Mundua

"Krisia" saihesteko, Europan "aldaketak" egin beharko dituztela dio Sarkozyk

Irlandak Lisboako Itunari ezezkoa ematea "kasualitatea eta ustekabea" ez dela izan uste du Frantziako presidenteak, baina ez du erreferendumen alde egin; estatuen berreste prozesuarekin segitu behar dela adierazi du.

2008ko ekainaren 14a
13:59
Entzun
Irlandako herritarrek erreferendumean Lisboako Itunari emandako ezetza kolpe gogorra izan da Europako Batasuneko (EB) estatuentzat, eta gaur Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak adierazi du "Europa egiteko moduan aldaketak" egin beharko dituztela "krisia" saihestu ahal izateko. Irlandako emaitza "errealitate politikoa" dela esan du, "eta onartu egin behar da. Ez da kasualitatea eta ustekabea izan".

Irlandako Errepublikako -Irlandako iparraldekoek ez zuten bozkatzeko aukerarik- boto-emaileen %53,4 azaldu da Lisboako Itunaren kontra. Baiezkoak %46,6 izan dira, eta parte-hartzea %51ekoa izan da.

Aurrera begira, "europarren eguneroko bizimoduan zerbitzua emateko orduan eraginkorragoak" izan behar dutela adierazi du Sarkozyk, George Bush Ameriketako Estatu Batuetako presindentearekin Parisen egindako bileraren ondoren. "Herritar askok ez dute ulertzen nola ari garen egiten Europa".

Hala ere, ez da erreferendumen alde azaldu. EBko 27 estatuetatik 18k Lisboako Ituna berretsia dutela gogoratu du Frantziako presidenteak -erreferenduma Irlandan baino ez dute egin-, eta berresteko prozesu horrekin segitu behar dela.

Hain zuzen, Frantziak uztailaren 1ean hartuko du EBko txandakako presidentetza.

Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko presidenteordeak ere aitortu du irlandarren ezezkoak "zailtasunak" jarriko dituela. "Baina gaindituko ditugu".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.