KOLONBIAKO BAKE PROZESUA

Kubara joan dira Kolonbiako bost agintari militar, FARCekin su-etena prestatzera

Oraindik ez dira hasiko alde biko su-etenari eta armak uzteari buruzko negoziazioak, baina azpibatzorde bat osatuko dute, gaia prestatzen hasteko. Kolonbiako presidenteak azaldu du "bakea lortzeko urrats erabakigarria" izango dela gai horri buruz ados jartzea.

Humberto de la Calle Kolonbiako presidente ohia da Kubara joan direnetako bat. ALEJANDRO ERNESTO / EFE
2014ko abuztuaren 22a
18:36
Entzun

Bost puntuko agendan laugarrenean daude FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen eta Kolonbiako Gobernuaren arteko bake negoziazioak. Abuztuaren 16an ekin zioten beste elkarrizketa ziklo bati biktimen auziaz hitz egiteko, eta horretan ari dira.

Hura amaitu arte ez diote helduko su-etenari eta desarmatzeari, baina Kolonbiako bost agintari militar joan dira Habanara gai hori prestatzeko, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak jakinarazi duenez. Ez dakite noiz ekingo dioten bosgarren puntuari, baina litekeena egun eztabaidatzen ari diren gaia urtea amaitu arte luzatzea.

Bosgarren puntuaren konponbidea "bakea lortzeko urrats erabakigarria" izango litzateke, Santosen esanetan.

Nekazaritzaren garapena, parte hartze politikoa, gatazka armatuaren amaiera, drogen negozioa eta biktimen auzia: gai horiek ezarri zituzten negoziazio agendan, 2012ko azaroan ekin zieten elkarrizketei FARCek eta Kolonbiako Gobernuak, eta gerrillak alde bakarreko menia eman zuen orduan. Handik sei hilabetera lortu zuten lehen akordioa —lurraren auziari buruzkoa—.  Politikan parte hartzeari buruzko akordioa iazko azaroan heldu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.