Ankara AEBekin akordio bat prestatzen ari da Sirian esku hartze militarra egiteko, aitzakiatzat kurduen auzia erabilita». Horixe da Baxar al-Assad presidentearen gertuko Al-Watan egunkaria Sirian zabaltzen ari den mezua. « Siria iparraldean bakarrik esku hartuko dute, bereziki Halabeko probintzian, han talde armatuen kontrolpeko eremu seguru bat sortzeko». Baina egunkariak gogorarazi du Turkiaren mehatxuaren aurrean Damasko ez dagoela bakarrik: «Ankarak ohartarazpen oso gogorrak jaso ditu azken orduetan. Siriako lurraldean eraso egiten badu erantzun gogorra jasoko du, eta Siriaren eta Iranen arteko defentsa akordioa aktibatuko du berehala».
Iran da Al-Assadek eskualdean duen aliatu nagusia; hala ere, Ankararekin harreman ona mantentzen ahalegindu da Teheran orain arte, bere programa nuklearraren inguruko auziaren ondorioz NATOko gainontzeko kideekin harremana gaiztotu arren. 1980an Iranen eta Iraken arteko zortzi urteko gerra hasi zenean estutu zuten harremana Damaskok eta Teheranek, haren alde egin baitzen Hafez Al-Assad presidenteak —Baxarren aitak—. Harrezkero defentsa arloko hainbat itun sinatu dituzte bi herrialdeek, 2006an eta 2008an azkenak.
PKK Kurdistango Langileriaren Alderdia gerrilla Siriaren menpeko Kurdistanen babesten ari dela argudiatuta Siriari eraso egitea egozten diote orain Ankarari. Azken asteetan kurduek euren lurrala kontrolatzea lortu dute, Siriako soldaduak kanpora bidalita, indarkeriarik erabili barik. Gainera, Siriako Kurdistango bi indar nagusiek —PYD Batasuna eta Demokrazia alderdiak eta Kurdistango Mendebaldeko Herria Parlamentuak— bat egin dute, Goi Batzorde Kurdia sortuz. Ankaren ustez, Al-Assadek ituna egin dute kurduekin, eta PKK babesten ari dira handik Turkiari eraso egiteko. Kurduek, baina, ukatu egin dute horrelakorik.
Azken bost hamarkadetan errepresio gogorra jasan dute kurduek Sirian assadtarren Baath alderdiaren agintepean. Areago, orain elkarri mehatxuka ari diren estatuek —Siriak, Iranek zein Turkiak— gogor ekin izan dute beti kurduen kontra, Saddam Husseinen Irakek legez. Ankarak bere mugen barruan zein kanpoan egiten ditu PKKren aurkako bonbardaketak, eta Iranek ere berdin egiten du 2004an PJAK Kurdistanen Aske Bizitzeko Alderdiak armak hartu zituenetik.
Jazarpena baino ez dute ezagutu kurduek banatuta dauzkaten lau estatuengandik: bi milioi inguru kurdu bizi dira Sirian, bost milioi inguru Iraken, 5,5 milioi inguru Iranen eta hamabost milioi inguru Turkian. Egun Iraken menpeko Kurdistanek bizi du egoerarik onena, Hussein agintetik kendu zutenetik gobernu autonomo kurdu batek agintzen baitu bertan (KRG), euren eskubideak bermatuz. Horixe da hain zuzen Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak saihestu nahi duena: Sirian ere kurduek autogobernua izatea.
Bi dira Erdoganen beldurrak: batetik, Iraken eta Sirian kurduek autogobernua izateak Turkiako kurduen autonomia eskaera are gehiago indartuko duela, eta bestetik, PKK-k babesleku bat aurki dezakeela Siriaren menpeko Kurdistanen —Ankararen begietan gauza bera dira PYD eta PKK—. Horregatik, Erdoganek gogor berba egin zuen joan den astean. Turkiarentzat mehatxu diren «talde terroristak» egonez gero, Siriako lurretan eraso egingo duela ohartarazi zuen.
Barzaniren garrantzia
Momentuz ez du erasorik egin, baina Siriarekin duen mugara eraman du armada, eta atzo maniobra militarrak egin zituzten 25 tankek mugatik bi kilometrotara. Cengiz Candar analista politiko turkiarrak, baina, porrota eta kontraesana ikusten ditu Erdoganen jarreraren atzean: «Turkiak aldi berean konpondu nahi ditu bere arazo kurdua eta Siriarena Massoud Barzaniren laguntzarekin. Ezinezko misioa da. Turkiako Estatua gezurretan ari zaio bai bere buruari eta baita iritzi publikoari ere».
KRG Iraken menpeko Kurdistan autonomoko presidentea da Barzani, eta azken egunetan agerian geratu da gainontzeko eskualde kurduentzat zein inguruko estatuentzat duen garrantzia. Siriako Kurdistango bi indar nagusiek, esaterako, bere bitartekaritzari esker sortu dute bloke bateratua. KRGarekin bilerak egin dituzte egunotan, SNC Siriako Kontseilu Nazionaleko buru Abdulbaset Siedarekin batera. Kurdua da Sieda ere, baina Siriako kurduek ez dute bat egin SNCrekin, Turkiak oposizioko erakundearengan duen eraginagatik.
Erdoganek kritikatu egin du Barzani Siriako kurduekin duen jarrera. KRGak Siriako kurdu «talde txiki bati» oinarrizko entrenamendu militarra eman izana aitortu du Barzanik, «Siriako erregimena erori ostean segurtasun barik gera ez daitezen». Egunotan, ordea, Irakeko Kurdistanen dago Ahmet Davutoglu Turkiako Atzerri ministroa. Barzanirekin bilera egitekoa zen atzo, baina ez dute informazio gehiago eman. Halere, harreman ona dute Barzanik eta Erdoganek: PKKren kontrako borrokan aliatuak dira —Ankarak sarri Irakeko Kurdistan bonbardatu arren— eta petrolio negozio handia dute eskuartean —kurduek Turkiaren bitartez nazioarteratzen dute euren erreserbetako petrolioa, Bagdaden haserrerako—.
Horra Candar analista politikoak aipatzen duen kontraesana: Orain Siriaren menpeko Kurdistango administrazioaren kontra agertu arren, hura kontsolidatuz gero Turkiako agintariek adierazi dute elkarrizketa abiatuko dutela hango gobernuarekin. Ankara urteetan egon zen Irak iparraldean erakunde kurdu bat sortzearen aurka, baina urte gutxian aldatu du harekiko estrategia, etsaia lagun bihurtuz.
Kurduen aitzakian
Turkiak eraso eginez gero Iranek defendatuko duela dio Damaskok. Kurduak zapaldu dituzten estatuentzat, kurduak izan daitezke erasorako aitzakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu