"Itsasoa gorpuz beteta dago". Lampedusako alkate Giusi Nicolinik "tragedia izugarri" baten kontaketa egin du, erreskate taldeak Italiako uretan salbamendu lanetan jarraitzen duten bitartean. Dagoeneko 130 gorpu eraman dituzte Lampedusara, 150 etorkin "egoera onean" erreskatatu dituzte, batzuek hipotermia zantzuak izan arren, eta 200 baino gehiago "desagertuta" daude.
Itsasoan orduak zeramatzatela adierazi dute Eritrea eta Somaliako etorkinek, kostara iritsi ezinik, eta gauean su bat piztu zutela kostazainek ikusi ahal izateko. 500 bat etorkin zeramatzan itsasontziak su hartu zuen, jende askok uretara jauzi egin zuen, eta ontzia irauli egin zen. "Izugarria da hau. Gorpuz betetako ontziak etengabe ari dira porturatzen", esan du Lampedusako alkateak. "Ez hilak, ez bizirik daudenak, ez dakigu non sartu".
Bart gauean Lampedusara 463 etorkin zeramatzan beste itsasontzi bat iritsi zen. Uharteko harrera zentrora eraman dituzte, baina agintariek "gainezka" dagoela ohartarazi dute: 700 lagunentzako lekua dute, eta azken egunetan immigrante ugari iritsi dira Afrikako kostaldetik. Iragan irailaren 30ean, hain zuzen, 13 etorkin hil ziren Siziliako Scicli herri ondoan, kostatik 20 metrora ontziak hondoa jo ondoren.