ziren.
Felipe Calderon presidenteak eta Mexikoko alkate Marcelo Erbradek, berriz, elkarri egotzi diote poliziak Marti kasuan izandako porrota. Erbradek hurrengo segurtasuneko goi bilera balia dezake, Mexikoko presidentea kasu horien guztien erantzuletzat jotzeko . Hartara, telebista kateen laguntza beregana lezake, 20012ko hauteskundeetara begira dituen presidentetza asmoak betetze aldera.
Gizartearen desegituratzea borborrean dela, Report Indigo aldizkariak gogora ekarri berri du Marcos Tinoco Gancedo Koronelak -Mexikoko bahitzailerik odoltsuenetako batek- 2002ko ekainaren 18an kartzelatik igorritako gutun bat. Gutun hartan, Genaro Garcia Luna -Vicente Fox presidente zela Ikerketa Agentzia Federaleko zuzendari izandakoa-, Alberto Pliego -Prebentziorako Polizia Federaleko komandantea- eta Martin Levario -ministerio publikoko agentea, errepublikako presidente izandakoaren oso hurbilekoa- «oso ondo antolaturiko adiskideak» zirela salatu zuen; hirurek ere elkar hartuta omen ziharduten, elkar «babesteko» promesarekin.
Salaketa hura medio, kartzelatu egin zuten Alberto Pliego. Frogatu egin zuten Moreloseko-Mexiko hiriaren ondoko estatua- bahitzaile sareekin zerikusia zuela. Haren ustezko nagusi eta lagun Genaro Garcia Luna, berriz, Segurtasun Publikoko idazkaria da gaur egun, eta Mexikoko polizia guztien koordinatzailea. Ageriko sekretua da dagoeneko, etahurrengo egunetakoren batean dimisioa emango duela aipatzen dute hedabideek.
Nuevo Laredon, bestalde, enpresariak mugaz beste aldera ari dira joaten, bahitzaileen beldur. Mexikoko estatu aberatsenetako bat da Nuevo Laredo, eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako Texasekin egiten du muga. Hilero hogei enpresari gehiago bihurtzen dira Texasko egoiliar.
«Zigorgabetasuna da arazoaren muina», dio Mexikoko Segurtasunean aditurik handienak, Alejandro Gertz Manerok. «Eragin handiko delituen %99 konpontzeke daude». Haren arabera, egiturak huts egiten du.Eta hori konpondu ahal izateko, krimenaren fenomenoari buruzko diagnosi erabatekoa egin behar da. «Ez da arazo politiko soila».«Nola egingo dute halakorik?», galdetzen du, berriz, Jose Antonio Crespo analista politikoak, iruzkin batean. «Nola eragotziko dute zenbait agentek ageri ohi duen estortsiorako eta delituak egiteko joera hori?». «Urte askotarako» erreformatu zuten guztia, «eta lehengo hartan jarraitzen dugu». Erantzunak airean daude.
Hogei aldiz handiagoa da bahiketen kopurua munduan
1999an 5.000 bahiketa izan ziren munduan. %92, hamar herrialdetan. Egun, zenbaki hori 20 aldiz handiagoa da. Pax Christi erakundeak 100.000 kasu inguru zenbatu ditu. Bahiketa gehien Mexikon izaten da, eta, ondoren, Iraken. Arrazoiak politikoak baino gehiago, ekonomikoakizan ohi dira.7.000
Mexikon iaz bahitutakoak. Pax Christi erakundearen txosten baten arabera, 7.000 lagun bahitu zituzten iaz Mexikon. Dena den, bost kasutik bakarra salatzen dute, Poliziak eta gaizkileak elkar hartuta egongo diren beldur baitira familiartekoak.11
Burua moztuta. Yucatan estatuan, Mexikoko hego-ekialdean,11 gorpu aurkitu dituzte burua moztuta. Ikerketak egiten ari badira ere, narkotrafikoaren usaina dute hilketek. Beste estatuetan ohikoak dira halako kasuak, baina Yucatan seguruenen artean zen orain arte.Narkotrafikoa, Mexikoko krimen gehienen atzean
Mexikoko bahiketa askoren atzean narkotrafikoa dago. Droga trafikoa kontrolatu nahi dutenen arteko liskarrek, ordea, bestelako emaitzak ere baditu: egunean 11,7 hildako. El Chapo Guzman da Mexikoko droga trafikatzaile boteretsuena. Federazio Berria izeneko kartela -gisa horretako legez kanpoko erakundeei ematen zaien izena- sortu du, Sinaloakoa eta Juarezkoa elkartuta. Golkoko kartela da aliantza horren aurkaria. AEB Ameriketako Estatu Batuetako inteligentzia agentzien arabera, halako beste hiru elkarte daude iparraldeko mugan: Tijuanakoa, Amezcua eta Valenciatarrena eta Istmokoa. Guztien artean kokainaren eta marihuanaren trafikoa kontrolatzen dute.Nazioarteko Kazetarien Elkartearen ustez, zigorgabetasunaren eta indarkeriaren paradisua da Mexiko. Haren arabera, hilketei dagokienez, erruz gainditu du herrialde horrek Kolonbia.
«Gobernuari berdin zaio kazetariak hiltzen diren edo ez»
O. M. Mexiko HiriaArgi gorri guztiak piztuta dituzte Mexikon, iparraldeko Chihuahua estatuan hilketa jendetsu bat gertatu denetik. Mexikorentzat ere, zerbait berria da. Joan den abuztuaren 13an, zortzi sikario armatu -jatorri errusiarreko Ak-47 submetrailadore eskuetan hartuta- tiroka sartu ziren Ciudad Juarezko Drogazaleentzako Birgaitze Zentroan, hara bildutakoak meza entzuten ari zirela. Zentroko zortzi drogazale eta apaiza hil zituzten. Oinez egin zuten ihes hiltzaileek. Inolako presarik gabe gurutzatu zuten hiriaren erdigunea.Droga trafikoaren aurkako gerran murgilduta dabil Ciudad Juarez, eta polizia federalak hartua dago.
Amaigabea da hilen kiribila. Dagoeneko 170 lagun hil dituzte Chihuahuan, joan den abuztuaren 1az geroztik. Sarraski etengabeak, bahiketak, mota guztietako hilketak eta bortxaketak izan dira, guztiak ere eredu berekoak. Zigor gabe dirauen guztiak. Hala salatu zuen, behintzat, Diana Washingtown kazetariak Ciudad Juarezko feminizidioari buruzko bere liburu ospetsuan, Cosecha de mujeres izenburukoan-Emakumeen uzta; Oceano, 2005-.Chihuahua eta Kalifornia Beherea estatuek, eta azken horretako Tijuana hiriak batez ere, duela ia hogei urte ekin zioten herrialde osoan gailentzen ari den hilketa jendetsuen kiribil horri.
Kazetari lanbidekoak dituzte jomuga, bai kartelek, bai polizia taldeek, bai eta gobernu erakundeek ere. Victor Manuel Oropeza izan zen Ciudad Juarezen sare kriminalek hildako lehenbiziko kazetaria (1991), eta hark bide eman zion Mexikon hurrengo hil zuten kazetari andanari. Handik hogei urtera, 2008ko ekainaren 23an, Candelario aldizkariko erredaktoreari «azkena eman» zioten, haren gurasoek Ciudad Juarezen zuten etxe aurrean. Lurrean, Ak-47 markako 15bala zorro aurkitu zituzten.
Erasoak hain dira izugarriak, non joan den apirilaren 20an Mexikon izan baitziren kazetarien eta hedabideen aurkako erasoak aztergai dituen Nazioarteko Dokumentazio Batzordekoak. Astebeteren buruan, besteak beste, Sonora, Michoacan, Guerrero eta Oaxaca estatuetan zehar ibili ziren Mugarik Gabeko Berriemaileen elkarteko, Unescoko, Kazetarien Nazioarteko Federazioko, Artículo 9 erakundeko eta beste zortzi elkartetako ordezkariak. Estatu haietako hainbat kazetari, hedabideren jabeak, gizarte mugimendutako jendea eta giza eskubideen aldeko erakundeetakoak elkarrizketatu zituzten. Batzorde hark egindako txostena, berriz, Mexikoko Hiriko Melia hotelean aurkeztu zieten hedabideei eta agintariei, 2008ko abuztuaren 19an. Txostenaren izenburuak ez du zalantzarako zirrikiturik uzten: Prentsa askatasuna Mexikon. Zigorgabetasunaren eta indarkeriaren itzalpean.
2000. urtetik 24 kazetari hil dituzte, eta beste zortzi berriemaile desagerrarazi. Prentsaurrekoan adierazi zutenez, boladan dabil auto zentsura, eta zenbait estatu gatazkatsutan ez dituzte jaso drogen trafikoari buruzko berriak.
Dario Ramirez da Artículo 19 erakundeak Mexikon duen ordezkaria. Erakunde horrek gainbegiratu ohi ditu prentsa askatasunari mundu osoan egiten dizkioten erasoak. Ramirezek honela laburbildu dio BERRIAri txosten horren premiazkotasuna: «Herrialde honetako indarkeria maila neurrigabea da. Distritu federaletik kanpo, arrisku handian dago prentsa askatasuna». Ameriketako kontinente osoan, Mexiko da kazetaritzan aritzeko tokirik arriskutsuena, Ramirezen arabera. «Ez da interpretazio soil bat, egiazko errealitatea baizik; baina Mexikoko Gobernuak oraindik ez du inolako neurririk hartu. Bat bera ere ez».
Mexikoko Gobernuaren diskurtso bikoitzaren aurkako arrazoibideak erabili zituzten etengabe Nazioarteko Kazetarien Elkartekoek. Ramirezek berretsi egiten ditu esan horiek: «Borondate politikorik eza baino areagoa da. Erdeinu erabatekoa. Erantzunak hutsalak dira, edukirik gabekoak, burokrazia hutsezkoak». Ekintzailearen esanetan, eremu federalean nahiz tokian-tokian, entzungor egiten ari zaizkio politikariak Mexikon gertatzen ari denari. «Oaxacara bazoaz, gobernadorearen aginduz gertatzen da han gertatzen ari dena. Beste horrenbeste gertatzen ari da Guerrero, Sonora edo Michoacan. Mexikoko estatua ez da inondik ageri».
Erdeinu erabateko hori hedabideen jabeei ere badagokie, Ramirezen ustez: «Ez dugu ikusi ahal izan inolako elkartasun ekitaldirik». «Halako kopuru batek zergatik ez ote du jendea larriarazten?», galdegiten du, eta horrek Mexikon aurrerantzean inolako informaziorik ez izatea ekar dezakeela ohartarazi. «Bestelako kontuetan ez ezik, berez ere gain behera dator herrialdea», ondorioztatzen du Ramirezek. Mexikoko diplomaziak izugarrizko bitartekoak ditu bere esku nazioarteari jakinarazteko ongi egiten ari dela egin beharrekoa; baina, egiaz, Mexikoko Gobernuari berdin dio kazetariak hiltzen ote dituzten».
Mexiko da kazetari jarduteko Ameriketan dagoen herrialderik arriskutsuena»
dario ramirez
Artikulu 19 erakundeko ordezkaria