Italiako Lampedusa uhartean Frontex mugen kontrolerako Europako agentziaren misio bat hedatzeko eskatu die Europako Batzordeak 27 estatuei. Barne komisario Cecilia Malmstromek adierazi du hartu beharreko erabakietan «oreka» bilatu behar dela Italiari eman beharreko «laguntza tekniko eta finantzarioaren» eta Tunisiarekiko «elkartasunaren eta trantsizio demokratikoaren sostenguaren» artean. Iragan asteburutik 5.000 etorkin baino gehiago ailegatu dira Lampedusara Afrikako iparraldeko erreboltetatik ihesi. Tunisiakoak dira gehienak.
Italiak 100 milioi euroko laguntza eskatu dio Europako Batzordeari. Erakundeak, ordea, ez du zehaztu laguntza zenbaterainokoa izanen den, baina mugako zaintzarako eta iheslarien laguntzarako funtsetatik aterako duela adierazi du. Italiako lehen ministro Silvio Berlusconik Italiak egindako eskariak onartzea eskertu dio Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteari.
Egiptoko oldearen beldur
Lampedusa uhartea Italiak hegoaldera duen azken lurraldea da. Hurbilago dago Tunisiatik, Europatik baino. Europan sartu nahi duten etorkinak anitzetan saiatu ohi dira uharte horretara ailegatzen, baina azken egunotan batez ere Tunisiatik iritsitako migrazio oldea ezohikoa izan da. Uharteak hogei kilometro karratu ditu eta soilik 5.000 biztanle inguru bizi dira han; ez du 5.000 etorkin hartzeko baliabiderik, eta batzuk Siziliara eramaten hasi dira, baina uhartean daudenak egoera zailean daude. Asteburuaz geroztik ia ez da etorkinik ailegatu, baina Italiako agintariak beldur dira Egiptoko egoera ezegonkorraren ondorioz ez ote den fenomeno bera errepikatuko.
Lampedusa irlan esku hartzeko prest da Brusela
Uhartean Frontex mugak zaintzeko misioa hedatzeko eskatu die Europako Batzordeak 27 estatuei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu