«Gutako 10.000 atxilotuta ere ez gara zuen aurrean makurtuko», ohartarazi dio BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdi Kurduko legebiltzarkide Gultan Kisanakek Recep Tayiip Erdogan Turkiako lehen ministroari. Izan ere, Poliziak 130 lagun atxilotu zituen atzo, PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin harremana izatea leporatuta. Atxiloketa gehienak, 80 lagun inguru, Istanbulen egin dituzte. Dijarbakir hirian, berriz, 30 atzeman dituzte, eta Gaziantepen, beste hogei bat. Atxiloketa horien atzean agintean dagoen AKP Justizia eta Garapenerako alderdia dagoela salatu du BDPk.
Atxilotuen artean BDPko presidenteordea dago. Operazioaren berri izan eta berehala, atxiloketak irizpide politikoen arabera egin dituztela salatu du alderdi kurduak, eta Erdogani kurduen aurkako errepresioa behin betiko bukatzeko eskatu dio.
Gaur egun 2.500 kurdu daude Turkiako kartzeletan, PKKren adar herritarrarekin lotura izatea leporatuta. Tartean, BDPko bost legebiltzarkide.
Sorgin ehizaren biktima
Atzoko operazioaren helburu bakarra kurduen ordezkaritza politikoa amaitzea dela salatu du Kisanakek, eta sorgin ehizaren biktima direla esan du. «Beste behin, sarraski politiko bati aurre egin beharrean gaude», gaineratu du.
Horren haritik hitz egin du Selahattin Demirtas BDPko buru eta legebiltzarkideak ere. Lehen ministroaren jarrerak negoziazioa indartu ordez ikuspuntuak urrundu eta konpromisoa suntsitzen duela kritikatu du. «Egunero atxilotzen dituzte gure lagunak, legebiltzarkideak, alkateak eta BDPko kideak», kexatu da Demirtas.
Atzoko atxiloketekin AKPk konstituzio berria idazteko prozesuari sabotajea egin diola uste du BDPk. Izan ere, ekaineko bozen ostean konstituzioa aldatzeko asmoa iragarri zuen Erdoganek, eta gehiengo absolutua lortu bazuen ere ez da aski erreformak egiteko. Legebiltzarraren bi herenen babesa behar du konstituzioa aldatzeko. Hori horrela, 36 eserleku dituen BDP alderdia giltzarria izan daiteke lehen ministroak egin nahi dituen aldaketak onartzeko. Horretarako, baina, kurduen aurkako errepresioa bazter uztea exijitu dio alderdi kurduak.
Legebiltzarrera itzuli dira
Iragan asteburuan BDPko legebiltzarkideak Parlamentura itzuli ziren, eta karguaren zina egin zuten. Ekainetik boikota egin diote Legebiltzarrari, kurduek jasaten duten errepresioa salatzeko, eta «elkarrizketarako bideak irekitzeko helburuarekin». Boikota amaitu eta estrategia berriak jorratu behar dituztela erabaki dute, ordea. «Jarrera aldatu behar dugula uste dugu, eta gerraren aurrean bakea defendatu», adierazi zuen Demirtasek larunbatean.
«Arazoak elkarrizketaren bidez konpondu daitezkeela uste dugu oraindik», adierazi du Ahmet Turk BDPko legebiltzarkideak, eta gobernuak kurduekin komunikazio bide guztiak itxi dituela salatu du. Legebiltzarrera itzultzeko erabakiak azken hilabeteotan PKKren eta Turkiako armadaren artean gogortu den tentsioa arindu zezakeela adierazi zuten adituek. Baina atzoko atxiloketekin egoera berriz gaiztotu daitekeelakoan daude.
Martxoan hautsi zuen PKK-k su-etena, ekintzarik gabeko urte erdian Ankarak urratsik egin ez zuela argudiatuta. Hauteskundeen ostean negoziatzen hasteko eskatu zion Abdulah Ocallan PKK-ko buruzagiak Erdogani, eta hala egin ezean «gerra» hasiko zutela mehatxu egin zuen. Udan, hain justu, erasoak gogortu dituzte bi aldeek. PKK-k azken hilabeteotan 60 soldadu inguru hil ditu. Armadak aire erasoekin erantzun du, eta ehun ekintzailetik gora hil dituela iragarri du. Urriaren 8an Ocallan aske uzteko manifestaziora deitu dute, bestalde. PKK-k 1984an ekin zion borroka armatuari, eta orduz geroztik 35.000 hildako eragin ditu turkiarren eta kurduen arteko gatazkak.
Kurduek Ankarari ohartarazi diote atxilotu arren ez direla makurtuko
PKKrekin lotura izatea leporatuta, 130 lagun atxilotu ditu Turkiako Poliziak; tartean, BDP alderdi kurduko presidenteordeaKurduen aurkako errepresioa behin betiko amaitzeko eskatu dio BDPk Erdogani
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu