Herritarrek Erresuma Batuko koalizio gobernuari «esnatzeko deia» egin diotela adierazi du laboristen buru Ed Milibandek. Izan ere, udal hauteskundeetan atzera egin dute nabarmen agintean diren kontserbadoreek eta liberal-demokratek, oposizioko laboristen mesedetan. «Itzuli gara», esan die Milibandek herritarrei, eta bere alderdiak Erresuma Batuak «behar duen aldaketa» ekar dezakeela nabarmendu du.
Bozak 181 herritan egin dituzte, eta 5.000 zinegotzi aukeratu dituzte. Adituen hitzetan, gobernuak «zigorra» jaso du herritarren aldetik, tory-ek 400 zinegotzitik gora galdu baitituzte, eta liberal-demokratek, berriz, 330etik gora. Laboristek, aldiz, aurreko legealdian baino 700 zinegotzi gehiago lortu dituzte.
Kontserbadoreek garrantzia kendu nahi izan diete emaitzei, eta adierazi dute higatzearen erruz agintaldiaren erdian gobernuek normalean «gainbehera» jasaten dutela. Horrez gain, laboristen emaitzak ere hain onak ez direla izan adierazi dute kontserbadoreek. Atzerri ministro William Haguek esan du udal hauteskundeetako emaitzak ikusi ondoren ezin dela esan hiru urte barru egingo dituzten hauteskunde orokorrak laboristek irabaziko dituztenik.
Lehen ministroak, berriz, krisi ekonomikoaren eraginari bota dio porrotaren errua. «Garai zailak dira, eta erabakiak ez dira errazak», azaldu du Cameronek. Udal hauteskundeetan emaitza kaskarrak lortuta ere hasitako lanarekin jarraitzeko asmoa dutela iragarri du. «Oinordetzan jaso dugun zorrari eta apurtutako ekonomiari aurre egiteko erabaki zailak hartzea da gure egitekoa».
Liberal-demokratak izan dira zalantzarik gabe kaltetuenak hauteskundeetan. 3.000 zinegotzi baino gutxiago lortu baitituzte, 1998an alderdia sortu zutenetik udal hauteskunde batzuetan eskuratutako emaitzarik txarrenak, hain justu. Tory-ekin 2010eko hauteskunde orokorren ostean eginiko koalizioari egotzi diote analistek gainbehera hori. Izan ere, Cameronek aitortu bezala, «etsai» izan dira urteetan bi alderdiak, eta liberal-demokraten jarraitzaile askok ez zuten ulertu gobernua eratzeko orduan laboristekin elkartu ordez tory-ak babestu izana. Hori horrela, duela bi urte koalizio gobernua eratu zutenetik alderdia babesa galtzen joan da etengabe.
Koalizioko bi alderdiek bat egitearen arriskua nabarmendu dute. Liberal-demokraten alderdiko presidente Tim Farronek esan du gobernua zigortu nahi zutenek aukera bakarra zutela: liberal-demokraten aurka bozkatzea. Gari Streeter kontserbadoreak, berriz, «koalizio efektuaz» ohartarazi die alderdikideei, eta Cameroni politika tradizionalagoetara itzultzeko eskatu dio. II. Mundu Gerra garaitik Erresuma Batuko lehen koalizio gobernua da liberal-demokratena eta kontserbadoreena.
Indarrak neurtzen
Udal hauteskundeak izan arren, Cameron lehen ministroa agintaldiaren erdibidean egonda, nazio mailan alderdi bakoitzak duen indarra neurtzeko baliatu dute bozketa, hiru urte barru zer gerta daitekeen aurreikusteko. Herritarren %38k babestu dute Miliband buru duen Alderdi Laborista —hiru puntuko igoera—, %31k lehen ministroaren alderdi kontserbadorearen alde egin dute —lau puntuko jaitsiera—, eta Cleggen liberal-demokratek %16ko babesa eskuratu dute. Azken hauteskunde orokorretan ere emaitza bera lortu zuten, baina zinegotzi ugari galdu dituzte.
2010eko bozetako porrotaren ostean, laboristak berriz ere botereari begira jarri dira. «Herritarren konfiantza berreskuratzen ari gara», esan du Milibandek. Dena den, gaineratu du oraindik egiteko lan asko dutela.
Bestalde, parte hartzea asko jaitsi da. 2000. urteaz geroztik parte hartzerik txikiena izan zen atzo: %32koa.
Londresen izan dute lehiarik estuena laboristek eta kontserbadoreek. Bart ziren azken emaitzak ematekoak, baina litekeena da egungo alkate kontserbadoreak, Boris Johnsonek, hiru punturen aldea aterako dio laboristen hautagai Ken Livingstoni.
Laboristei egin die mesede gobernuaren gainbeherak
Krisi ekonomikoari eta agintearen higatzeari egotzi diote porrota gobernu koalizioko liberal-demokratek eta 'tory'-ekMilibandek «konfiantza berreskuratzen» ari direla dio; parte hartzea %32koa izan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu