Munduko ipar hemisferioan udaberriarenekinozioa ospatzen den egunean ospatzen dute kurduek urte berria. Newroz jaia da euren egutegiko egun gogoangarriena, eta bazter, kale eta plaza guztietan egin dituzte aurten ere su txikiak. Duela hamar urte pentsaezina bazen ere, kurduera baliatu ahal izan dute afixetan; baina xehetasun horrek ez du esan nahi jazarpena amaitu denik. Diyarbakirren dozenaka lagun zauritu ziren manifestari eta polizien artean izandako liskarretan. Ehunka mila lagun elkartu ziren hirian urte berria ospatzeko, baina hiru mila poliziaz inguratuta egon ziren, eta gazteek gauzak botatzeari ekin ziotenean, poliziek negarra eragiteko gasa botatzeari ekin zioten. Poliziak 30 kurdu atxilotu zituen. Eta Diyarbakirren ez ezik beste hiritan ere borrokak izan ziren.
Xebat izeneko gazte bat su txikietan salto egiten aritu zen lagunekin, poliziak gerturatu arte: «Newroz askatasuna da, gure identitatea libreki bizi nahi dugu, autonomia demokratikoa eskatzen dugu. Gobernu honek ez du ezer egin gure alde, gure politikoak atxilotu besterik ez du egin». BDP Demokrazia eta Bakerako Alderdiko politikariez ari da gaztea. PKK Kurdistango Langileen Alderdiko kide izatea leporatuta 151 ekintzaile, tartean politikari ugari, epaitzen ari dira gaur egun Kurdistanen. Aysel Tuglukek badu horren berri. Turkiako Auzitegi Konstituzionalak politikan aritzeko eskubidea kendu dio, gerrillarekin lotura duelakoan. Tugluk egun beltzaren lekuko izan zen: «Basatiak izan dira, su armak baliatzea baino ez zaie falta izan; hainbeste urte, eta oraindik gure demokrazia eta askatasun aldarrikapenak ulertzeko ahaleginik ere ez dute egiten».
Ocalanen mezua
Abdulla Ocalanen mezua zabaltzeko baliatu dute aurtengo jaia kurduek. Imrali uharteko kartzelatik idatzitako mezuan, agintariekin negoziazioetan ari dela aitortu du buruzagiak, arreta «alde praktikoan» jartzen bada aurtengoa «irtenbidearen urtea» izan daitekeela zehaztuta. Horrela ez bada, urtearen bigarren partean «matxinadak» izango direla ohartarazi du Ocalanek.
PKK-k iragan astean hautsi zuen abuztuan iragarritako su-etena. 1984an ekin zion borroka armatuari taldeak, eta, orduz geroztik, 45.000 lagun hil dira.
Kurduen Urteberri beltza
'Newroz' jaiaren harira liskarrak izan dira Diyarbakirren; dozenaka lagun zauritu eta atxilotu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu