Espainiako PP Alderdi Popularra sortu zenetik (1990) emaitzarik onenak jasotzekotan da gaur. PSOE alderdi sozialista, berriz, 1978tik okerrenak izateko arriskuan; gainera, lurralde guztietan galtzeko arriskua du. Baina krisi ekonomikoak eta hura kudeatu ezinak jarriko du Mariano Raxoi popularra presidentetzan, ez karismak edo sinesgarritasunak.PSOEren gotorlekua, Andaluzia, ez du agindutako politikengatik eskuratuko; gehiengo osoa lortzen badu, ez da jario gardenetik eta konpromisotik etorriko: ekonomiaren gainbeherak egin dio kanpaina, azken egunetan zer esanik ez, arrisku sariaren kopuru historikoen ondorioz. Zapateroren gobernuaren kudeaketa eta, beraz, Alfredo Perez Rubalcabarena kritikatzeko aukerak barra-barra eman dizkio gaurkotasunak. Gaur, eskuinaren aroa hasiko da.
Indartsu hasi ere, inkestek diotena betetzen bada. Argitaratu diren azkenak, hauteskundeak baino astebete lehenago, bat datoz PPrena sekulako garaipena izango dela, eta PSOErena, berriz, hondamena. PPk 154 eserleku ditu egun, eta bakarrik aritzeko 176 beharko ditu; dena den, inkesta guztien arabera, 184 eta 198 bitarte lortuko ditu, hau da, gehiengo osoa. PSOE, berriz, 169tik 112raino jaitsiko dela iragartzen dute inkesta ezkorrenek, demokrazia garaian emaitzarik okerrenak aurreikusiz. Eta Andaluzia kuttuna galduko du, gainera; urdina izango da lehen aldiz: PPk 33 eserleku eskuratuko dituela diote inkesta gehienek, eta PSOEk 23 eta 25 bitarte. Sozialistek atzera egingo dute zortzi probintziatan, eta Sevillan PPk irabaziko du.
Astebetean botoak berreskura daitezkeelako Rubalcabak mitin kopurua erruz handitu du azken egunetan, puntuen aldea gutxitzeko besterik ez bada, eta zalantzan daudenen eta aurrerakoien botoa eskatu du; ezkertiarrek, oro har, boto baliagarriaren alde egin dezatela, PSOEren porrotari etekina aterako dion beste alderdia IU Izquierda Unida izango baita. 2008an bi eserleku eskuratu zituen, eta orain, berriz, 11raino ematen dizkiote. Herrialde Katalanetan eta Galizian, berriz, popularren igoera ere nabarmena da. Nazionalistek, oro har, 2004ko emaitzen antzekoak dituzte, eta joera da PSOErenak zirenak joatea PPra. Baina izugarri.
Herrialde Katalanak
Herrialde Katalanetan, Kataluniako bozkalekuetatik, estu-estu aterako dira PSC, CiU eta PP alderdien arteko ezberdintasunak. Gora edo behera, PPk inoiz baino emaitza hobeak izango ditu, 2000. urteko jokalekura itzuliz; baina orduan Aznarrek lortutako egoera baino hobea izango du Raxoik. PSCk, berriz, hamar eserleku inguru galduko dituela esaten ari dira. ERCk hirurekin berdinduko luke emaitza, eta ICVk (2) bat irabaziko luke. Valentzian, berriz, PPk PSOEren eserleku bat bereganatuko luke; IUk sozialisten bi, eta Compromis nazionalista ezkertiarrek lehen aldiz ordezkaritza izango lukete Madrilen. Balearretan bi alderdi nagusien arteko berdinketa apurtuko litzateke PPren alde.
Galizian, PPk irabaziko dituenak PSOEk galdutakoak direla diote inkestek. Lau eserleku gehiagorekin hamabost eskuratuko lituzkete popularrek, eta sozialistak seirekin geratuko lirateke. BNGk, berriz, antzeko emaitzak eskuratuko lituzke: bi eserleku eskuratzeko adina.
Okerrik gabeko kanpaina
Raxoik kanpaina osoan gidoi berari jarraitu dio: krisia eta «lanik egin ezin» dutenak, baina batez ere zalaparta gehiegi atera gabe; aldeko haize boladari berea egiten utzi dio, egin zitezkeen akatsak zainduz. Egingo duenaz eta ez duenaz ezer argirik esan gabe joan da kanpaina, bere norabidea aldatzea lortu ez duen gertakaririk gabe —2004an mapa politikoa erabat aldatu zuena beti gogoan—. Eta, azkenean, onartu du kanpainan inkesta guztiek esan dutena: «Uste dut hauteskundeak irabaziko ditugula; sinetsita nago, eta esaten dut».
Sozialistek azaldu dute mundu zabaletik eta Europatik datorren krisia dela; saiatu dira Espainiatik kanpo jartzen arazoaren epizentroa, baina gobernuaren kudeaketak ez die konbentzitu, batez ere krisiaren drama etxean sufritzen dutenei. Egoerari eutsi ezinik Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak hauteskundeak aurreratuko zituela iragarriz gero, eta alderdiko baroiek Rubalcaba hautagai sendoa porrot hori saihesteko jarrita ere, ez dute lortu amildegiaren eragile izanaren irudia uxatzea.
Kanpainan Zapatero alboratu egin dute; hark egindakoa desagerrarazi, bai onak eta bai txarrak, eta Felipe Gonzalezek eta Alfonso Guerrak hartutako protagonismoa esanguratsua izan da, Andaluzian bertan, sozialismoaren bihotzean. Iraganeko koadroek sendotasuna eta alderdiaren unerik onenak marraztu nahi izanda ere, PSOEren etorkizuna lausoa dela irudikatu dute, alderdia bera ere krisian dagoela agerian utziz, proiektu eta egitura erakargarririk gabe.
Raxoik ere 1996ra jo izan du zulotik ateratzeko gaitasuna aipatzerakoan, baina egungo egoera ez da Gonzalezek, Guerrak edota Aznarrek girotu zutena, eta Raxoik gobernura heltzerakoan lanak izango ditu sekulako abiaduran dabilen krisia kontrolatzeko. Europan gobernu kontserbadoreetara aldatu diren herriak ez dira nabarmendu hobera egiteagatik, eta, gainera, bankuek ezarritako teknokraziaren garaian, Raxoiren jarduera Europatik doazkion neurri ekonomikoen menpekoa izango da. Garailearen larruan ohartarazi du dagoeneko aldaketa ez dela berehala etorriko; krisia ez dela garaipenaren euforian itoko.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak
Krisia eskuinaren alde jarri da
Mariano Raxoi Espainiako presidentetza gehiengo osoz eskuratzeko bidean da gaur, eta PSOE porrot historikoa erdiesteko bideanHautagaien proposamenen gainetik egoera ekonomiko txarrak baldintzatu du kanpaina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu