Carlos Pazos (Habana, Kuba, 1936) bakearen aldeko mediku eta ekintzailea da. IPPNW Gerra Nuklearrari Aurrea Hartzeko Medikuen Nazioarteko Erakundeko hegoaldeko herrietako presidentea da. Arma nuklearrez josirik dagoen mundua arriskutsua dela uste du, batez ere krisi garaian.
Gerra nuklear baten arriskuagatik kezkatu beharko genukeela uste duzu. Zergatik?
Seguru nago arrisku hori daukagula, nazioarteko egoera ikusita argi dagoelako potentzia nuklearrak ez daudela prest desarmatzeko, berdin dio AEBetakoa izan edo Irangoa. Hori argi geratu zen Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunari buruzko azken biltzarrean, New Yorken. Desilusio handia egon zen, emaitzak eskasak izan zirelako. Gainera, AEBetatik datozen albisteak ez dira oso onak, arma nuklear berriak egiten ari baitira. Pentagonoko ordezkariek gidaturik nazioarteak hainbat eskualdetan arma nuklearrak egiten ari direla salatzen dute, orain Iranekin ari diren bezala, eta aitzakia erabili eurek lan egiteko. Baina ez da ahaztu behar arma nuklearren erabilerak zibilizazioaren amaiera esan nahi duela, eta mehatxua handia da; ohiko armen eta nuklearren armategiak daude, eta, aldi berean, erabiliko direnaren ziurgabetasuna.
IPPNW erakundeak egin duen azken batzarrean krisia eta gerra jarri dituzue parez pare. Zer dela eta?
Nire ustez, bi gai horiek lotura zuzena dute. Gaur egun munduan diren arazoak orain arte bizi izan ditugunak baino askoz larriagoak dira. Ez da krisi ekonomiko edo finantza krisi soil bat. Mundu osoan krisi asko daude: ingurumenaren krisia, politikoa, militarra, gosearena eta askoz ere gehiago. Krisi horiek guztiek euren jatorria neoliberalismoan dute, eta nazioarteko gatazkak sortzen ditu. Belgikako soziologo eta apaiz François Houtartek honela esan zuen: «Kapitalismoa bere fase armatuan sartu da».
Gaur egungo krisiaren eta 1930eko hamarkadako egoeraren artean antzekotasunak ikusi izan dituzu.
Hala da, baina gaurko egoera askoz zailagoa da, munduko ekonomia lotuagoa dagoelako. Bankuen auzian ongi ikusi ahal izan dugu hori. Historian atzera egiten badugu, berriz, ikus dezakegu krisi oro ez da gerran amaitu, baina gerra guztiak krisi ekonomiko batekin hasi dira.
Munduko krisiaren eta handituz doan militarizazioaren arteko lotura zuzenak aipatzen dituzu beti.
Hegoamerikan, adibidez, AEBen aldeko militarizazioa oso azkar ugaritzen ari da. Washingtonek baliabide naturaletan interesa duela argi daukat; Ibai Handiaren hegoaldean. Zoritxarrez, gizarteak ez du ezer ikasi bere historiatik, baina zalantzarik gabe, arazo ekonomikoak militarki konpontzeko egitasmoak daude. Eta hor ikus daiteke Gerra Hotzarekin alderatuz ezberdintasuna.Garai horretan bi blokeen artean oreka bat zegoen. Ez dut esaten oreka hori ona eta aproposa zenik. Baina gaur egun falta zaigun oreka da.
Gai horretaz hitz egiten duzunean, beti Eurasiazhitz egiten duzu.
Bi eskualdeak batera ikusi behar ditugu. Asiako kontinenteak -Europaren mugakidea-baliabide natural ugari ditu, horrek azaltzen du AEBek eskualde horretan duten interesa. Gainera, AEBak ez dira industri potentzia bakarra baliabide naturalen horniketarekin arazoak dituena, Japonia eta Txina egoera berean daude. Uste dut Asiako aberastasun naturalak era masiboan gehituko direla.
Horrek azaltzen al ditu Iranekin dituzten liskarrak?
Dudarik gabe; Irango auziak horri erantzuten dio. Kontuan izan behar da inork ezin duela bermatu gerra posible bat Asiako eskualde horretara mugatuko dela eta Europara ez dela zabalduko. Arazo zahar bat dugu aurrean: edozeinek dauka gerra bat hasteko aukera, baina oso gutxik dakite nola bukatu.
Zer egin daiteke?
Garrantzitsuena da bakearen aldeko borrokarekin jarraitzea eta ez gogogabetzea. Jendeari arriskuez informatu behar diogu, batez ere arma nuklearrak dituzten herrialdeetako biztanleei.
Carlos Pazos. IPPNW Gerra Nuklearrari Aurrea Hartzeko Medikuen Nazioarteko Erakundeko kidea
«Krisi oro ez da gerran amaitu, baina gerra guztiak krisi batekin hasi dira»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu