Lagunak orain arte

Mendebaldeko potentzia handiek negozio harreman estua izan dute Libiarekin, petrolioa dela eta. Hala ere, Gaddafiren erregimenari zigorrak jarriko dizkiola esan du EBk egungo liskarren karietara.

Jon Fernandez.
2011ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Lagun ugari zituen orain arte Muammar Gaddafi Libiako diktadoreak mendebaldean, negozio lagunak. Libiarrak Gaddafiren erregimena kanporatu nahian dabiltzan honetan ez AEBek ez EBk ez dute oraindik buruzagiaren kontrako jarrera irmorik erakutsi. Zuhurtasunez erantzutea erabaki dute, isunen eta zigorren berri tantaka emanez.

«Soseguz jokatzea» eskatu zuen asteartean Catherine Ashton EBko Atzerri Politikarako Goi Arduradunak. EBk Libiarekin esparru hitzarmenerako zituen negoziazioak eten dituela zioen geroago. Atzo, errepresioa etetea eskatu zion Gaddafiri, baina boterea uztea galdegin barik. Azkenean, zigorrak ezartzeko pausoak emango dituela esan du.Zuhurtasun horrek badu bere prezioa, eta ez da nolanahikoa.

Munduko petrolio ekoizle garrantzitsuenen zerrendan hirugarren postuan dago Libia. Mendebaldeko herrialdeekin abantailazko harremana izateko aukera eman dio horrek azken hamarkadan, eta 1969az geroztik indarrean den erregimena legitimatzeko ere balio izan du urre beltzak. Izan ere, AEBek eta EBk behin eta berriz itxi dituzte begiak Libiako giza eskubideen urraketen aurrean euren premiazko lehentasunen mesedetan: energia hornidura, migrazioaren kontrola, armen salmenta eta «terrorismoaren kontrako borroka».

Petrolioaren esportazioak osatzen du Libiako ekonomiako diru sarreren %95. Ekoizten duen petrolioaren %40 erosten dio Italiak, eta % 12 Alemaniak. Hala ere, ez da petrolioarena Gaddafiri lagunak egitea errazten dion negozio bakarra. Armen salerosketak ere kide leialak ekarri dizkio.

Bakea egiteko armak

«Gerra garaia armak saltzen dituzten enpresetan inbertitzeko garaia da», esaten dute Wall Streeten. Ez da kasualitatea, beraz,AEBek bere material militarraren %50,2 Ekialde Hurbileko herrialdeetara esportatzea. Negozio berean ari dira Errusia eta EB ere. Kameren aurrean Ekialde Hurbilean bakea eta demokrazia erein behar direla diotenek armaz hornitzen dituzte petrolio gehien duten herrialdeetako diktadoreak.

2010ean EADS Aire Defentsarako eta Espaziorako Europako Konpainiarekin armak erosteko kontratua sinatu zuen Libiak. 128 milioi euroko erosketa. Baina ez zen iazko arma erosketa bakarra izan: Erresuma Batuak negar egiteko gasak eta jendetza kontrolatzeko munizioa saldu zizkion eta Errusiarekin arma horniketarako 1.300 milioi euroko akordioa sinatu zuen. Bestalde, 2009an, Belgika hegoaldeko gobernu autonomikoak 6.9 milioi eurogatik saldu zizkion armak, eta urte berean, Espainiak saldu zituen armen %50 Irango eta Libiako gobernuek erosi zituen.

EBk Libiari armak saltzeko jarrita zeukan bahikuntza kentzea erabaki zuen 2004an, eta orduantxe hazi zen arma salmenta. Izan ere, Gaddafiren desmasiek behin baino sarriago zipriztindu dituzte Libiako mugez kanpoko lurraldeak, eta negozioetan kide izan arren zigorrak jarri behar izan dizkio mendebaldeak Tripoliri. 80ko hamarkadaren amaieran Alemanian, Eskozian eta Nigerren eginiko atentatuek bultzatu zitzuten, batez ere, nazioartekozigorrak.

Azken urteotan, aldiz, zigor eta isun gutxirekin bizi izan da Gaddafi. Gainera, Petrolioaren eta armen negozioa nahiko ez balitz, «terrorismoa» eta immigrazioa ere diru iturri bilakatu ditu. Batetik, AEBen kide sutsua izan da Al Kaedaren kontrako borrokan; bestetik, EBren atezaina izan da Afrika iparraldean. Joan den urrian, esaterako, migrazio-lankidetzarako hitzarmena sinatu zuen EBk Libiarekin. Akordio horri esker 50 milioi euro jasoko ditu 2013ra bitartean etorkinen jarioa ahalik eta gehien geratzearen ordainetan.

Afrika iparraldeko egungo liskarrek ekar dezaketen etorkin uholdearen beldur da orain EB. Milioi eta erdi pertsona hel daitezke Frontex mugen kontrolerako agentzia europarraren arabera. Hori horrela, EBko mediterraneoko herrialdeek immigrazio krisiari aurre egiteko «elkartasun funts berezia» eratzea eskatu dute.

Gaddafik boterea galtzen baduairean gera daitezke mendebaldeko herrialdeek harekin dituzten negozio asko. Erortzen ez bada, oraindik zehazteke dauden zigorrak jarriko dizkiola jakinarazi du EBk. Dena dela, aurreko urteetan bezala, mendebaldeko herrialde nagusien lehentasunen araberakoak izango dira Libiarekiko harreman berriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.