Iheslariei mugak ixten eta, gainera, sartzen direnak kanporatzen ari da Kroazia. Ranko Ostojic Barne ministroak iragarri du 20.000 iheslari inguru eraman dituztela Hungariara eta Esloveniara. Iheslariek sartzen jarraitzen duten bitartean neurri berarekin jarraituko dutela iragarri du.
Hungariako Atzerri Gaietarako ministro Peter Szijjartok Kroaziari leporatu dio "iruzur" egin diela gainerako herrialdeei errefuxiatuen auziari buruz.
Schengen eremua, barruan direnentzat, mugak ezabatu eta herritarren ibili askea bermatzeko tresna bat da, duela hogei urtetik hona. Baina, kanpotik sartu nahi duenarentzat, iritsi ezineko gotorleku bat ari da bilakatzen. Gerratik ihesi Europa iparraldera heldu nahian Balkanetako igarobidean harrapatuta dauden iheslariak dira horren lekuko.
Hungariak Serbiarekiko muga hesitua itxi zuenetik, Kroaziako lur malkartsuetatik bilatu zuten migratzaileek Alemania eta Eskandinaviarako bidea. Baina Esloveniak eten egin du Kroaziatik zetorkion tren garraioa, 300 iheslariz betetako tren bat sartu ondoren, eta Hungaria, berriz, Kroaziako mugaldea ere hesitzen hasi da. Bide itsua ari da bilakatzen, horrenbestez, Schengen eremurako hegoaldeko sarbidea iheslarientzat. Hala ere, azken orduetan 1.500 iheslari inguruk lortu dute Esloveniara igaro eta handik Austriarako bidea hartzea.
Italian, Grezian eta Hungarian asiloa eskatu duten 120.000 iheslari nola banatu erabakitzeko bilera asteartean daukate Europako Batasuneko Barne ministroek. Eta hurrengo egunean EBko estatu eta gobernuetako agintari gorenak elkartuko dira, migratzaileen krisiari aterabide iraunkor bat ematen saiatzeko.
Txarrenean, bezperan 28 estatu kideetako Barne ministroek ez badute aho batez 120.000 iheslari banatzeko kuota sistema bat adosten, asteazkenean agintari gorenek gehiengo bidezko banaketa bat erabaki dezaketela aurreratu du Alemaniako Atzerri ministroak: «Ez da posible pisu guztia Alemaniak, Austriak, Suediak eta Italiak hartzea», erantsi du Frank Walter Steinmeierrek. Halaber, Sigmar Gabriel Ekonomia ministroak berriro plazaratu du iheslarien krisiarekin «elkartasunik» erakusten ez duten herrialdeei EBko funtsak mozteko aukera.
Orain arte Europa ekialdeko estatuak izan dira iheslariak banatzeko derrigorrezko kuota bat onartzea eragotzi dutenak, hain justu Bruselatik egiturazko funts gehien jasotzen dutenak, baina Alemaniak ez du galdu adostasun batera iristeko itxaropena: «Bozketa prozesuan gaude, eta zantzu onak eta mugimenduak ikusi ditugu hainbat estatutan. Horrelakoa da Europa: argudiatu eta lana gogor egin beharra dago albokoa konbentzitzeko», esan zuen atzo Steffen Seibert Alemaniako gobernu bozeramaileak.
Suediako eta Frantziako gobernuburuek, berriz, premiazkotzat jo dute Europako Batasunak «akordio iraunkor bat» lortzea iheslariak «elkartasunez» banatzeko, Stockholmen egindako agerraldi bateratuan. «Europak aurrekaririk gabeko erronka bat dauka errefuxiatuekin, eta agerian utzi behar ditu bere balioak. Alemaniarekin batera proposamen bat aurkeztu dugu, eta, oraindik kontsentsurik ez dagoen arren, gehiengoa alde dago», esan zuen Manuel Valls Frantziako lehen ministroak.
Eurostat EBko estatistika institutuak atzo argitaratu zituen aurtengo bigarren hiruhilekoan izan diren asilo eskaerei buruzko datuak. Eta Europa ekialdeko herrialdeek etorkin uholde iraunkor bat jasotzeko arriskurik batere ez daukatela agerian geratu da. Asilo eskatzaileen proportzioa %0 da Eslovakian, Estonian, Letonian, Lituanian eta Kroazian; %0,1 Txekiar Errepublikan; eta %0,2 Errumanian.
'B plana' Kroazian
Bi egunean 13.500 iheslari baino gehiago iritsi dira Kroaziara Serbiatik, eta mugaldeko zortzi pasabideetatik zazpi itxi egin zituzten atzo goizaldean, errefuxiatu uholdeak gainez egin dielako. Esloveniak mugan kontrol zorrotzak ezarri eta Kroaziatik iparralderako tren garraioa eten ostean, iheslari horiek guztiak erregistratu eta artatzeko modurik ez dutela nabarmendu du Zoran Milanovic Kroaziako lehen ministroak. Eta B plana martxan jarri dute: Kroaziara iristen diren iheslariak Hungariako mugara eramatea, Esloveniara beharrean.
Europako Batasunera eta Schengen eremura Greziatik sartu diren iheslariak Balkanetako igarobidean trabatuta daudelarik, Bruselari arau urraketen aurrean ezer ez egitea leporatu dio Milanovicek. Serbiak iheslariak Kroaziara bidaltzen, Bruselak «begiak itxita» eta Hungariak eta Esloveniak mugak oztopatzen jarraitzen badute, B planari eutsiko duela nabarmendu du Zoran Milanovic Kroaziako lehen ministroak.
Aurrez Serbiako mugaldean egin zuen gisan, Kroaziako mugan ere burdin sareko hesi bat eraikitzen hasi zen atzo Hungaria. Eta aurreko lauez gain, beste bi probintzia «immigrazio masiboagatik krisi egoeran» deklaratu zituen Budapestek.
Atzo Kroaziatik iritsitako mila bat iheslari atxiki zituen mugan Hungariako Poliziak, eta beste horrenbeste Magyarboliko geltokira bidean ziren trenean. Erregistro guneetara eramango dituztela jakinarazi zuen Poliziak.