Turkiako fiskal nagusiak AKP legez kanpo uzteko erabilitako argudioak ukatu ditu Recep Tayyip Erdogan lehen ministroaren alderdiak, hau da, estatuko laizismoa urratzen duela ezeztatu du. Konstituzio Auzitegiaren aurrean alderdiaren ahozko defentsa egin dute Cemil Cicek lehen ministrordeak eta AKPren Legebiltzarreko taldeko bigarrenak, Bekir Bozdagek. AKP Justizia eta Garapenerako alderdiko eledun batzuen adierazpenak ez dira nahikoak defentsak aurrez bidalitako txostenaren arabera, Erdoganen alderdiak laizismoa urratu nahi duela frogatzeko. Ateak itxita egin zuten atzoko auzialdia, eta bi aldeen argudioak jaso ondoren Konstituzio Auzitegiak hurrengo asteetan erabakitzea espero da.
Abdurrahman Jalcinkaja fiskal nagusiak asteartean berretsi zuen sekulartasunaren kontra ari dela Erdoganen gobernua, eta Sharia lege islamikoa ezarri nahi duela estatuan. Martxoaren 14an abiatu zen prozesua Jalcinkajak Konstituzio Auzitegian AKP legez kanpo uztea galdegin ondoren. Fiskal nagusiaren borondatea bete dadin 11 epaileetatik zazpik gutxienez aldeko botoa eman behar dute. Legez kanporatzea erabakiko balute, krisi politikoa sortuko litzateke. Adituen arabera, AKP beste izen batekin aldatuko lukete kasu horretan buruzagiek, eta hauteskundeak deituko lituzkete horren ondoren.
Alderdiko 71 goi karguri bost urtetan politikan aritzea galaraztea eskatu du, era berean, fiskal nagusiak, Recep Tayyip Erdogan lehen ministroa eta Abdula Gul presidentea besteak beste. AKPk Legebiltzarrerako hauteskundeak nagusitasunez irabazi zituen joan den uztailean, botoen %46,7 eskuratu ondoren. Estatuak alderdiei ematen dien diru laguntza kentzea ebatzi dezakete epaileek legez kanpo utzi beharrean.
Jatorri islamdarra oinarrian
Auziak lege izaera eduki ordez, epaiketa ideologikoa dela salatu dute agintean dauden politikariek. Elite laikoak botoetan lor ezin dezakeen agintea auzitegien bidez lortu nahi duela aditzera eman dute. Politika tentsioen giroan nahastuta dago auzibidea. Asteon, erretiroa hartuta zeuden bi jeneral atxilotu dituzte Gobernuaren aurkako ustezko konplot batean zerikusia zutelakoan.
Islama ezartzeko egitasmorik ez duela berretsi du Justizia eta Garapenerako alderdiak, eta demokraziaren aldekoa eta jarrera europarrekoa dela. Dena den, alderdiko buruak islamista ohiak dira, eta sekulartasunaren aldekoek-militarrek horien barnean-ez dute sinesten aldatu direnik. Unibertsitatean musulmanen buruko zapia eramateko debekua kentzen ahalegintzea alderdiaren laizismoaren aurkako jarreraren isla da aurkarientzat.
Hain zuzen ere, Konstituzio Auzitegiak Gobernuaren nahia eragoztea aurrekari txarra da alderdiarentzat. Unibertsitatean musulmanen buruko zapia janzteko debekua berretsi zuten epaileek. Horrela, asteotan alderdia legez kanpo uzteko aukerak areagotu egin direla uste dute adituek.
Laizismoa urratzen duela ukatu du AKP Turkiako alderdiak
Turkiako Fiskal nagusiak Konstituzio Auzitegiari eskatu dio Gobernuko alderdia legez kanpo utz dezala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu