Venezuela

Krisia bideratzeko lehen bilera egin dute gobernuak eta oposizioak

Protestarako deia "gutxietsi" egin zuela onartu eta "elkarbizitza" arautzea proposatu du presidenteak, eta Caprilesek "muturreko jarrerak" baztertzea eskatu du.

Gobernuak eta oposizioak beste erakunde batzuekin batera egindako bilera. SANTI DONAIRE, EFE
Berria
2014ko apirilaren 11
09:52
Entzun

Venezuelan iraultza bolivartarra hasi zenetik lehen aldiz, aurrez aurreko elkarrizketa bat izan dute gobernu chavistak eta MUD Batasun Demokratikoaren Mahaian bildutako oposizioak. Nicolas Maduro presidenteak haste-hastetik argi utzi nahi izan du elkarrizketa txanda ez dela "negoziazio bat", baina eztabaidatzeko prestutasuna agertu du herrialdeko krisi politikoa bideratu eta ekonomiarentzat aterabideak bilatzeko. Oposizioak kalera protestan irteteko egin zuen deia "gutxietsi" egin zuela onartu du Madurok, eta, bi aldeek elkar ezagututa, eredu diferenteen arteko elkarbizitza arautzeko premia nabarmendu du.

Henrique Capriles MUDeko buruzagiak, berriz, krisi politikoa 2013ko apirilaren 14ko presidentetza hauteskundeek eragin zutela azpimarratu du, eta "muturreko jarrera gogorrak" baztertu ezean Venezuel "lehertu" egingo dela erantsi zuen. Indarkeria gaitzetsi eta oposizioak ez duela estatu kolpe bat behartu nahi adierazi zuen Caprilesek. Madurori arduragabekeria ere egotzi zion MUDeko buruzagiak, oposizioari buruz hitz egiteko daukan moduagatik, "faxista deituz eta mehatxuka". Amnistia lege bat eskatu zion oposizioak Venezuelako Gobernuari.

Maduro eta Jorge Arreaza presidenteordearekin batera gobernuko bederatzi ordezkari eta oposizioko hamar eseri ziren Miraflores jauregian. Unasurren izenean Brasil, Kolonbia eta Ekuadorreko Atzerri ministroek parte hartu zuten elkarrizketetan, eta Vatikanotik Caracaseko nuntzio Aldo Giordanok Frantzisko aita santuaren mezu bat irakurri zuen. Piero Parolin Vatikanoko Estatu idazkariak ezin izan zuen aurreneko bilerara joan, baina hurrengoetan parte hartzeko prest ageru da. Aurrerantzean, izan ere, asteartero biltzeko proposatu zuen oposizioak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.