Hogeita hamar milioi bizilagun dira kurduak lau herrialdetan: Siria, Iran, Irak eta Turkia. Ez da harritzekoa, beraz, hedabideetan sarri agertzea, ia beti gatazka nazionalak hizpide. Baina badira Mendebaldean oihartzun txikia duten kurduak ere, Turkia edo Irakekoekin alderatuta batez ere.
Irakeko kurduek ia burujabea den eskualdea lortu zutenetik, Kurdistango alde guztietako biztanleak bildu dira «lurralde libre bakar» gisa daukaten eremu horretara. Gehiegi nabarmendu gabe baina askorik ezkutatu gabe, erraz topa daitezke Siria eta Turkiako pasaporteak izan dituzten eta etxera itzultzerik ez duten PKK Kurdistango Langileen Alderdiko gerrillari ohiak. Iranen menpeko Kurdistandik ihesi joandakoak ere milaka dira. Arbil hiriburuko etxe baten afaltzera bildu gara. Hamar telebista kate kurdu dauzkate, alderdi bakoitzak berea, Iraketik edo Europatik emititzen dutenak. Une batez isildu egin dira; PJAK Kurdistango Bizitza Librearen Alderdia gerrillatik hurbil dagoen kateak eguneko martirien zerrenda eman du. Bi gehiagok «lortu» omen dute martiri bihurtzea.
Egoera korapilatsua dela aitortzen dute denek: erabateko liztor habia da gaur egun Hegoaldeko (Irakeko) Kurdistan. Estatubatuarrak dabiltza, noski, eta ez da inolako sekretua Israelekin ere harreman ona daukala kurduen gobernuak. Baina Iranekin ere hainbat egitasmo dauzkate, eta kontsulatua du hark Arbilen. Turkiarrak ere libre dabiltza Kurdistanen, eta zerbitzu sekretuak ere arazo handirik gabe. Eta Iraketik kanpoko kurduekin? «Elkartasunezko jarrera dauka, asko nabarmendu barik, eta pragmatikoa era berean. Lasai ibiltzen uzten digu beste kurduoi, zarata handirik egiten ez dugun artean», dio gerrillari ohi batek. Iranek jazarritako kazetari batek dioskunez, Jalal Talabani Irakeko presidentearen alderdiko prentsa bulegoan dihardu lanean, hark Teheranekin oso harreman onak izan arren. «Irakeko pasaportea ere eman didate, eta libre nabil hemen. Irango zerbitzu sekretuek ere ondo dakite hemen nagoela».
Alik beste gazte batek askoz zailtasun handiagoak ditu. Iranek pasaportea ukatu eta menditik pasa zuen Irakeko muga soldadutzarako deia jasotzean, eta frantsesa ikasi du Arbilen. Frantziak ikasketetarako laguntza eta bisa eskaini dio, baina pasaporterik ez daukanez, ezin irten.
Eskualde militarizatua
Irango hirugarren etnia dira kopuruz, persiarren eta azerbaijandarren ostean, baina aurreko biak xiitak dira, eta kurdu gehienak, aldiz, musulman sunitak. Erregimenaren aurka zuzenen jo duen nazioa dira, eta errepresio handiena jasan dutenak, Pakistango mugaldean bizi diren balutxekin batera.
Irango kurduen azken matxinada 2005ean izan zen. Ordutik zapalkuntza areagotu egin da, gerrilla kurdu berria sortu da, eta gazte askok bat egin dute harekin. Gerrillarien eta pashdaran soldadu islamiarren arteko borroketan ehundik gora lagun hil dira aurten. Kurdistango giza eskubideen erakundeen arabera, lehen bost hiletan 25 hedabide eta webgune kurdu itxi dituzte, eta Adnan Hassanpur eta Hiwa Butimar kazetarien aurkako heriotza zigorrak berretsi. Exekuzioek ere nabarmen egin dute gora Iran osoan, eta Kurdistanen bereziki. Besteak beste, sei emakume eta 15 urteko mutil bi hil dituzte, eta beste bost emakume harrikatuta hiltzera zigortu dituzte.
Alderdiak, Iraken
Sulaimanija eta Arbil hirien erdibidean dauka PDKI Irango Kurdistango Alderdi Demokratikoak egoitza. Hori izan da Irango kurduen erreferente nagusia 1945etik. Sobiet Batasunak babestuta, Kurdistango errepublika independentea sortu zuten Mahabad hirian 1946an, baina gutxi iraun zuen Mahabadeko errepublikak, Stalinek traizio egin eta arazorik gabe sartu baitzen Irango armada. Kazi Muhammad presidentea eta haren laguntzaileak urkatu egin zituzten.
PDKIren egoitza bisitatu dugu, Irandik iritsi diren militante berrien kanpalekuetan hasi eta Mustafa Hijri idazkari nagusiaren bulegoraino. Gela gehienetan hiru argazki daude: Muhammadez gain, Hijriren aurreko idazkari nagusien erretratuak daude: Abdul Rahman Gasselu Vienan hil zuten Irango zerbitzu sekretuek 1989an, eta Sadek Sharafkandi Berlinen 1992an.
Komala da kurduen beste alderdi historikoa. Behinolako ezaugarri iraultzailea bazter utzita, sozialdemokraziaren bidera lerratu da, baina Sulaimanija hiritik hurbileko mendietako egoitzan agerikoa da alderdiaren kutsu aurrerakoia: umeentzako jolaslekuak dauzkate, eta gizon- emakumeen berdintasunari arreta handia jartzen diote. Nongura daude kalashnikovak. «Edozein unetan eraso diezaguke Iranek», diosku Abdula Mohtadi idazkariak.
PJAK fenomenoa
Duela gutxi pentsaezinak ziren aliantzak «bideratu» dituzte kurduek: Turkia sekularrak Iran integristarekin esku hartuta bonbardatzen ditu Kandil mendiak, han daudelakoan gerrillariak. Mendebaldeak errezelo handiz hartu ditu erasoak eta aliantza; Ekialde Hurbilean, berriz, erabateko babesa agertu dio Siriak.
Irango Kurdistango alderdi nagusiek ez dute gustuko PJAK,PKKren adarra delakoan. Gure kontaktuak besterik zioen: «Hegemonia hautsi die, eta gazte askok bat egin dute PJAKekin, Teherani benetan hortzak erakusten dizkion bakarra baita orain».
Jakina da PKK eta PJAKen arteko lotura, baina gauzak are gehiago nahastera dator geopolitika: PKK erakunde terrorista da Mendebaldean. PJAKi, berriz, CIAk laguntzen diola esan izan da. Ofizialki ukatu arren, ez litzateke hain harrigarria, estatubatuarrak arriskuan jarri barik Teherani erasotzeko era baita. Turkiak dio Estatu Batuek bakarrik eman ahal izan dizkieten armak harrapatu dizkietela PKK-ko gerrillariei.
KURDISTAN. Ahaztuetan ahaztuenak
Estaturik gabeko munduko nazio handiena dira kurduak. Ekialde Hurbileko lau herrialdetan, Irak, Iran, Turkia eta Sirian, 30 milioi bizilagun dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu