Txinako Nekazaritza Ministerioaren datuak biltzen ditu dokumentuak, inkesta batean oinarritutakoak. Hamabost probintziatako 150 hiritan egin dute galdeketa, Ilargiaren UrteBerriaren ostean -urtarrilaren 26an, aurten -. Hirietan lan egiten duten baserritarrak jaioterrira joan ohi dira ospakizunetarako. Baina aurten, hiriguneetara itzultzean, ezin izan dute lanik topatu haietako askok. Gobernuaren arabera, 130 milioi lagunetatik %15,3k, zehazki. Baina zifra hori handiagoa ere izan daitekeela diote beste iturriek. CASS Txinako Gizarte Zientzien Akademiaren arabera, esaterako, 200 milioi lagun dira landa mundutik hirietara lan bila joandakoak.
Bide beretik, hiriguneetako langabezia tasa ofiziala %4,2koa zen iazko abenduan; 2003az geroztik handiena. Zifra hori ere ez da erreala, ez baititu jasotzen hirietan lan egiten duten nekazariak. Haiek ez daude erregistratuta, izan ere. Horiek kontuan izanda, beraz, egungo langabezia tasa %9,4koa litzateke, CASSen aburuz.
Ehunekoak ehuneko, milioika lagun horientzat lanpostuak sortzea presazkotzat jo du Gobernuak, gatazka soziala ekidingo badu. «Ekonomia sustatzea da Gobernuaren lehen lana», esan du horren harira Zhou Yongkang Txinako Poliziaren buruak. «Ekonomiak zuzeneko lotura du familien iraupenarekin, eta, beraz, gizarteko egonkortasunaren eta harmoniaren oinarria da».
Munduko hirugarren ekonomiaren - AEB Ameriketako Estatu Batuetakoaren eta Japoniakoaren atzetik, Txinakoa da handiena- iazko hazkundea ez zen espero bezainbestekoa izan. 2008ko azken hiruhilekoan BPG Barne Produktu Gordinak %9 baino ez zuen egin gora, aurreko bost urteetan %10 baino gehiago hazi ostean. Eta horren ondorioak hasi dira nabaritzen: estatistika ofizialetan eta kalean.
Azken asteetan manifestazio jendetsuak egin dituzte lanik gabe dauden taxi gidariek eta poliziek. Eraikuntzako mila langile inguruk zubi bat blokeatu eta 500 bat poliziari aurre egin zieten iragan urtarrilaren 15ean, Anhui ekialdeko probintzian. Haserre ziren, enpresak ordaindu ez zielako. Hamar lagun zauritu ziren,liskarren ondorioz.
Halakoak berriro gerta ez daitezen, Gobernuak hainbat neurri hartuko dituela iragarri du. Nekazaritza sustatuko du, bereziki. Hala, aurrekontuaren zati handiago bat erabiliko dute horretarako. Iaz 595.550 milioi yuan -68.300 milioi euro - inbertitu zituen landa eremua garatzeko. Era berean, diru laguntzak eman zizkieten hamabi probintziatako nekazariei, kontsumo ondasunak erosteko, hala nola hozkailuak, telebistak eta sakeleko telefonoak. Azken neurri horren helburua, berriz, barne kontsumoa sustatzea da, esportazioen galerari aurre egiteko -hori izan da, tradizioaz, Txinako ekonomiaren lokomotora-. Eta aurten martxan jartzekoak diren neurrien artean ere izango da halakorik, agintariek nondik norakoak zehaztu ez dituzten arren. Era berean, soja eta koltza ereiten dutenei diruz lagunduko dietela ere aurreratu dute.
Barne migrazioa
Txinako 1.300 milioi biztanleen erdia landa eremuetan bizi da. Barrualdeko eremua da hori, eta kostaldekoa baino askoz gutxiago garatua dago. Ekialdeko hiriak dira, izan ere, industrializatuenak eta, beraz, aberatsenak. Hego-ekialdeko Guangdong probintziako BPGa, esaterako, Txinako batez bestekoa baino hiru puntu gehiago hazten da hangoa urtero.
Lehorteak jota dago landa eremua iazko azarotik. Jada 96.700 kilometro koadro lur hondatu ditu eta lau milioi nekazariri erasan die ur faltak. Populazio dentsitate handieneko eskualdeetan ari dira hori gehien pairatzen, erdialdeko Shaanxin eta ipar-mendebaldeko Hebeien. Finantza Ministerioak horri aurre egiteko 100 milioi yuan -11,5 milioi euro- baliatu ditu. Eta baserritarrei ur iturri berriak aurkitzen irakasteko adituak bidali dituzte. Baina askok nahiago dute Kanton, Shangai eta Xiamen eta antzeko hiri erraldoietara abiatu, diru sarrera handiagoa emango dieten lanpostuen bila. Horiek lirateke Gobernua larritu duen balizko gatazka sozialaren gertaleku.