Fukushimako zentrala hondamendi nuklearra izateko bidean da, eta, itxura guztien arabera, saihestezina izango da. Atzo Europako agintariek egoera "apokalikptikoa" zela esan zuten, eta gaur sei erreaktoreetatik lau leher daitezkeela jakinarazi dute, dituzten kalteen ondorioz. Erradiazioa etengabe ari da gora egiten eta hura neurtzeko sistema hondatu egin da, Japoniako Agentzia Nuklearrak jakinarazi duenez. Gobernuak, hala ere, esan du 20 kilometrotik harago erradiazioak ez duela osasunarentzat "berehalako arriskurik". 20 kilometrotik 30era dauden biztanleei etxean leihoak itxita gordetzeko aholkua eman die.
Gaur goizaldean zentral nuklearrean geratzen ziren azken langileek bertatik atera behar izan dute, erradiazio altuaren eraginez. Ordu batzuetara itzuli egin dira, ordea. Kyodo albiste agentziaren arabera, erradiazioa bigarren eta hirugarren erreaktoreetatik ari da zabaltzen, baina gaur laugarrenean sutea piztu dela ere gaineratu du.
Hozte sistemarik gabe daude erreaktoreak. Hori dela eta, helikopteroetatik ura botaz hozten saiatu dira, baina huts egin dute horretan. Hirugarren erreaktoretik laino toxiko bat atera delako susmoa dute zentraleko arduradunek, eta erradiazio isuria zenbatekoa izango den zehaztear dira, betiere erreaktoreak dituen kalteen arabera.
Hirugarren erreaktoreak kea zerion gaur goizaldean, eta Yukio Edano Japoniako Gobernuko bozeramaileak esan du egitura hondatuta izan dezakeela. Tokyo Electric Power enpresak laugarren erreaktorearen argazki bat ere egin du publiko, eta horretan hormetako bat erori egin dela ikus daiteke eta laugarren solairuan zortzi metroko diametroa duen zuloa dagoela. Gainera, lehen eta bigarren erreaktoretako erregai barrak hondatuta daudela esan dute zentraleko arduradunek. Orain arte arazorik eman ez duten erreaktoreak ere ez daude salbu, itzalita egon arren: bosgarrenean ur maila jaisten ari da, eta seigarrenean ere arazoak daude. Arazo guzti horien konponketan jarraitu ahal izateko, langileak jardun daitezken erradiazio maila igo egin du Japoniako Gobernuak, 250 milisiebertera, nahiz eta ez dakiten maila horretan aritzeak osasunean nola eragin dezaken.
Akihito Japoniako enperatzaileak "oso keztatuta" dagoela esan du. Ez da batere ohikoa enperatzaileak jendeaurrera agertzea, baina gaur Fukushiman gertatzen ari denak ez duela aurrekaririk eta ezin zitekeela sahiestu esatera atera da. Herritarrei lasaitasuna eskatu die.
Garoñaren "azterketa sakona"
Japoniako hondamendiak alarma guztiak piztu dira, eta Europan Angela Merkelen zuhurtzia jarraituz, Espainiako Gobernuak adierazi du zentral nuklear guztien azterketa sakona egingo duela (tartean, Garoña dago). Horrekin batera lurrikara eta uholde arrisku txostena ere egingo duela. Miguel Sebastian Industria ministroak egin du iragarpena Gaspar Llamazares IUko parlamentariaren galdera bat erantzunez. Llamazaresek ezer ez egitea leporatu dio Gobernuari, "Europa osoan neurriak hartzen ari diren momentuan".
Txina ere neurriak hartzen
Txinako Gobernuak jakinarazi du herrialdeko zentral nuklear guztien egoera aztertu egingo duela eta, oraingoz, ez duela berririk egingo.