Ekialde Hurbila

Kurdistango TAK taldeak bere gain hartu du Ankarako atentatua

Joan den hamarkadan PKKtik bereizitako talde bat da. Abenduan Istanbulgo Sabiha Gokçen aireportuari eraso zion morteroekin. Ankaran 28 lagun hil zituen herenegun.

Estatu hileta egin diete Ankarako erasoan hildakoei. TOLGA BOZOGLU / EFE
mikel rodriguez
2016ko otsailaren 19a
10:35
Entzun

TAK Kurdistan Askatzeko Belatzak taldeak bere gain hartu duen erasoa inoiz egin duen handiena da. Nazioarteko berri agentziek argitaratutakoaren arabera, TAKek Interneten argitaratu du Ankarako atentatuaren inguruko oharra, eta erran du Recep Tayyip Erdogan presidentearen politikei emandako erantzuna izan dela. Eraso gehiago eginen dituela ere ohartarazi du. Turkiako presidenteak Siriako kurduen miliziei [YPG Herriaren Babeserako Unitateei] leporatu zien erasoa, eta Ahmet Davutoglu lehen ministroak zehaztu zuen PKKren "laguntza logistikoa" jasoa zutela horretarako. YPGek eta PYD Batasun Demokratikoaren Alderdia Siriako kurduen indar politiko nagusiak gogor ukatu zituzten akusazioak, eta Turkiari leporatu zioten Siria inbaditzeko aitzakia bat prestatzea.

TAKek oharra argitaratu aitzinetik, Erdoganek gaur goizean bertan eutsi dio atzo emandako mezuari. "Rol aktibo bat izan duten hiru izen daude. PYD eta YPGak dira egileak. Ez dugu zalantzarik horren inguruan".  Hirugarren "izena" PKK litzateke, Erdoganen arabera. AEBei ere zuzendu zaie: "Zergatik PYD eta YPG ez daude terrorista izendatuta, eta PKK, aldiz, bai?". Erdoganek erran du gaur Barack Obama AEBetako presidentearekin mintzatzekoa dela auziaren inguruan. AEBetako ordezkariek orain arte egindako agerraldietan adierazi dute ez daukatela daturik errateko atentatua nork egin zuen.

Firat agentziak atzo Cemil Bayik PKK-ko buruzagitzako kidearen adierazpen batzuk argitaratu zituen, eta, horietan, Bayikek zioen Ankarako erasoa izan zitekeela "Kurdistango sarraskien aurkako erantzun bat", baina ez zuen zehaztu nork egina.

Militarrak zeramatzaten hiru autobusen aurka bonba auto bat leherrarazi zuten herenegun Ankaran. 28 hildakoetatik 27 ziren militarrak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.