MUNDUA

Lagun bat hil da AEBek Yemenen duten enbaxadaren ondoan

Egipton Poliziaren eta manifestarien arteko liskarren ondorioz, 70 lagun zauritu dira. Bart gauean hasi ziren tirabirak, Poliziak islama kritikatzen duen bideo estatubatuar baten kontrako protesta desegin zuenean. Barack Obamak "justizia" egingo dela zin egin du Libiako atentatuaren ondoren; bi gerraontzi eta 'marineak' bidali ditu Libiara. 

2012ko irailaren 13a
18:51
Entzun

Tentsioa nabari da bart gauetik AEBek Egipton eta Yemenen dituen enbaxadaren aurrean, polizien eta manifestarien artean, eta Yemenen lagun bat hil da Sanan, bala zaurien ondorioz, hango medikuen iturriek arratsaldean esan dutenez. Beste hogeiren bat pertsona zaurituta daude, tiroak jasota.

Aurretik France Presse hedabideak zabaldu duenez, ehunka manifestari sartu dira AEBek Yemengo hiriburuan duten enbaxadan. Kalte materialak eragin dituzte enbaxadan, eta, azkenerako, Poliziak su armak eta negar gasa erabiliz sakabanatu ditu. Hamar lagun zauritu dira, gutxienez, liskarretan.

Kairon borrakaldiak etengabeak dira; manifestariek harriak jaurtiz egin dute Poliziaren aurka, eta Poliziak negar gasarekin erantzun du. Kairoko liskarren ondorioz, 70 lagun zauritu dira, gutxienez, Egiptoko Osasun Ministerioak adierazi duenez. 

Mena berri agentziaren arabera, Poliziak itxita dauzka AEBen enbaxadaren inguruko kaleak. AEBetan, Mahoma eta islama kritikatzen dituen bideo bat argitaratu dute, eta Poliziak hari erantzuteko protesta bat desegitearen ondoren sortu dira iskanbilak Egiptoko herritarren eta Poliziaren artean. Bederatzi lagun atxilotu dituzte. 

AEBetako gerraontziak eta 'marineak' Libiara

Bart Chris Stevens AEBen Libiako enbaxadorea hil dute, Washingtonek Libiako Bengazi hirian duen kontsulatuari erasota. Wanis Al-Xarf Libia ekialderako Barne ministrordeak azaldu du "lagun armatu batzuek" eraso diotela kontsuletxeari, eta Muammar Gaddafi koronel zenaren aldekoei egotzi die atentatuaren erantzukizuna. Fawzi Wanis Libiako Segurtasunaren Goi Batzordeko arduradunak, berriz, zehaztu du kontsuletxeko zaindariek egin zietela lehenengo tiro manifestariei, eta horrek egoera okertu zuela.

Barack Obama AEBetako presidenteak "justizia" egingo dela ziurtatu die herritarrei, presidentetzarako azaroko bozen kanpaina bete-betean, eta azaldu du Washingtonek eta Tripolik batera lan egingo dutela AEBetako diplomazialariei eraso egin dieten "hiltzaileak justiziaren aurrera eramateko".  Horretarako, bi gerraontzi eta 200 marine inguru bidali ditu Obamak Libiara. Gainera, indarra hartzen ari da atentatua aurretik pentsatuta zegoelako hipotesia, eta bideoaren ondotik sortutako tentsioa baliatu zutela AEBren aurkako erasoa egiteko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.