AEB

Laguntza militarra ukatuko die AEBetako Gobernuak 35 herrialderi

Nazioarteko Zigor Auzitegian estatubatuarrek immunitatea izateko akordioa ez dute izenpetu

Erredakzioa
2003ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak atzo iragarri zuenez, munduko 35 herrialderi laguntza militarra etengo die, Hagako NZA Nazioarteko Zigor Auzitegian gerra krimenengatik edo gizateriaren kontrakoengatik epaituak izan daitezkeen estatubatuarrei immunitatea onartzea ukatzeagatik. AEBetako Kongresuak uztailaren lehena jarri zuen epetzat immunitatea aitortzeko alde biko akordioak sinatzeko, baina hainbat estatuk muzin egin diete AEBen asmoei.

Etxe Zuriaren erabakiaren ondorioz, Gobernuak urriaren 1a arte emateko zituen 47,6 milioi dolar eman gabe geratuko dira. Diru hori laguntza militarrerako bideratzekotan zen.

Nazioarteko Zigor Auzitegia eratzeko akordioa sinatu zuten 90 estatuetatik 44k alde biko akordioak izenpetu dituzte AEBekin; beste zazpik, gutxienez, akordioa isilean sinatu dute. AEBetako legearen arabera, NATOko herrialdeei zein ere Washingtonen funtsezko aliatutzat joak direnei ezingo zaie laguntza militarra kendu, NZAn duten jarrera zeinahi dela ere. Hala, Argentina, Australia, Bahrain, Egipto, Filipinak, Hego Korea, Israel, Japonia, Jordania, Taiwan eta Zeelanda Berria laguntza erretiratzeko neurritik salbu egongo dira.

Washingtonen soldadu zein herritarrentzako immunitate akordioa sinatzeko deiari entzungor egin dioten 35 estatuak hauexek dira: Bulgaria, Estonia, Eslovakia, Eslovenia, Kroazia, Letonia, Lituania, Malta eta Serbia-Montenegro Europan; Afrika Erdiko Errepublika, Benin, Hegoafrika, Lesotho, Malawi, Mali, Namibia, Niger, Tanzania eta Zambia Afrikan; Antigua, Barbados, Belize, Brasil, Costa Rica, Dominikar Errepublika, Ekuador, Kolonbia, Paraguai, Peru, Saint Vicent eta Grenadinak, Trinidad eta Tobago, Uruguai eta Venezuela Ameriketan; eta Fidji eta Samoa Asian.

Etxe Zuriak eta AEBetako Estatu Departamentuak atzo azaldu zutenez, Washingtonekin immunitate akordioa sinatu duten baina oraindik berretsi ez duten estatuei ez diete etengo laguntza. Atzerri Ministerioko eledun Richard Boucherrek nabarmendu zuenez, Washington ez da izango «oso zorrotza» herrialde horiei sinarazteko tenorean: «Gure helburua ez da zurruna; zenbait herrialdek salbuespenak lortu ahal izango dituzte datozen aste edo hilabeteotan akordioa izenpetzen baldin badute».

AEBak NZAren aurkako porrokatuak dira, munduan duten nagusitasuna auzitan jartzeko erakundetzat baitute. Iazko udaz geroztik Washingtonek kanpaina handia du abian, ahalik eta herrialde gehienekin militar zein herritar estatubatuarrak ez estraditatzeko hitzarmenak erdiesteko; hori justifikatzeko, NZA sortzeko abiapuntu izan zen Erromako Estatutuaren 98. artikulua erabiltzen du. Estatu askok Etxe Zuriaren estrategia hori salatu dute, batik bat Europako Batasunean eta giza eskubideen aldeko taldeen barruan. Haien iritziz, George Bushen administrazioak izkin egin nahi die nazioarteko kontratu juridikoei.

Kolonbia, kaltetuena

Bogotako gobernuak Washingtonekin akordioa sinatzeari uko egiteak bost milioi dolarreko laguntza jasotzea galaraziko dio Kolonbiari. Hain zuzen ere, AEBen zigor ekonomikoek kalte handiena egingo dioten estatua da.

Nolanahi ere, atzo Bogotak nabarmendu zuen 1962an Washingtonekin izenpetu zuen hitzarmen bati esker estatubatuarrek NZAn immunitatea izateko exijentzia hein batean betetzen duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.