Mundua

Kubari zigorrak kendu dizkio Europako Batasunak

Bart hartu dute erabakia EBko estatuburu eta gobernuburuek, aho batez. Zigorrak kentzearekin batera elkarrizketa hasi nahi dute Habanarekin, giza eskubideen arloan Kubako egoera hobetzeko asmoz.

2008ko ekainaren 20a
18:17
Entzun
Txekiak, Suediak eta azken orduan Alemaniak jarritako eragozpenak gainditu, eta Kubaren kontrako zigor neurriak bertan behera uztea erabaki du bart Europako Batasunak. Beraz, azkenean aho batez egin dute zigorrak kentzearen alde; bart EBko estatuburuek eta gobernuburuek Bruselan egin duten afarian hartu dute erabakia.

Zigorrak kenduta, elkarrizketa prozesua hasi nahi du orain EBk Kubako Gobernuarekin, giza eskubideen arloko egoera hobetzeko. Habana prest agertu da elkarrizketa horri ekiteko, baina zigorrak bertan behera uztea jartzen zuen prozesua abiatzeko Ebaldintzatzat. EBko buruek uste dute une honetan elkarrizketa horiek aurrera eramatea eta giza eskubideak finkatzea posible dela, "Raul Castro presidenteak abiatu dituen aldaketen testuinguruan".

Europako Batasunak 2003an jarri zituen indarrean zigorrak, eta eten egin zituen 1988an abiatutako harreman diplomatikoak. Urte hartan Habanak 75 disidente atxilotu zituelako hartu zuen erabakia Bruselak. 2005ean, aldiz, zigor horiek izoztea erabaki zuten Batasuneko agintariek, Kubak harremanak hobetzeko egindako ahaleginari erantzunez. Geroztik, bere hartan egon dira zigorrak. Baina azken urteetan, ugaritu egin dira horien kontrako ahotsak. Tartean, EBko Atzerri gaietarako komisario Benita Ferrero Waldnerrena. «Keinu itxaropentsuak ikusi ditugu Kuban, eta uste dut gizartearekin eta agintariekin hitz egin behar dugula, aurrerapausoak eta preso politiko gehiago askatzea nahi dugula esateko», esan du berriki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.